Sechu Sende, idazlea, irakaslea eta hizkuntzalaria: “Lekua galtzen ari da galiziera etengabe, batez ere prestigiodun alorretan”

hirinet 2015ko ira. 22a, 02:00

Galizian bizi den gatazka linguistikoaren inguruko hitzaldia eskainiko du Sechu Sende idazleak datorren asteazkenean Oihanederren antolatu duten jardunaldietan; galiziera, nawata eta galeseraren inguruko adituek parte hartuko dute eta hizkuntza gutxituekin lotutako ekitaldi kulturalak izango dira.

Galiziera irakaslea da Sechu Sende (Padron, 1972), idazlea, arkakuso hezitzailea eta neofalantea (galiziera hiztun berria), beste gauza askoren artean. Oraingoan, baina, Galiziako gatazka linguistikoaren inguruko zenbait gako ekarriko ditu Oihanederren antolatutako jardunaldietara.

 

Zer aurkituko dute datorren asteazkenean, hilaren 23an, Oihaneder Euskararen Etxera gerturatzen direnek?

Jardunaldi hauen helburua gure hizkuntzak gerturatzea da, hizkuntza minorizatuak. Guk Galizian munduan gehien hitz egiten den hizkuntzetako bat hitz egiten dugu, portugesa-galiziera, baina gure lurraldean, portugesa jaio zen lurraldean, minorizazio egoera batean dago eta horrek hainbat energia piztuarazten ditu. Hitzaldian saiatuko naiz galizieraren egoera azaltzen, ikuspegi desberdinetatik, betiere umorearen bitartez, Galiziako herrian belaunaldiz belaunaldi iraun duen retranca-ren bitartez noski; azken batean defentsa eta erresistentzia arma bikaina baita umorea. Hizkuntza gatazkaren arloari dagokionez, batetik, istorio triste edo dramatikoak izan daitezkeenak kontatuko ditut eta, bestetik, gizarte gihar sendo bat ere erakusten dutenak, herri erresistentziazkoak.

 

Zeintzuk dira indargune horiek?

Fruitua eman duten hainbat estrategia izan dira azken urteetan Galizian, hizkuntza galeraren kontra egin dutenak. Horietako indargune bat izan daiteke Neofalante mugimendua, euren lehen hizkuntza gaztelania izanik nerabezarora heldu eta galizieraren aldeko apustua egin dutenena. Nik 43 urte ditut eta nire belaunaldian, esate baterako, %17 inguruk hitz egiten dugu galiziera gaur egun, gaztelaniaz hasi ginenenen artean. Hainbat ikertzaile ari dira neofalanteen figura aztertzen, ez bakarrik Galizian, jakiteko zeintzuk izan daitezkeen osagai horiek gazte batek momentu batean halako erabaki bat hartu eta hizkuntza minorizatu batean hitz egiten hasteko, gehiengo batek hitz egiten duen hizkuntzan eroso aritu eta gero.

 

Zure kasuan, zein izan zen galiziera ikasten hasteko arrazoi nagusia?

16 urterekin hasi nintzen eta 500 orri inguruko idazlan bat egin dezaket nire arrazoiak azalduz, beste guztiei gertatzen zaien bezala, baina niri gustatzen zait pentsatzea ouija saio baten ondorio izan zela Castelaoren espirituarekin; Castelao ondo ezagutzeko harekin hitz egin behar genuela esan zigun irakasleak kar kar... baina benetan 16 urterekin izan zen kontzientzia hartu nuen momentua, Galiziako telebista saio ugari ikusi eta gero: nola zen posible Japoniako marrazki bizidun batek nik baino hobeto hitz egitea galizieraz? Hainbat faktore izan ziren.

 

Etxean gaztelaniaz egiten zenuten?

Nire amak betidanik hitz egiten zuen galiziera, haren seme-alabekin eta gorbata eta trajedun gizonekin izan ezik. Orduan hasi nintzen diglosia moduko kontzeptuak ezagutzen eta benetako kontzientzia hartzen. Beharbada nahiko surrealistak dira emandako arrazoiak, baina benetan horrek erakusten du faktore beste lagun daudela aztertzeko.

