Biodibertsitatearekiko errespetua eta ezagutzaren kultura sustatzeko ospatuko da Txoriastea, astelehenetik aurrera

hirinet 2015ko ira. 24a, 02:00

Urriaren 4an Hegaztien Mundu Eguna ospatuko da, hori dela eta, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak hainbat ekintza antolatu ditu, Txoriastearen baitan.

Irailaren 28an hasita, aste osoan zehar alor horretako bioaniztasunaren ezagutza eta begirunearen kultura sustatuko dira, hitzaldi, zine-foro edo jende orotarako jardueren bitartez, esaterako, Euskadiko lehen ornitologia maratoia.

Egitaraua astelehenean, hilak 28, hasiko da, Florida zinema-aretoetan eskainiko den zine-foroarekin; hiru film emango dira ("El último lobo", "Arte del aire" eta "Home") 1 euroan saio bakoitzeko.

Atarian, bestalde, hainbat ekitaldi antolatu dira: urriaren 1ean (osteguna), Aranzadiko Ornitologia Saileko zuzendari Juan Arizagak "Oilagorren migrazioa: zer diote sateliteek?" izenburua duen hitzaldia emango du. Urriaren 3an (larunbata) Euskadiko I. Ornitologia Maratoia hasiko da, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta SEO/BirdLife elkarteak antolaturik eta Atariak, Madariaga dorreak, Txingudi Parketxeak eta Urdaibai Bird Centerrek koordinaturik. Igandean, azkenik, asteari amaiera emateko, Atariak ateak irekiko ditu, 2015eko Hegaztien Mundu Eguna ospatzeko.

 

Euskadiko lehen ornitologia maratoia

Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Espainiako Ornitologia Elkarteak antolaturik eta Atariak, Madariaga dorreak, Txingudi Parketxeak eta Urdaibai Bird Centerrek koordinaturik, hegaztiak behatzeaz gozatzeko ekitaldia izango da maratoia. Ingurumen hezkuntzako jarduera da, eta nahi duten guztiek parte hartu ahalko dute. EAEko edozein lekutan 24 orduz hegaztiak identifikatzean datza. Ez duzu aditua izan beharrik.

 

Informazio gehiago: Euskadiko lehen ornitologia maratoia

 

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago