Hemen da iraila, udak bizi osoan iraun zezakeela amesten hasi garen unean, aurpegietan irribarreak marrazteko gaitasun harrigarriarekin, diren eta ez diren asmo on guztien etorrera geroratzeko ahalmen miresgarriarekin (txankletatan, zigarroa ahoan eta kirol oinetakoak armairuan gordeta lasaitasun osoz paseatzeko aukera ematen diguna) eta, laburragoak izanagatik ere, doblea luzatzen diren bere gau izarrez beteekin.
Heldu da iraila, oharkabean, ia dena heltzen den moduan, eta ohartu gara gauza guztiek bere lekuan dirautela, utzi genituen modu berean, den-dena halako gehiegizko seriotasun, gehiegizko larritasun eta gehiegizko gordintasunean bilduta.
Iraila da, praka luzeak jantzita autoan sartu eta petralduta goazelako lanera, ondo ulertu gabe nola ez den mundua hondoratu, eguzkipean egonean egon garen udako egun zoriontsuetan.
Baina ez dakit, guk ereindako miserietatik ihesi, gure etxeetara ate joka datozen eta animalien pare tratatzen ari garen errefuxiatuen iraila eta gure iraila irail bera ote den.
Egilea: Mikel Ayllon. Arabako ALEA