 

Galiziera ikasteko eskola proiektu bat abian jarri zenuten duela hainbat urte. Nolako bilakaera izan du?

Rede de Escolas Semente izeneko sarea daukagu. Santiagon jaio zen, duela lau urte, hiru ikaslerekin hasi zen eta ikastolen sorrera ere gogoratzen du zenbait kasutan. Gure hezkuntza sistema publikoan, galiziera hutsaren hurrengoa da, PP Galiziako gobernura iristearekin batera galizieraren galera prozesua hasi zen eta guraso belaunaldi gazteek hizkuntza alienazio arazo honi aurre egiteko asmoz proiektu hau babesten hasi ginen, herri mugimenduen antzeko ereduari jarraituz, autogestioa, asanbladak eta elkarlanaren bitartez. Gaur egun 40 ikasle inguru daude, Santiagon bigarren eskola ireki dugu eta Vigon eta Ferrolen ere ireki dute aurten.

 

Beste helduleku batzuk ere landu dituzue azken urteetan.

Beste indargune nagusi bat galiziera nazioarteko hizkuntza baten moduan hartzea izan da. Gero eta jende gehiago dago Galizian kontziente dena gure seme-alabei Pipi Lastrumen kapitulu bat jarri ahal diegula Brasilgo portuges-galizieran, edo Japoniako marrazkiak Portugalgo hizkeran, gure hizkuntza bera delako modu ezberdinean hitz egiten den arren: "Galego e portugués a mesma lingua es". Gehiengo baten  hizkuntza hitz egiten dugulako baliabide horiek erabiltzea da ideia honen asmoa, nahiz eta gure lurraldean hiztunak galtzen ari garen modu katastrofiko batean.

 

Hizkuntza politiketan ez dago eragiteko aukerarik?

Ez. Feijoo boterera heldu zen Espainiako nazionalista fundamentalista linguistikoen babesarekin, eta kanpaina egin zuen eskoletan galizieraren ustezko inposizioaren kontra, galizierak bakarrik %50eko presentzia lortu zuelako; hori gehiegizkoa zen botere ekonomiko eta politiko kontserbadoreenentzat, matematikek  galizieraz ez zuten zentzurik eurentzat. Kalean erantzun handia izan zen, zorionez, eskoletan galizieraren aldekoa eta geroztik hainbat asanblea eta plataforma abian jarri dira eusten jarraitzen dutenak eta bide berriak sortzen ari direnak.

 

Azkeneko urteetan lekua galdu ala irabazi du galizierak? Hedabideetan, sare sozialetan...

Lekua galtzen ari da etengabe, alor guztietan, batez ere prestigiodun alorretan, agerikoenetan, administrazioarekin zerikusia dutenetan... Ez dugu galizieraz idatzitako egunkaririk, Galiziako telebista eta irrati publikoko edukiak edadeko jendearentzat bakarrik dira, galizieraz eskoletan prestigio gutxiena duten ikasgaietarako da. Noski, hizkuntzaren aldeko aktibistak badaude herri mugimendu ezberdinetan eta horrekin bai, baikor egon gaitezke, itxaropena ematen digute .

 

Euskara eta galizietaren alderaketarik egin daiteke? Zer dute bata bestearengandik ikasteko?

Uste dut asko dugula ikasteko elkarrengandik. Zuen herrialdeaz eta gizarte, politika eta soziolinguistikaz asko dugu ikasteko, baina baita zuek gugandik ere; hemen ere gauzak egiten ari gara desberdinak direnak, denak hizkuntza gatazka baten aurrean. Erresistentzia eta sormen prozesuak desberdinak badira ere, ahalmena dute garaietara eta espazioetara egokitzeko uniformismo kulturalari aurre egiteko.

 

 

 

Egilea: Anakoz Amenabar. Arabako ALEA

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago