Carmen Perez de Albeniz, artzain ohia: “Neguak pasatzera, Arabatik Gipuzkoara joaten ginen lehen”

hirinet 2015ko ira. 25a, 02:00

Hamar urte zituenetik artzain aritu da Arabako Lautadan Carmen Perez de Albeniz (Gabiria –Gipuzkoa– 1945); "Gauzak asko aldatu dira" negu gorrietan ardiak mendiko etxoletan eskuz jezten zituen garaitik.

Zortzi aste baino ez zituen gurasoek lehen aldiz Arabako Munaineko tontorrera igo zutenean, bertako etxolan ardiak jezteko. Ordutik bizitza transhumantea egin zuen Carmen Perez de Albeniz artzain arabarrak, semeak eskolara joan behar izan ziren arte. "Udaberriak Legaireko zelaietan edo Munaineko tontorrean  pasatzen genituen, mendiko txaboletan, eta neguan, aldiz, Gipuzkoako larreetara joaten ginen; etxea Agurainen genuen, baina zapaldu ere ez genuen egiten". Puerto de Munain izeneko bere gaztekin "lehiaketa guztiak" irabazi dituelako harro, igandean omenaldia egingo diote berari eta beste bi artzaini Amurrioko Artzain egunean, ofizioari eskainitako bizitza oso bat aitortzeko.   

 

Duela bost urte erretiratu zinen. Otsoaren beldur zara oraindik?

Ez diot inoiz otsoari beldurrik izan, hemen inguruan ez delako otsorik egon. Tira, bat bota zuten Entziako mendatera duela hogeita bost urte...

 

Nork bota zuen?

Hori da jakin beharko genukeena! Edonola ere, Entziako mendate inguruko artzainok ganadu guztia menditik herrira jaitsi ohi genuen neguan eta, beraz, otsoa esku hutsik geratzen zen. Urbasara joan zen orduan, eta han eraso asko egin zituen. Bertako abeltzainek uxaldiak antolatzen zituztenean, laguntzera joan ohi ziren Agurain inguruko herritarrak. Bizpahiru urte ondoren akabatu zuten. Hala ere, gero berriro saiatu dira hona otsoa ekartzen...

 

Ez dirudi otsoa berreskuratzeko ahaleginekin oso konforme zaudenik…

Ez dut ulertzen zergatik tematzen diren. Otsoa egon izan den tokietan, otsozuloak egon ohi dira, baina Entzian eta Urbasan ez dago halakorik. Egon izan zen otso bat, nire aita gaztea zenean: zepo bat jarri zioten eta tranpan erori zen, baina hiru hanketan ihes egitea lortu zuen. Hori da entzun dudan istorio bakarra.

 

Zer beste ‘otsori’ egin diozu aurre artzain bezala?

Txakurrei. Ez txakur basatiei, baizik eta ehiztari, mendizale eta igandezaleen txakurrei.

 

Zer dela eta?

Koska egiten diete ardiei, hiltzeraino batzutan. Dataren arabera, abortatu egiten dute ere. Otsoak baino, txakurrak izan dira beldurgarri niretzat.

 

Zaila da artzain batek  duen ardi kopurua aitortzea, baina zuk zenbat izan dituzu?

Laurehun eta hogei, gehienez...

 

Ardien artean kutunik izaten al zenuen?

Hori beti! Senarrak, semeak eta hirurok eskuz jezten genituenean, gutako bakoitzak gure gogokoenak erasten genituen.

 

Noiz jarri zinen lehen aldiz artalde baten buruan?

Hamar urte nituenean.

 

Nola gogoratzen duzu?

Oso gaizki. Esperientzia txarra izan zen.

 

Ez zenuen nahi, ala?

Ez, ez da hori. Agurainetik ateratzeko desiratzen nengoen! Garai hartan, neguan ez genituen ardiak hemengo zelaietara ateratzen, elurragatik bazkatzeko zelairik ez zegoelako. Hartara, Arabatik Gipuzkoara joaten ginen neguro, baserritarrek ehun pezeta eta bildots baten truke-edo alokatzen zizkiguten zelaietara. Gipuzkoara joateko bezperatan, ardiak Zalduondoko mendian gora bota eta Agurainera itzultzen ginen lotara, abereek gauez Gipuzkoarako bidea har zezaten, bazekitelako bere kabuz San Adriango larreetaraino igotzen, Aizkorrin. Behin, nik hamar urte nituela, aitak mutiko bat hartu zuen artzain zereginetan laguntzeko, baina gaizki pasa zuen hark Agurainetik Zalduondora bidean, eta ez zuen jarraitu nahi izan.

 

Eta zuri egokitu zitzaizun lana orduan?

Hala da. Aitak behor beltza hartu zuen eta nik kanela-kolorekoa. San Adrianera igo, eta sekulako elurtea bota zuen; ardiak ezin ziren bestaldera pasa. Han aritu ginen, egun osoan lan eta lan. Negar egiteko aukerarik ere ez nuen izan, ardiek ihes egiten zidatelako.

 

Nola konpondu zenuten hura?

Lautadatik Gipuzkoara joaten ginenean, Zegamako baserri batean pasatzen genuen gaua. Artaldea handik ikustean, baserritarra herritik mendira igo zen laguntzera. Ondoren, Zegama atzean utzi eta, Segura eta Zerain pasata, Ezkio-Itsasoraino iritsi ginen. Han egoten ginen neguan. Berrogeita zortzi urtez joan zen nire aita baserri berera.

 

Gipuzkoarrekin euskaraz aritzen zineten?

Nire ama euskalduna zen, eta txikitan euskaraz egin zidan. Gauza da batzutan, neguan, Itsaso-Alegiko eskolara joaten nintzela, eta bertan, mila aldiz behartu ninduten idaztera: “Ez duzu inoiz gehiago euskaraz hitz egingo”. Eta ez nuen egin. Gero, baserritarrek euskaraz egiten zidatenean, gazteleraz erantzuten nien eta "belarrimotza" deitzen zidaten, kar kar. Orain ez dakit euskaraz; senarrak, ordea, bai. Gipuzkoatik Arabara etorri zen lanera oso gaztetan, baina hari gazteleraz baino ez egiteko agindu ziguten, ikas zezan. 

 

Noiz utzi zenioten Gipuzkoara joateari?

Semeak bizpahiru urte bete zituen arte joan ginen Gipuzkoara, eta baita Andoinera eta Larraonara, Nafarroan. Gero asko aldatu zen bizitza. Munainen etxea erosi genuen 70. hamarkadan, eta bertan geratu ginen, umeak eskolara eramatea derrigorrezko izaten hasi zelako.

 

Artzaina eta emakumea. Zaila?

Ez! Artzain emakume asko eta asko egon dira. Nik ez diot gizon bati ere inbidiarik izan.

 

Nola izan zen ama eta artzaina izatea?

Nirekin eramaten nituen umeak edonora. Mendiko etxoletan, nire ohera ekarri behar izaten nituen, hotzez negarrez zeudelako.

 

Gero jezte-makina erosi zenuten…

Bai. Asko aldatu zen dena.

 

Nola aldatu da artzain ofizioa?

Gero eta artzain gutxiago igotzen da mendira ardiak jeztera, gehienek jezte-makinak dituztelako herrian; hortaz, herri ondoko zelaietan bazkatzen dute abereek. Erditu ez dutenak baino ez dira mendira igotzen, ez zaielako jetzi behar.

 

Abereak elikatzeko modua ere aldatu da?

Zerbait kontatuko dizut: gaztea nintzenean, Bizkaian erosten genituen ardiak udaberriro, nire aitak ez zuelako bildots-emerik. Bada: ez zekiten askatik alea jaten, zelaira zeudelako ohituak.

 

Eta ofizioaz gain… nola aldatu da bizitza Arabako Lautadan?

Legairen hogei artzain elkartzen ginen lehen, mendian ibili ohi ginenak. Orain, hiru baino ez dira igotzen. Gazte gutxi dago ofizioan: Galarretakoa eta nire semea izango dira gazteenetakoak, eta 50 urte dituzte; Araiakoak ere gazteak dira, 40 urtetik gorakoak nolanahi ere.  Aldundiak gazteei lagundu beharko lieke, baina ez diezaiela esku batekin eman eta lau eskurekin kendu. Bestela, joan daitezke Arantzazuko artzain eskolara, baina ez badute baliabiderik edo familiako artalderik… Oso artzain eta abeltzain gutxi daude gaur egun, eta dauden asko "mistoak" dira: fabrikan lan egin ondoren, abeltzain direnak. Horiek dira kalte gehien egin digutena, abereetatik bizi garenok bezainbeste eskubide dituztelako mendatean.

 

Zer eskatuko zenieke instituzioei?

Entziako mendateko itxituretako asko irekitzeko. Batzuetan, basurdeak ere ez dira pasatzen, hain daude zikin. Pagoak hazteko eta abar itxi zituzten… baina beitu, hemen ahuntzak kendu zizkiguten, haien esanetan zuhaitzak jaten zituztelako, eta orain orkatzak botatzea okurritu zaie, lehen ahuntzek jaten zituzten sasiak jan ditzaten. Honezkero, ordea, ezin dira mendiak zeharkatu. Beste zerbait eskatuko nieke ere:  mendiko egurra banatzen dutenean, kamioien joan-etorria ordenatu dezaten, egun zehatz batzuetan zuhaitzak bota eta beste batzuetan egurra ateratzeko. Bestela, hainbeste kamioi eta motozerrek kalte handiak egiten dituzte mendian. Dena apurtzen dute. Gero, itxitura bat egiten dute, ezertarako balio ez duena: ez zuhaitzentzat, ez abereentzat ere.

 

Abeltzainei gehiago galdetu beharko litzaizukeela iruditzen zaizu?

Noski, eta haiek bizi dezatela esperientzia. Eskerrak otsoa bota nahi zigun jauntxo horrek alde egin zuen.

 

 

Egilea: Itsaso Estarrona. Arabako ALEA

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago