Latexeko eskularru horian gordetako eskua zulotik sartu eta denbora batez ontziaren barnekoak astindu ostean, plastikozko krabelinez eta garo aleaz eginiko lore sorta atera zuen, ingurua arakatu zuen, begiratu ninduen eta buruko keinu batez gerturatzeko gonbita egin zidan. Ni hurbildu nintzen eta berak sasi lore haiek garbitu ondoren, altxorrik preziatuena izango balira bezala eskaini zizkidan irribarre hunkigarriz hornituta.
Eskailera, eskularruak, belaki xaboiduna eta galdara hartuta ateratzen zen emakume hura etxetik goizero arkeologo baten antzera pasioz beterik, gure garaiko hondakinen "mendi sakratuak" eskainiko zion aurkikuntza nolakoa izango zen jakiteko grinaz. Gauza bakar bat egun bakoitzeko: panpina burugabea, gurpilak falta dituen kamioia, oskolez egindako kutxatxoa, oihal zati bat, guardasol baten ziri umezurtz apurtuak…
Munduko samurtasun guztia bere eskuetan, begietan eta ezpainetan biltzen zituenez, objektu eder eta errepika ezina bilakatzen zuen edozer. Ez zuen berarentzako ezer gordetzen. Inguruan suertatzen zen begirada garbidun edonori egiten zion esperantzaz estalitako dohaintza paregabea Sevillako sazerdotesa hark.
Egilea: Itziar Rekalde. Arabako ALEA