500 ikaslek Autorik gabeko egunaren bizikleta martxan parte hartu dute

hirinet 2015ko ira. 22a, 02:00

Mugikortasun aktibo eta autonomoaren aldeko konpromiso sendoa erakutsi dute gaur goizean Gasteizko 16 ikastetxetako 50 bat neska-mutilek, Udalak eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak antolatu duten bizikleta-ibilaldian parte hartuz.

 

Arabako hiriburuaren erdialdea gurutzatu du ibilaldiak, Autorik gabeko Mundu Egunean, 2015eko Mugikortasunaren Astearen baitan. Ikasturtean zehar 21 Eskola Agendan parte hartzen duten ikastetxeetako ikasleekin batera, ikastetxera joan-etorriak egiteko egunero bizikleta erabiltzen duten ikasle horiekin batera egin dute ibilaldia Gorka Urtaran alkateak, hainbat udal ordezkarik eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkariek.

Florida parkeko kioskoaren ondotik abiatu da ibilaldia goizeko 10:00etan, eta hainbat kaletan barrena joan da: Senda ibilbidea, Korazonisten kalea, Nieves Cano kalea, Herrandarren kalea, Olagibel kalea, Judimendi hiribidea, Arana kalea, Bueno Monreal kalea, Antepara kalea, Jesusen Zerbitzarien Fundatzailearen kalea, Zerkabarren kalea, Diputazio kalea eta Andre Maria Zuriaren plaza, eta Plaza Berrian amaitu da. Ikastetxeetan mugikortasun motorizatuaren inpaktu ekonomikoei, sozialei eta ingurumenaren eta lurraldearen gainekoei buruzko gogoeta kolektiboa bultzatuko dutela agindu dute ikasle horiek.

Guztira, 16 izan dira ekimenean parte hartu duten ikastetxeak: San Martin LHI, Presentación de María, Eskolapioak, Inmaculada, Nazareth, Niño Jesús, Sagrado Corazón Carmelitas, San Prudencio, San Viator, Urkide, Virgen Niña, Francisco de Vitoria BHI, Miguel de Unamuno BHI, IPI Samaniego, Olabide Ikastola eta Egibide Institutua.

 

Mugikortasunaren Astea

Jarduera hau Mugikortasunaren Astearen baitan egin da eta datorren larunbatera bitartean, hainbat dira antolatu diren ekintzak, hala nola, bizikletak konpontzeko lantegiak edo bizikletaren erabilerari buruzko hitzaldiak.

 

Ikusi Mugikortasunaren Astearen egitarau osoa

 

 

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago