Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Iñaki Prusillak esan du Euskara Zerbitzuko langileei dagokien egonkortasuna bultzatuko duela baita Euskararen Sektore Kontseilua berreskuratuko duela ere. “Gizarte-mugimenduekin iritziak trukatzeko, elkar aberasteko eta haien ekarpenak jasotzeko eta Udalaren hizkuntza-politikaren berri emateko; egindako proposamenen ildotik hartzen diren erabakien berri emateko eta ekarpenei agenda politikoan leku egiteko. Urtea bukatu aurretik, Euskararen Sektore Kontseilua deituko dugu, eta 2013-2015eko Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren (EBPN-ESEP) kontu emango dugu”, azaldu du Prusillak.
Oihaneder Euskararen Etxea eta Kafe Antzokia
Horrez gain, Oihaneder Euskararen Etxea-Gasteizko Antzokia proiektua Urtaran gobernuaren beste apustu “sendoetako bat” izango dela iragarri du. Oihaneder Euskararen Etxearen kultur programazioa Kultura, Hezkuntza eta Kirol Sailetik kudeatuko duela azaldu du. “Nolanahi ere, Euskara Zerbitzuarekin harremana estua izan beharko da; izan ere, hizkuntzalaritzaren alorrean espazio horretan garatzen diren ekintzak bertatik bideratu beharko baitira, beste hainbat ekintza batera garatzeaz gain”.
Gasteizko Kafe Antzokiari dagokionez, errealitate bihurtu nahi duela adierazi du zinegotziak. “Gasteizko Kafe Antzokia kokatuko den espazioa eta horren garapena behin betikoz definitu beharra dago, berme juridiko eta urbanistiko guztiekin, gainerako talde politikoekin batera”
Urtaran gobernuak proposatu dituen besten neurrien artean Gasteizko Udalean Euskararen Erabilera Normalizatzeko plana garatzea eta Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia garatzea aurkitzen dira.
Azkenik, Euskararen Astea bultzatuko duela esan du baita euskarazko eduki digitalen sorkuntza ere. Udal araudietan hizkuntza-irizpideak sartuko dituela gaineratu du eta ostalaritzan, merkataritzan eta merkataritza guneetan hizkuntzaren presentzia handitzeko proiektua martxan jarriko duela.