Berrikuntza botilak

hirinet 2015ko ira. 18a, 02:00

Juduentzako ardoa, biolin zaporekoa edo, antzinakoa nobedade, ekologikoa: merkatuan nabarmentzeko bideak irekiz doaz Arabako Errioxan, desberdintzea ardatz.

Txaro Alegrek ez zuen judurik ezagutzen: "Ez diot inori bere erlijioaz galdetzen". Bazekien, ordea, "Ebroren bestaldean, Haron, juduentzat ardo berezia egiten zutela". Berak ere halako zerbait egin nahiko lukeela bururatu zitzaion, beti baitzebilen zer gauza berri egin asmatzeko burua hausten. "Badakizu, gaur egun aparteko zerbait egin behar duzu; desberdindu, merkatuan zure tokia aurkitu nahi baldin baduzu", dio. Txaroren irrika hori  antzeman –"zeinek daki kasualitatez ala patuaren indarrez"–, eta duela zazpi urte bere upategira jo zuen Bartzelonako errabino batek. Halaxe hasi zen 2009an Kosher ardoaren istorioa Ruiz de Viñaspre upeltegian, Guardian.

 

Juduen errituen arabera prestatutako elikagaiek eta edariek dute kosher deitura. Ardogintzaren kasuan, hainbat dira etiketa hori lortzeko bete behar dituzten baldintzak: lehenik eta behin, ezin dituzte legamiak, entzimak edo bakteriak erabili –Ruiz de Viñaspren, ardo arrunterako ere, ez dituzte erabiltzen–; bigarrenik, ardoa arazteko orduan gelatina edo proteinen erabilera baztertu behar dute, eta arrautz-zuringoak edo, kasu honetan bezala, dekantazio-teknikak erabili; bestalde, barrikak, biltegiak eta gainontzeko tresna guztiak ardo judua egiteko baino ezin dituzte baliatu eta, horrez gain, arau zurrun batzuen arabera garbitu behar dute makineria –hiru aldiz, oro har–.

 

Badute beste baldintza zorrotz bat: "Mahats-bilketan salbu, juduek baino ezin dituzte produktua egiteko tresnak maneiatu, eta haiek baino ezin dute ardoa ikusi edo ukitu, bestela kutsatuko litzatekeelako", dio Txaro Alegrek. Hori dela eta, Israel, Argentina eta Brasil bezalako herrialdeetatik iritsi ohi dira juduak Ruiz de Viñaspre upategira lanera, Bartzelonako errabinoaren koordinaziopean: "Aginduak gure enologoak ematen ditu, baina eskuak haiek jartzen dituzte". Gizonezkoak izan behar dira denak, eta prozesua egiaztatzeko Europako Errabino Handia dator, Londresetik.

 

Urtean 30.000 litro merkaturatzen dituzte. "Egia esan, ez da upategiko ardo arruntaren  oso ezberdina". "Bi-biak dira %100 Arabako Errioxa", Txaro Alegreren hitzetan. Hori bai, kosher etiketa edukitzea balio erantsia izan da Ruiz de Viñaspre etxearentzat: "Frantzian eta Ingalaterran saltzen dugu, eta, Brasilen, kosher ardoari esker sartu gara merkatuan; Estatu Batuetan laster egongo gara. Juduentzat ezinbestekoa da ardoa haien ospakizunetan eta, nolabait, hautu honek bereiztu egin gaitu, merkatuan gure produktuak saltzen lagundu".

 

Juduen urte berria, baldintza

Aurten, ordea, zalantzan dago "ardo sakratua" egin ahal izango ote duten. Izan ere, kosher edaria egin behar dute aurrena, gainontzeko ardoekin "ez kutsatzeko", baina mahats-bilketa aurreratu da eta, aldi berean, urte berri juduan murgilduta dago komunitate hebrearra. Oraindik ez dakite haien zain egon ahal izango diren, gainontzeko ardoa ere egin behar dutelako.

 

Betiko ekologikoa, nobedade

Zaharra berri bilakatzeko norabidean, ardo ekologikoa da gaur egun Compañon Arrietarren sekretua, Lantziegon. Upeltegiaren aztarna abizenean, Itxaso Compañon Arrietak azaldu du duela bost urte ekin ziotela ekoizpena ekologiko bilakatzeko prozesuari, inbertsio handi bati aurre eginez: "Gaur egun, ardoa beti egin izan den moduan egitea nobedadea da, paradoxikoki. Guk, aurten egingo dugu lehenengo aldiz ardo guztiz ekologikoa, denbora tarte hori behar delako mahastiak produktu kimikoz berriro guztiz garbi egoteko".

