Aurrekontu-partiden 6,36 milioiren erabilera aldatu du Urtaranen gobernuak, “beharrizan larriagoak artatzeko”

hirinet 2015ko ira. 16a, 02:00

Gorka Urtaranen gobernuak aurrekontu-partiden 6,36 milioi euroren erabilera aldatzea erabaki du, “2015ean ez direlako osorik gastatuko, premiazkoagoak diren beharrizanei kasu egiteko”.

 

Alkateak azpimarratu du ez dela murriztea, “birbanatzea baizik, eta diru hori beharrizan larriagoak artatzen erabiltzea, zerbitzuen kalitatea urritu gabe”. Udalaren zuzendaritza politikoak eta teknikoak elkarlanean zehaztu dituzte 2015ean osorik gauzatuko ez diren partidak, eta beraz, horiek zertan erabiliko diren aldatuta ere, horrek ez dio udaleko sailen funtzionamendu zuzenari eragiten ez diola azaldu du.

 

Horrela azaldu du gaur goizean Urtaranek, Alderdi Popularrak hala eskatuta, Ogasuneko Batzordean egindako agerraldian. Bertan alkateak zehaztu du “kontu-hartzaileak 60 milioitik gorako balioa dutelarik sumatutako aurrekontu-beharrizanei aurre egiteko, beharrezkoa izan dela 2015eko Aurrekontuaren partida guztiak zehatz-mehatz aztertzea, hainbat arrazoi medio osorik gauzatuko ez direnak zehaztu ahal izateko”. Hainbat Sailetako 2., 4. eta 6. kapituluetako partidak dira, eta horien balioa guztira 6.363.653,25 eurokoa da, hain zuzen ere. Kopuru horretako zati bat hasi da erabiltzen Gizarte Larrialdietarako Laguntzak, udalaren gizarte laguntzak, TUVISA, epai judizialen ordainketak edo zabortegia zabaltzea ordaintzeko, adibide batzuk jartzeagatik. Kopuruen jatorriak honako partida hauek dira, esaterako: udal bulego berrietan egindako inbertsioak, epe luzeko zorretako interesak, informatika edo hornidura ekipoak alokatzea.

 

Hiriko alkateak azaldu duenez, “udal gobernura iritsi ginenean abian zen aurrekontua aurkitu genuen, hainbat premia ekonomikoki estali gabe, kontu-hartzaileak joan den uztailean egindako txostenean agerian geratu zen bezala, konpromisoei aurre egiteko 60 milioi euro falta direla adierazten baitzen bertan”.  Adibide gisa, aurreko gobernuen eragiketa urbanistikoek ekarri dituzten epai judizialak ordaintzeko obligazioa aipatu du, baita udal bulego berriei dagokien BEZa, 21 Zabalgunearen cash poola, TUVISAren funtzionamendu normala eta funtzionarioei ordaindu beharreko aparteko pagaren zatia ere.

 

“Egoera honen aurrean, ezinbestean gehitu behar dira ohiko diru-sarrerak, edo gastu arruntak murriztu, edo bi horien arteko konbinazio egin, eta hori izan da egin duguna”, gehitu du alkateak. Diru-sarrerak gehitzeko, 21 Zabalguneak mailegu bat eskatuko du, zeinek aukera emango dion bere obligazioei aurre egiteko; udal bulego berriei dagokien BEZaren ordainketaren atzerapena negoziatu da; epaiak ordaintzeko funtsa baliatu ahal izatea eskatu zaio Espainiako Gobernuari; GILSAren borondatezko erreserbak murriztea onetsi da, eta hainbat udal ondasun tasatzeko lanak egiten ari dira, besteak beste Gure Txokoa eraikina, AMVISArekin salerosketa hitzartu ahal izateko. Gastuak murrizteko, besteak beste zenbait partida beste modu batean banatu dira.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide