Berandutxo zabiltzala jakitun, azkar ibili nahi izan duzu bulegoan, bertan paperak aurkeztu eta ordaintzeko orduan, tailerren aldera joan aurretik. Siriako errefuxiatuen gaia komentatzen ari dira bulegariak ozen samar. Zure ondoan dauden bi pertsonek ere berretsi dute bulegarien artean nagusitzen hasia den aburua: ez da ulergarria gobernuak errefuxiatuei lagundu nahi izatea hemengo jende asko langabe dagoen bitartean. "Lehenbizi, gu; eta gero, laguntzeko aukerarik baldin badago, kanpokoak".
Saminaren eta suminaren arteko sentsazioa eragin dizu bulegoan ikusitakoak. Ondoren, tailerrean sartu eta mekanikariak esan dizun lehen esaldia sastako moduko bat izan da: "Mesedez, mugitu autoa errefuxiatuak Euskadira heldu baino lehen". Mihia lodituta eta barrena aztoratuta egin dituzu ondoko minutu luzeak, azterketa amaitu arte. Jundizetik abiatzean, zeure egonezinari baltsamo pixka bat emate aldera segur aski, proposamen berri bat bururatu zaizu: pertsonon iritzi motelek eta jokamolde soraioek ere iteubea pasatu beharra eskatzea. Legez.
Egilea: Edu Zelaieta. Arabako ALEA