 

 

Itxasok memorian iltzatuta du aitaren lan egiteko era ez ekologikoa, eskuarekin atomizagailuan bueltak emateko  modua, produktuen aurrean inolako babesik gabe. "Minbiziaz hil zen, eta hori izan zen eredu ezberdin baten alde egiteko arrazoietako bat".  Hori, eta ez zutela upategi handien esanetara bizitzen jarraitu nahi: "Nahi zutena egiten zuten gurekin eta gu bezalako gainontzekoekin; ez genuen haien menpe egoten jarraitu nahi".

 

Diferentzia, mahastietan

Ardo ekologikoa eta ez ekologikoaren arteko diferentzia mahastietan dago batez ere: ezin da herbizidarik erabili eta, beraz, prebentzio lan handia egin behar da mahastiak osasuntsu mantentzeko. Ardoa egiteko ere, legamiarik ez du erabiltzen Compañon familiak. "Produktuan zertan nabaritzen ote den? Ez da nabaritzen", dio Itxasok, biribil. "Batzuk, tamalez, uste dute ekologikoa izateagatik garestiagoa eta txarragoa izango dela". Hain da horrela, ezen etxeko mimatuari, 'Malaspiedras' ardoari, ez baitiote ekologiko zigilua jarri, "baten bat ez uxatzeko". Europan, ostera, gero eta magikoagoa da "ekologiko" hitza, eta bertara asko esportatzea espero dute Compañon Arrietarrek aurten. Kontinente zaharretik harago, dagoeneko Australiara eta Estatu Batuetara bidaltzen dute Lantziegoko edaria.

 

Euskara eta Araba, etiketan

"Etengabe gauza berriak probatzeko" bidean barrena, bi ardo berri merkaturatu dituzte aurten: barrikan ondutako ardo txuria, eta zotzik gabeko beltza. Etiketak euskaraz jartzen dituzte; horra beste balio erantsi bat. Era berean, Arabakoa dela ondo zehazten dute, lurraldean gero eta upeltegi gehiagok egiten duten moduan, Errioxako kontseilu arautzaileak zonalderako etiketa propio bat egiteari uko egiten jarraitzen duen bitartean: "Hemen egiten den ardoak ez du gainontzeko Errioxa ardoekin zerikusirik. Pentsa, lehen, Arabako mahatsa hiru aldiz garestiago saltzen zen".

 

Araba, Tysshenetik mundura

Arabaren izena nabarmentzen dute ere Eguren Ugarte upeltegietan, Guardian. Urtean 25.000 bisita dituzte bertan (baita euskaraz ere) eta, ardoa nola egiten den azaltzeaz gain, "balio erantsia eskaintzen" ahalegintzen dira, euren izena merkatuan aparteko egiteko, Crisobela Castromonte upeltegiko enoturismo zuzendariak azpimarratu duenez.

 

Artea da haien etxea berezi egiten duen ezaugarrietako bat. Barrika aretora sartzea besterik ez dago: bertan, Iñaki Garcia Ergüin  margolari bilbotarraren margolan erraldoia dute, 50 metro luzeerakoa, Bizet musikariaren Karmen operaren istorioa kontatzen duena.

 

 

Belarriak erne, gertu, jatetxean, zuzeneko musikariekin lagundutako afariak antolatzen dituzte, musika eta ardoa konplize bihurtuta zirrarak sortzeko. Ildo berean, artearekin estuki lotutako beste ekimen bat abiatu dute ikasturte honetan: Thyssen museoarekin batera, ardo botila bereziak atera dituzte merkatura.

 

Madrilgo kongresu batean sortu zen ideia: "Thysseneko turismo arduradunetako batek kontatu zidan museoko dendan gutxien saltzen zen produktua ardoa zela, Madrilgo upategi batekoa. Jakina, botilan ez zegoen museoarekin zerikusia zeukan ezer eta, gainera, ardo hori eta Eguren Ugartekoa dastatuta, aldea nabarmena zen", dio Crisobelak. "Upategietan artea bidelagun baldin badugu ardoa saltzeko, nola da posible Thyssenek saltzen zuen ardoan artelanik ez agertzea?". Egiaztapen hori abiapuntu, produktu berria sortu dute museoak eta upategiak batera: "Maila handiko erreserba ardo bat, etiketan artelan bat duena; zehazki, Biolinista alaia ardo baso batekin kuadroa, Gerrit van Honthorst margolariarena".

 

"Harrituta" daude Thyssen museoan, saltzen duten ardo botila mordoa ikusita. Orain, "urtean milioi bat bisitarik ikusten du bertako apaletan gure ardoa eta Arabako Errioxako izena; askok erosten dute, eta mundu osora zabaltzen da ospea". Bitxikeria bat, merkatuan bereizteko berrikuntzaren alde gero eta upategi gehiagok egiten ari diren bidean.

 

Egilea: Itsaso Estarrona. Arabako ALEA

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide