Saririk espero gabe

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Berasategi 2015ko ira. 11a, 02:00

Otsoa datorrela esaka ari dira. Putz egin eta botako digula etxea, eta jabetuko dela gure eta soilik gure diren ondasunez. Gaur, errefuxiatuak dira otsoak. Atzo, immigranteak. Herenegun…? Ondo ikasi dugu izuaren diskurtsoa. Sekula iristen ez zaigun giza hondamendiaren zain eta beldur beti; halaxe nahi gaituzte.

Hitz ikaragarri ikaratzaile horiei buru egiteko, berriz, gizatasunaren diskurtsoa hedatu da: kanpotik –hots, gure muga geopolitiko eta mental zurrunez haragotik– datorkigun giza talde oro aberasgarri dela, ezen ez mehatxu. Berez, asmo ezin hobea du arrazoibide horrek, eta eraginkorra ere izango da igual, baina badu sakonean zerbait krak egiten duena: gerratik eta heriotzatik ihesi gurera datozen horiek abegiz har ditzagun, horrek nahitaez onura bat ekarri behar digu, antza; dela giza eta kultur aberastasuna, dela esker ona, dela gure kontzientzien bihotzerrea baretzea. Eta, egia da, onura ekarriko digula iheslariei eta bestelakoei ateak ireki eta albait bizimodu duinena eskaintzen saiatzeak, baina baita ahalegina ere, eta, akaso, zerbaiti uko egin beharra ere bai.

 

Ez da irentserraza, baina, agian, bada garaia uler dezagun munduko onura eta ondasun gehienak pilatuak ditugun pribilegiatuok zerbaiti jaregin beharko diogula denok zerbait izan dezagun, eta hori ez dela txarra, baizik gizarte egiaz heldu batek behingoagatik trukean saririk eskatu gabe egindako urrats arduratsu eta koherentea.

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago