Eraztun Berdea osatzea, autobus linea periferikoa BRT bihurtzea eta tranbia hegoaldetik eta ekialdetik luzatzea proposatu ditu Udal Gobernuak

hirinet 2015ko ira. 15a, 02:00

Alkateorde eta Ingurumen zinegotzi Borja Belandiak iragarri du Eraztun Berdea hegoaldetik eta ekialdetik osatzeko asmoa duela, "hiriaren birika eta ikurra den horretan lotu gabe dauden aldeak identifikatuta".

 

Gainera, “fracking” teknikaren eta Santa Maria de Garoñako zentral nuklearra berriro zabaltzearen aurka dagoela adierazi du. Bestetik, autobus linea periferikoa BRT edo bus espres bihurtzearen alde egingo duela iragarri du, eta Urtaranen gobernuak tranbia hegoaldetik unibertsitateraino eta ekialdetik Salbururaino luzatzen saiatuko dela. Belandiak egindako proposamenen artean ere, Armentiako parkeko tunelean rokodromo bat egiteko aukera izan da.

 

Horrez gain, Urtaranen gobernuak energia berriztagarrien aldeko apustua egingo duela adierazi du, eta “zero hondakin” ildoari lotutako hondakinen kudeaketa, kutsaduraren kontrola, uraren kudeaketa eraginkorra eta argiteria publikoaren kontrola bultzatuko ditu. Hori dena “smart city” espirituan oinarritzen da. Agintaldi honetako helburu nagusietako bat Eraztun Berdea osatzea da, batetik, Las Neveras gainean (trenbidearen gaineko pasabide bat eraikita) eta, bestetik. Lasarten.

 

Hondakinen kudeaketari dagokionez, Borja Belandiak iragarri du garbiketa kontratuaren “kontrol hertsia” egingo dutela, Gasteizko auzoetan dauden arazoak konpontzeko xedez. Airearen kalitatea eta zarata ere kontrolatuko dira, eta erradiazio elektromagnetikoei buruzko ordenantza berrikusiko, hirian sortutako eskari berrietara egokitzeko.

 

Udal gobernuak mugikortasun iraunkor eta osasungarriaren arloan dituen proposamenak ere azaldu ditu Ingurumen zinegotzi Borja Belandiak. Horri dagokionez, garraiobide guztien kudeaketa koordinatua eta zeharkakoaren alde agertu da. Urtaranen gobernuak bizikletaren erabilera sustatuko du, oinezkoen segurtasuna bermatuz, bizikleta bideen sareari koherentzia handiagoa emanez eta Mugikortasun Iraunkorraren Foroarekin batera arituz; orobat, trafikoa lasaitzeko neurriak hartzen jarraituko du, eta tranbia luzatuko du, hegoaldetik unibertsitateraino eta Adurtza auzoraino, eta ekialdetik Salbururaino. Gainera, hurrengo helburuan ere –Zabalganera iristea– aurrerapausoak egiten saiatuko da. Beste helburu batzuk ere badituzte: Triana inguruan lotura intermodala egitea, hiri autobusen flota modernizatzea eta autobus linea periferikoa BRT edo bus espres bihurtzea.

 

Bestetik, aparkaleku pribatuen eta erabiltzen ez diren aparkalekuen egungo  egoeraren azterketa egiteko asmoa dutela iragarri du Borja Belandiak, eta Udal aparkalekuen Eraginkortasun Plana landu nahi dutela. Era berean,  landa eremurako garraio zerbitzua hobetzeko konpromisoa hartu du, eta udal gobernuak salgaiak ibilgailu arin eta  emisiorik gabekoen bidez banatzeko proiektuak sustatzeko asmoa duela jakinarazi du. Ekintza horiek guztiak gauzatzeko TUVISA mugikortasun  agentzia integral bihurtzeko lan egingo da, eta mugikortasun agenteen figura sortuko litzateke, hirigune barruko zirkulazioa antolatzeko. Bizikletentzako hiri eta baso bide berriak sortuko dira, bizikleten erregistroa sustatuko da, eta bizikleta aparkaleku seguru eta merkeak ere bultzatuko dira. Udal gobernuak badu beste helbururik datozen urteetarako, hala nola bizikleta elektrikoaren erabilera sustatzea eta alokairu zerbitzu bat martxan jartzea.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide