Gorka Urtaranek azaldu zuen moduan, bere osotasunean onartu behar dira horiek, “Gasteizko Udalak duen munta handiko arazo ekonomikoari aurre egiteko”. Udal teknikarien kalkuluen arabera, 68,1 milioi euroren premia dago. Horrela, Urtaranek aurten 53,6 milioi euroren desfaseari aurre egin behar zaiola azaldu zuen, eta gainerako 14,5 milioiak 2016-2019 aldian hainbanatuko direla.
Atzo goizean ospatu zen bileran, alkateak azaldu zuen “irailaren 15eko datuekin, ekitaldi honetako aurrekontu-eskasia 68.128.636,5 eurokoa dela, nahiz eta argitu duen kopuru hori ez dela argazki finkoa, baizik eta gorabeherak dituela, aurrekontuak gauzatzen joan ahala”. Horrela Urtarenek desfase horri aurre egiteko bederatzi neurri aurkeztu zizkien talde politikoei.
Bederatzi neurrien artean hauek daude: Gure Etxea higiezina AMVISAri saltzetik etorriko diren 5,5 milioi euroko diru-sarrerak, GILSAren borondatezko erreserbak murriztetik etorriko diren 3,99 milioi euroak, 21 Zabalguneak Udalaren cash pool-a itzultzeko eskatuko duen 16,25 milioieuroko mailegua, soberakinak dituzten aurrekontu-partidetatik bilduko diren 4,73 milioi euroak, udalbatzak baimendu ondoren aurrekontuetan jasotakoaren gaineko gehikuntzak izan dituzten partidak erabiltzea -4,46 milioi euro-, eta urte bukaerako kreditu-gaitzea, aurreikusitakoak baino diru-sarrera gehiago jasotzearen ondorioz -5,65 milioi-. Beste bi neurri gehitu behar zaizkie horiei: ohiko gastua ordaintzeko bi mailegu eskatzea, bata 6 milioikoa, irailean, hurrengo lau urteetan itzuli beharko dena, eta bestea 7 milioikoa, abenduan, hurrengo ekitaldietan ordaintzeko saneamendu-plan bat eskatuko duena. Kopuru horiek guztiak batuz 53,6 milioi ateratzen dira, 2015eko premiei aurre egiteko beharko dena.
Gainerako 14,5 milioiak aurrekontu-eskasiei aurre egiteko konpromiso-kredituen bitartez estaliko dira, horiek zatikatzerik baitago, hala nola San Martineko udal bulegoei dagokien BEZaren ordainketa.
Egun batzuk izango dituzte orain udal taldeek beren zalantzak azaltzeko, eta datorren astelehenean, hilak 28, izango den beste bilera batean argituko dira horiek.