Bertan, nazioarte mailako krisi honen aurrean, udalak babesa edo asiloa behar duten pertsonei harrera ematen aktiboki eta elkartasunez parte hartzeko asmo argia duela adierazi du.
“Gizartearen presioa oso baliagarria izan daiteke gobernu batzuek ezarri duten dinamika hausteko, errefuxiatuak onartzeko kuotak handitzeko bitarteko nahikorik ez dutela argudiatzen baitute. Tokiko administrazioek arazo hori konpontzen laguntzeko betebeharra dugu, gainerako erakundeekin, gizarte zibilarekin eta herritar ororekin koordinatuta”, zehaztu du Gorka Urtaranek irakurri duen adierazpenak.
Hartutako konpromisoak
Horrela, Gasteizko Udaleko Udalbatza osatzen duten talde politikoek hainbat konpromiso hartu dituzte. Lehenik eta behin, “lehentasunezkotzat” jo du gatazka politiko eta militarretatik (Sirian eta inguruko herrialdeetan gertatzen ari den bezala) ihes egiten duten pertsona eta familiei arreta ematea, eta horiek udalerrian hartu eta laguntzeko borondatea agertu du. Horretarako, Udalak berak zein parte hartu nahi duten erakundeek osatutako lan talde bat sortu du, besteak beste, gure hirira iristen diren errefuxiatuei harrera egiteko plana lantzeko eta sentsibilizazio plan bat egiteko. Hori guztia beste erakunde batzuekin koordinatuz bideratuko da: Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak eta EAEko gainerako udalak. Lan hau bideratzeko diru partida bat sortuko duela zehaztu du Udalak.
Horrez gain, Larrialdietarako Arabako Funtsa aktibatuko du Udalak, Arabako Foru Aldundiarekin eta zerikusia duten gainerako erakundeekin batera, gatazkan dauden herrialdeetan bertan lan egiten duten gizarte antolakundeei laguntza ekonomikoa emateko.
Gasteiztarrei gerraren biktima diren familia horiei elkartasuna eta laguntza eman diezaieten eskatu die Udalak, bai eta hirian bizi diren familia migranteei ere.