Arianna Cereceda, artista: “Arana auzoari kolorea ematea da helburua”

hirinet 2015ko ira. 22a, 02:00

Arianna Cereceda artista gazteak Arana auzoko Galizia kalean dauden eskailerak margotzeko deialdia zabaldu du.

Auzoari kolorea eman nahian martxan jarri du proiektu hau “Dando La Lata” taldearen sortzaileak. Horretarako, gasteiztarrei eskailerak apaintzen laguntzeko deialdia luzatu egin die. Bertan izango da irailaren 30era bitartean. Edonor pasa daiteke, edozein momentutan, bere pintzelkada uzteko.

 

Nola sortu zen eskailerak apaintzeko proiektua?

Proiektua Haziak programaren baitan kokatuta dago; nire ideia proposatu eta aurrera atera zen.  Helburua da auzoari kolorea ematea da. Ukitu estilistiko berria eman nahi diot Aranari, jendea paseoan dagoela, gauza politak eta atseginak ikusteko.  Horrez gain, jendearen parte hartzea sustatu nahi dut, eskailerak margo ditzaten eta gero esateko, “Aizu, hori nik margotu dut!”.

 

 

Jendea proiektuan inplikatu nahi duzu eta eskailerak margotzeko deialdia luzatu diezu gasteiztar orori. Norbait animatu al da parte hartzera?

Orain arte ez da inor animatu. Momentuz, horma zuritzen nabil, hau da gogorrena, baina espero dut behin koloreekin hasten naizenean jendea animatzea. Asko gustatuko litzaidake umeak laguntzera animatzen badira. Orain arte oso interesatuta egon dira. Baina, edozeinek har dezake parte, nahiz eta ez jakin nola margotu.

 

 

 

‘Dando La Lata’ proiektuaren sortzailea zara. Zer da?

‘Dando La Lata’ nire izen artistikoa da. Orain dela urte batzuk sortu nuen, Leioan Arte Ederrak ikasten nengoela. Goitizen bat da hirian jakinarazteko zer nolako lanak egiten ditudan. Izen hori hartu nuen spray pote amaituekin lan egiten dudalako. Birziklatu eta pertsonalizatzen ditut.

 

Nola murgildu zinen graffittien eta margoen mundu honetan?

Margotzea beti gustatu izan zait eta ikasi dudan guztia horrekin lotuta egon da. Graffitiaren munduak betidanik erakarri nau, beti begiratzen dut zer dagoen hormetan. Nire lanaren parte bilakatu nahi nuen eta egun, hori de egiten dudana, irudiak hormetan, kulunketan, eskaileretan… margotu.  

 

Etorkizunean, modu honetan proiekturik egiteko asmorik bai?

Egon badaude. Askotan hiriko eskailera batzuk edo kulunka batzuk ikustean beti pentsatzen dut ea nola margotu ahalko nituzke. Oso ondo egongo litzateke horrelako lan bat egiteko aukera izatea berriro, ez bakarrik Aranan, Gasteiz osoan.

 

Egilea: Ania Ibañez

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago