Sexu hezkuntzarako ordua

hirinet 2015ko ira. 22a, 02:00

Udako egun luzeak, hondartza, Andra Mari Zuriaren jaiak, eta abar, atzean utzita, Arabako umeek eta gazteek ikasturtea hasi berri dute, eta honekin batera sexologoontzako lan handia dago ere.

Sexu-heziketa, hezkuntza afektibo-sexuala… Izen askorekin aurkezten dira sexualitatea lantzeko programazioak. Emaizekook Sexuen Hezkuntza bultzatzen dugu, sexuei erreparatzen baitiegu, emakume eta gizonei dagozkien ezaugarri desberdinak kontuan harturik eta aniztasuna beti ardatz izanik.

 

Ezinbestekoa da sexu-hezkuntza integrala jasotzea, eskubidea dela azpimarratzea; jakin badakigu, eskoletan sexualitateak duen espazioa oso txikia dela, nahiz eta eskola curriculumean zeharkako gaia izan. Hau horrela izanik, sexualitatearen gaia lantzea irakasleen ardura bilakatzen da. Baina non? Zer ikasgaitan? Matematikako klasean sexualitatea lantzea posiblea al da? Noski, eta berez horrela izan beharko litzateke. Baina egun, irakasleek sexualitatearen inguruan jasotzen duten formazioa eskasa izaten da eta, hortaz, arazoak suertatzen direnean, askotan gurekin harremanetan jartzen dira ikastetxeak, esku-hartze puntualak eta gehienetan laburrak eginez, helburua larritasunak asetzea izanik, eta ez eskubidea bermatzea.

 

Ba al dakigu sexologo batek ikasgeletan egiten duen lana zehazki zein den? Genital bidezko infekzioak ekiditeko aholkuak ematen ditu? Kondoia nola ipini erakutsi? Maitasunaz hitz egin? Esku-hartzea, eduki aldetik, askoz zabalagoa dela esaterik ez dago, eta gure helburuak larrialdiak (haurdunaldiak, gaixotasunak…) ekiditetik haratago doaz, helburu nagusia norberaren ongizatea bermatzea izanik. Horretarako, norberak bere burua ezagutzea (gorputza, emozioak…), behin hori eginda norberak bere burua den bezalakoa onartzea, eta azkenik bakoitza bere nahiak eta desioak adierazteko gai izatea bilatzen dugu, betiere besteekiko errespetua bultzatuz.

 

Argi dago hezkuntza arloan sexualitateak behar duen espazioa aldarrikatzen jarraitu behar dela Oro har, beste herrialde batzuetako ereduetan erreparatzea ez litzateke gaizki egongo. Suedian, adibidez, 1955etik derrigorrezko ikasgaia da 11 urteetatik aurrera, eta Alemanian eskubide gisa hartzen da. Beraz, guztiok sexualitatea modu positiboz bizitzea lortu nahi baldin badugu, ez zaigu aurretik lan makala gelditzen. Ikasturte ona izan dezagun!

 

 

Egilea: Emaize Sexologia Zentroa. Arabako ALEA

Irudia: Jakintza

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide