'Punt i a part', independentzia Kataluniako hautestontzian

hirinet 2015ko ira. 25a, 02:00

Independentziari buruz erabakitzeko izan daitekeen bide bakarrenetakoari helduta, hauteskundeak dituzte igandean Katalunian; Araban bizi diren Kataluniako hainbat lagunekin eta han diren arabarrekin hitz egin du alea-k.

Datorren igandetik aurrera ezer ez da berdin izango. Norabide batean edo bestean egin, hilaren 27ko Kataluniako hauteskundeak "mugarri" izango direla  uste dute alea-rekin hitz egin duten katalan eta arabarrek. Egindako apustua handia da, indepentziaren aldeko eta kontrako indarrak zenbatuko dituztelako mundu guztiaren begiradapean.

 

Momentu "historikoa" da hau Cira Cresporentzat (Bartzelona, 1980), igandetik aurrera zer gertatuko den ez dakien arren. "Uste dut inork ez duela argi, bide berri bat delako, modu honetan inork egin ez duena, baina oso argi dut mugarria izango dela Espainia eta Kataluniaren arteko harremanetan". Sei urte daramatza Gasteizen Crespok, eta Kataluniako prozesua urrundik jarraitu duen arren, "gertutik" bizi duela dio: "Orain arte distantzia batekin jarraitu dut, baina egia da orain urduri nagoela, serio doalako hau". Haren gertukoak ere "momentu historikoa" bizitzen ari direla kontziente direla aipatu du, sentsibilitate poilitiko askotarikoak tartean, eta euren artean ere "talkak" eta "urduritasunak" sortu direla. Egoera honek gizartean eragin duen ustezko "zatiketaren" aurrean, herritarren eguneroko harremanetan halakorik ez dela uste du Crespok, baina bai, ordea, sektore batzuk beste batzuk baino "haserreago" eta "deserosoago" daudela. "Eta ulertzekoa da. Statu quo-arekin kritiko izan garenok hainbat urtez sentitu gara deseroso; badirudi deserosotasuna aldez aldatu dela". Etxean bertan, amarekin ez du politikaz hitz egiten, hura ere "haserre" dagoelako hauteskunde hauekin.

 

Cresporen ustez, "aldaketarako  motorea" izango dira hauteskunde hauek. "Mundu guztia oso kontziente da Pandora kutxa bat ireki dela  eta aukera bat dela, ez bakarrik katalanentzat baizik estatuko beste herri batzuentzat". Euskal Herriko prozesuarekin alderatuta, beste ezaugarri batzuk eta beste "zama" bat dauka bertakoak, baina baliagarri izango da Kataluniak hartutako bidea. "Hauteskunde hauek interesgarriak iruditzen zaizkit aukera emango dutelako bisibilizatzeko zeintzuk diren desobedientziaren aukera errealak, noraino hel gaitezkeen eta nola alda daitezkeen gauzak". Identitate katalanaz haragoko afera dela uste du, estatuaren herri antolaketari buruzkoa ere bada, eta beraz Katalunia eta Euskal Herriarentzako "aukerak" parez pare joango direla.

 

Igandean izan daitezkeen ezustekoak ezusteko, ondoren ere "zuhur" jokatu behar dela uste du. "Dena den, sentsazioa dut estatuan ez direla oraindik enteratu noraino irits daitekeen hau".

 

Francesc Riera Isernek (Balsareny, 1955) ere Arabatik jarraituko ditu hauteskundeak, Maurgatik, "indarrez" eta "ikusmiraz". Haren ustez, ezin daiteke esan gizartean "zatiketa" dagoenik. "Zatiketaz hitz egitea erasoen beste parte bat da, orain joango diren enpresen inguruan hitz egiten dute, edota erretirorik gabe zeinen gaizki biziko garen errepikatzen dute, leku guztietatik botako gaituztela...". Haren arabera,  ez dago liskarrik hauteskundeen inguruan eta "zatiketaz" ari direnek ez dute Katalunia ezagutzen edo "benetako zatiketa" egitearen aldekoak dira: "Hain zuzen, prozesu honek duen ezaugarrietako bat eta gehien zaindu denetako bat integratzailea dela da".

 

Azken asteetan Convergenciaren kontra agertutako ustezko iruzur aferen inguruan, bestalde, hauteskundeetan pisurik izango ez dutela uste du: "Jakina badakigula %3arena egin dela eta iruzur kasuak izan direla, ez gara leloak, bertan bizi gara... baina zeinek esango digu ustelkeria dagoela? Politikari ustel kuadrilla batek? Euren hatzaparretatik ihes egin nahi dugunean?". Rieraren ustez, euskal herritarrek badute zer ikasi Kataluniako prozesuaz, "bata eta bestea alderatu ezin daitezkeen arren". "Batak eta besteak ikasi behar dute euren prozesua izan dezaketela herritarrek hala nahi badute; uste baino herrialde gehiago independizatu dira Europan XX. mende hasieratik, bakoitza bere eredu eta momentuan".

 

 

Herritarrak protagonista

Azken urteetan Bartzelonan bizi izan den Deme Martinek (Gasteiz, 1965) ere "herritarrak" protagonista izatearen garrantzia nabarmendu du. "Eta horretan alde nabaria dago Euskal Herriarekin, han prozesuak zama politiko gehiegizkoa duelako; Kataluniak hori gainditu duela uste dut, herritarren mugimendua bilakatu da...ideologia politikoez haragoko mugimendua da". Haren ustez, ideologia askotariko lagunek egin dute bat prozesuan, klase sozial eta adin askotariko jendea. "Eta horren erakusle izan zen irailaren 11ko Diada, pankarta edo irudi politikorik gabeko olatu erraldoia". Halaber, Euskal Herriaren aldetik prozesuarekiko "inplikazio gehiago" faltan bota duela nabarmendu du Martinek: "Uste dut babes gehiago, zarata gehiago faltan bota dutela katalanek eurek ere".

 

Oier Azkarragaren (Zuia, 1990) ustez ere "kalea" da Kataluniako prozesuaren protagonista nagusia eta herritarrek bultzatuta egin du aurrera. "Convergenciak pauso hori eman baldin badu ez da benetan horretan sinisten duelako, beste aukerarik ez duelako baizik, herri mugimenduak bultzatu duelako aukera hori hartzera". Ikasketek bultzatuta, Bartzelonatik bertatik jarraitzen ari da hauteskundeak Azkarraga, CUP babesten duten mugimenduetatik gertu eta aurreko batzuetan baino "apalago" nabaritu du giroa. "Konprometitutako jendearen artean gaia inportantea da, baina kalean giroa inoiz baino apalagoa ikusten dut, inoiz baino bandera gutxiago...". Kanpainako hainbat ekitalditan izan da, eta prozesuarekin bat egiten duten herritarrak uste baino "gutxiago" direla uste du: "Hiru milioi herritarreko hiri batean hiru mila lagun bildu ginen igandean, eta hori Euskal Herrian ez litzateke jendetza; prozesuarekiko eta independentziarekiko engaiatuta dagoen jendea ez dela hainbestekoa iruditzen zait". Une batzuetan jendetza biltzeko gaitasuna izan arren, kalean hainbesteko indarrik ez dela nabari dio.

 

Bestalde, Convergenciaren kontrako ustelkeria salaketek kanpainan izan duten "oihartzun eskasak" harritu duela aitortu du Azkarragak: "Ezkutatu dutela iruditzen zait, baita ezkerreko mugimendutik ere; uste nuen erabil zezaketela, baina nahiago izan dute tapatu".

 

Iritzi berekoa da Marta Mediavilla ere (Gasteiz, 1986), ustelkeria kasuak hasieran eztabaidarako gai izan zituzten arren, "arin" igaro baitira: "Politikaren inguruko beste iruzur askorekin gertatu den bezala, honetan ere gizarteak beste leku batera begiratu duela ematen du". Bartzelona du lantoki azken urtean Mediavillak eta bertatik bertara jarraitu du hauteskunde kanpaina ere, herritarren artean dagoen "nolabaiteko zatiketa" horren lekuko: "Hemen bizi naizenetik eta independentziaren aldarrikapen aktiboa hasi denetik somatzen dut halako zatiketa bat; badirudi alde batean edo bestean posizionatzeko beharra dagoela". Eguneroko eztabaidagai da harentzat lantokian, bai lankide eta lagunen artean, aurrekoetan bizi izan zuen moduan. "Zalantzaz beteriko giroa somatzen da egun hauetan, ikuspuntu politiko ezberdin ugaritako eztabaidekin". Ezinbestean, "herritarrek" izan duten protagonismoa ere nabarmendu du: "Izugarria da herritarren mobilizazioagatik eta egin den zabalkunde mediatikoagatik Kataluniak lortu duen ahotsa; edozein aldarrikapen sozialerako ere baliagarri da hori". Katalunia zein Arabatik, norabidea argitzeko zain dira denak.

 

Egilea: Anakoz Amenabar. Arabako ALEA

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago