Txanpon bat agertarazi du kazetariaren eskuan. Harritzea du lanbide Asier Ladron de Guevara mago euskaldunak, eta horretan arituko da aurtengo Magialdian ere, gertuko trukuekin gasteiztarrak aho bete hortz utziz. Bere trikimailuen maleta irekitzen saiatu da alea.
Superbotereak dauzkazu?
Ez, batzutan gustatuko litzaidake edukitzea, baina magia saioetan ikusten diren mirariak egiteko lan handia egin behar da.
Baina abilezia bereziren bat izango duzu…
Bizitza osoa daramat kartak edo txanponak eskuetan, atzamarrekin gauza bereziak egiten... Beraz, hainbat abilezia eta baliabide lortu ditut urteen poderioz, bai teknika aldetik, bai informazio aldetik ere. Bestalde, ahotsa eta gorputza entrenatu ditut ere; azken finean, agertokian zaudenean, trukuak egiteaz gain, publikoarekin harremanetan jarri behar zara, eta komunikatzaile on bat izan.
Eta superbotere bat izan ahalko bazenu… zein aukeratuko zenuke?
Agian hegan egitea aukeratuko nuke. Superman bezala.
Zuk non ikasi duzu magia egiten?
Mago gehienak nahiko autodidaktak gara. Norberak bere liburuak irakurtzen ditu, bideoak ikusi… Horiekin entseatu eta, urteen poderioz, mago bakoitza bere truku propioak sortzen hasten da. Ni, pertsonalki, Magialdia zuzentzen duen gizon baten bidez sartu nintzen mundu honetan: Jose Angel Suarez; bera hasi zitzaidan magia irakasten. Ondoren, magoak ezagutu eta horiek utzitako liburuen bidez jarraitu dut ikasten. Gainera, magia biltzarretan mago batzuek besteei bere aurkikuntzak irakasten dizkiete.
Benetan? Trukuaren koska elkarri kontatzen diozue?
Gehienetan, bai. Baten batek truku berri bat asmatzen badu, hasierako urteetan agian sekretua gorde dezake, baina behin bolada bat pasata, trukuaren gakoa erakutsi egiten du. Gure artean ez dago sekretu handirik, oso zaila delako mago batek beste bat engainatzea. Nik faltan botatzen dut hori, beste batek ni engainatzea, normalki badakidalako nola egiten dituzten trukuak, oso berriak ez badira behintzat.
Ezerk ez zaitu harritzen, beraz…
Normalean ez, tamalez.
Faltan botatzen duzu?
Noski. Guk, mago bezala, ezin dugu magia publikoak bezainbeste disfrutatu. Gogoan dut oraindik zer polita den magoa izan baino lehenagoko harridura sentsazio hori: zure buruak badaki trikimailuren bat dagoela ikusi duzunaren atzean, baina begiek esaten dizute ikusi duzun hori ez dela posible… eta hala ere zuk ikusi egin duzu.
Noiz jakin zenuen magoa izan nahi zenuela? "Aita, ama, mago izan nahi dut..."
Zazpi urterekin. Nire ama Ordiziakoa da eta, behin, bertako enparantzan, mago batek txanpon bat atera zidan belarritik.
Zure belarritik?
Bai, bostehun pezetako txanpona.
Oparitu zizun?
Ez, ez zidan oparitu, kar kar, baina garai horretan diruak niretzat ez zuen baliorik oraindik. Edonola ere, oso harrituta geratu nintzen: nola zen posible ni belarrian txanpon bat izatea eta konturatu ez izana? Nire kabuz azalpenak bilatzen hasi eta umeentzako magia jolasekin truku errazak egiten hasi nintzen.
Desagerpenak, karta jokoak, lebitazioak…? Zein da zuk gehien atsegiten duzun magia mota?
Guk diziplina ezberdinetan banatzen dugu magia: hurbileko magia, kartomagia, ilusio handiak (adibidez pertsona bat desagerraraztea)… Niri gehien gustatzen zaidana eszena magia da, gustuko dudalako daukan antzerki puntu hori. Eta eszena magiaren barruan, magia bisuala dut gustukoen: ezer ez duen mago bati bat-batean eskuetan kartak eta zigarroak agertzea. Manipulazioa deitzen diogu magia mota horri.
Zer publiko izan da zuretzat zailena, sinesgaiztasunaren muga gainditzeko gogorrena?
Umeentzat egiten dut magia batez ere, eta asko gustatzen zait. Nolanahi ere, adinaren araberakoa baino, egoeraren araberakoa izaten da publikoa. Ikuskizun bera egin dezakezu antzokian eta kalean, baina kalean bazaude, kotxeak pasatzen eta alboan txosna bat duzula… eragina ezberdina izango da. Hain zuzen, kalean emanaldirik ez egitea erabaki dut nire ikuskizun berriarekin.
Norekin probatzen dituzu trukuak, publikoaren aurrean erakutsi baino lehen?
Beste mago batzuekin. Gasteizko David Blancorekin probatzen ditut teknikoki, batez ere. Bestalde, Julia Marinek zuzenketa artistikoa egin dit azken ikuskizunarekin, eta hari ere trukuak erakusten dizkiot.
Zein da mago on bat izateko trukua?
Dena izan behar duzu kontuan. Izan ere, badaude teknikoki oso onak diren magoak, baina gero agertokian oso aspergarriak direnak. Eta alderantziz: badaude oso rollo ona dutenak, baina truku zaharregiak edo teknikoki txarrak egiten dituztenak.
Zu zerekin inspiratzen zara? Beste magoren batekin, musikarekin, filmekin…?
Azken urte hauetan beste mago batzuk ez ikusten saiatu naiz, haien gauza bera egitea saihesteko. Niri elementuek ematen dizkidate ideiak, batez ere. Aurreko ikuskizunean, esaterako, jostailuekin lan egin nahi nuen. Jostailu dendetara joan, bertan zegoena ikusi, eta horrekin zer egin nezakeen pentsatzen nuen; plastilinarekin, adibidez. Lehenengo efektua pentsatzen dut, eta gero teknika bilatu.
Baduzu fetitxeren bat, ala gehien maite duzun objekturen bat?
Niri gustatzen zaizkit pilo bat txanponak, ez dakit zergatik, baina...
Txikitako pasadizoak zerikusirik izango zuen ba...
Izan daiteke! Txanponekin egiten den lana oso teknikoa da, baina oso bisuala. Lagunen artean, dena den, gehiago erabiltzen ditut kartak, aukera gehiago ematen dizkizutelako.
Zer da euskara zure magian?
Nahiz eta txikitan euskara ikasi eta maite, ez nuen erabiltzen. Gauza da euskaraz eskatzen dituztela umeentzat ikuskizun gehienak eta, hori dela eta, nire euskara ahalik eta gehien zaindu eta gero eta gehiago disfrutatzen dut euskaraz bizitzen, baita ikuskizunetik kanpo ere. Magiari esker hurbildu naiz euskarara. Txikitan, gazteleraz hitz egiten nuen anaiarekin. Gaur egun, euskaraz.
Magia hiztegia garatua al dago euskaraz, ala hitzak asmatu behar izan dituzu?
Itzulpen batzuk, zuzenak izan arren, oso artifizialak dira eta jendeak ez ditu ulertzen. Barita magikoari ziri magikoa deitzen zioten, adibidez, baina nik makila magikoa esaten dut, Julia Marinekin hala adostuta, hiztegiko aukera erabilita ez nindukeelako inork ulertuko.
Ilusionismoaz harago… zer da magia Asierrentzat?
Niretzat, bizitzan gertatzen diren gauza gero eta gehiago dira magia. Lehen, kasualitate esaten nien, baina kasualitate gehiegi daude kasualitate deitzeko. Bizitzak baditu gauza asko azaltzeko zailak direnak, baina…
…baina azalpen ezkuturen bat izango dutenak?
Bai, seguraski bai, guk ulertu ezin baditugu ere.
Egilea: Itsaso Estarrona. Arabako ALEA
Gai honi lotutako albiste gehiago:
[KULTURA] Nazioarteko 30 artista, 75 ikuskizun eta 25 agertoki irailaren 14tik aurrera ospatuko den Magialdian