Etxebizitzen birgaitzea, espazio publikoen biziberritzea eta merkataritzaren berpiztea, udalaren lehentasunen artean

hirinet 2015ko ira. 15a, 02:00

Gaur goizean agintaldi honetan Hirigintza eta Espazio Publikoaren alorrean bideratu nahi duen planaren ildo nagusiak aurkeztu ditu udal gobernuak.

 

Alkateorde eta zinegotzi Borja Belandiak nabarmendu du Gasteizko Udalak ahalegin handia egingo duela etxebizitzak birgaitzen eta auzoak elkarren artean orekatzen. Horrela,  Santa Barbara plaza, Herrandarren kalea eta San Frantzisko aldapa eraberritzeko eta Arana bulebarra sortzeko asmoa iragarri du.

 

Zehazki, Urtaranen gobernuak etxebizitzak birgaitzea, espazio publikoak biziberritzea eta merkataritza eta ekonomia berpiztea proposatu ditu eta honi lotuta, HAPOa (Hiri antolamenduko plan orokorra)  berraztertzeko batzorde txostengilea abian jarriko duela iragarri du, agintaldi honetan onesteko asmoz. Besteak beste, Salburua eta Zabalgana auzoetan, esaterako,  “birtrinkotzea tramitatzeari ekitea” proposatu du udal gobernuak, “loturarik gabe geratu diren zonak, Arkaiate eta Larrein,  josteko helburu argiaz”.  Horrez gain, aparkalekuak sortzea eta hainbat kale oinezkoentzat bihurtzea ere izango dira udalaren lehentasunak. Adurtza “unibertsitate-auzoa” bilakatzea ere sartzen da udalaren plan honetan, baita nekazal-eremua indartzea ere. Horretarako, abandonatuta dauden abere-guneak berreskuratzea proposatuko du.

 

Bestetik, auzo zaharren beharrei erantzuteko egitura publiko bat sortuko duela azaldu du. Ildo horretan sartzen dira 21 Zabalgunea birgaitzeko sozietatea bihurtzeko asmoa eta Koroatzearen auzoa berritzeko eta sustatzeko proiektua. Belandiak iragarri duen planak alderdi hauek aurreikusten ditu: etxebizitza hondatuak konpontzea, lokalak birgaitzea, eraikin esanguratsuak mantentzea eta berdeguneak lehengoratzea. Horrekin lotuta, datozen hamar urteetan  50 urte baino gehiago duten  20.257 etxebizitza birgaitzeko  plan integrala garatzeko konpromisoa azaldu du, eta “Etxebizitza bat bera ere ez igogailurik gabe” plana abian jartzekoa, igogailuak instalatzeko laguntza ekonomikoak emanez. Espazio publikoen biziberritzean Ignacio de Loiola kalean eta San Anton plazan egin daiteezken lanak sartuko dira.

 

PP izan da EAJk aurkeztutako proposamena gehien kritikatu duen udal talde politikoa eta proiektu konkretuak aurkeztu ez dituela adierazi du. Horrez gain, eta gainontzeko taldeekin batera, jasangarritasunaren aldeko proiektuak, auzo berriei arreta gehiago eta tranbiaren bultzada eskatu dute.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide