Irantzu Lekuek artea eta kulturarentzako gune bat aldarrikatu du Gasteizen

hirinet 2015ko ira. 15a, 02:00

Gaur goizean Irantzu Lekue artista gasteiztarrak prentsaurrekoa eskaini du. Hasiera batean, agerraldia Kutxabank-en salaketa jaso ostean irailean izango zuen epaiketaren berri ematea zen helburua, baina atzo artistak berak jakinarazi bezala,  “zorionez” eraikinaren jabe legalek salaketa erretiratzea erabaki zuten.

 

Auzia iragan abenduaren 30an KREA eraikinean aldarrikapen artistikoa burutzeagatik jarri zioten. Egun horretan, Betoñora iritsi eta bertan dauden obra hesien azpitik sartu zen “gasteiztar guztiok diruz ordaindutako eraikinaren lorategira” eta bertan Rangoli bat egin zuen, Indiako Argien Jaian emakumezkoek margotu ohi dituzten marrazkiak. Irantzuk azaldu bezala, etxeen atarian egindako marrazki horiekin Lakshmi jainkoari dei egiten diote, inguru horri oparotasuna eskaintzeko. “Horregatik osatu nuen Rangoli-a Krean. Eraikinari oparotasuna itzuli eta Araba eta Gasteizko arte eta kultura politika berri eta eraginkorrak aldarrikatzeko”.

Esan bezala, gasteiztarraren aurka jarria zuen salaketa erretiratu du Kutxabankek. Bere esanetan, berari atzo deitu ziotela azpimarratu nahi izan du: “atzo aurreneko aldiz, salaketa kentzen zutela jakinarazteko. Salaketa ekainean jaso bazuen ere atzo arte ez diote ezer esan, “Zer nolako eragina izan duen sare sozialetan jaso ditudan elkartasun keinu guztiak? Zuen esku balorazioa”.

 

Gakoa, Artea eta Kultura sustatzeko plangintza eta leku fisiko bat Gasteizen

Erabakia pozgarria dela dio Lekuek, baina gaiaren gakoari heltzen ez diola adierazi du:  “Arazo puntuala, eurek eragindako sute txiki hau, itzali egin dute baina arazoak berdin dirau. Krea itxirik, hilda, kolorerik gabe, bizitzarik gabe jarraitzen duelako. Bitartean, artistek, biltzeko edo sortzeko leku egokirik ez dutela salatu du. Hamaika plan, hamaika proiektu izan ditugu baina... kale gorrian jarraitzen dugu”, aldarrikatu du.

 

Hori dela eta, Artea eta Kultura sustatzeko plangintza eta leku fisiko bat aldarrikatu du artistak. “Zer gertatzen da Araban? Zer gertatzen da Gasteizen? Epaiketa gelditu dugu baina arazoak oraindik dirau. Krea itxirik darrai. Eta artistok, bilerak, Gizarte Etxeetan egin behar ditugu ez daukagulako beste lekurik”, azaldu du. Egun dauden autogestioan oinarritutako guneei berria eta publikoa den beste bat gehitu behar diogula adierazi du, bere ustez,  biak direlako halabeharrezkoak: autogestioan oinarritutakoak eta publikoak.

 

Gai honi lotutako albiste gehiago:

 

[BIDEOA] Irantzu Lekue eta 'Printzea eta herria' instalazio artistikoa

Gasteiz berri bat aldarrikatzeko #6000zpt instalazio artistikoa burutuko du Irantzu Lekue artista gasteiztarrak

Irantzu Lekue eta Zirika, artistak: "Artearentzat basamortua da Gasteiz"

Aldarrikapen artistikoa burutu du Irantzu Lekuek Krea esparruan

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide