Eskolara itzulera ezberdina

hirinet 2015ko ira. 11a, 02:00

Heziketa eta haurren garapena beste modu batera ikusten duten gero eta proiektu gehiago daude Araban; azkenen artean, Gasteizko Montessori eskola berria eta duela bi urte abiatutako Oskola habi-etxeak.

Ikasmahaien ordez, esperimentatzeko txokoak. Irakasleen tokian, gidariak edo "eguneko amak". Adin-taldeen lekuan, edade nahasketa. Irakasgai finkoak baino gehiago, norberaren jakin-minak ikasgai. Hezkuntza sistema nagusiaren aurrean, "heziketa eta haurren garapena enfokatzeko beste modu bat" garatu nahi dute Araban abian jarri berri diren hainbat proiektuk.

 

Astelehenean ireki zituen ateak Euskadiko lehenengo Montessori eskolak, Gasteizko Salburua auzoko Berlin pasealekuan, Juan Carlos Lehena etorbidearen atzean. Jatorriz kataluniarra, Mari Carmen P. da egitasmoaren sustatzailea: "Montessori eskolan, umeak ez du zertan eseri, irakasle baten lezioa entzun eta horixe ikasi behar; aldiz, bere interesguneen arabera joaten da esperimentatzen eta ikasten, gelan propio eta helburu pedagogiko batekin kokatuta dauden material eta baliabideen bitartez zalantzak bere kabuz argituz", azaldu du.

 

"Momentu matematikoan baldin badaude, horretan arituko dira; psikomotrizitatea lantzeko unean egonez gero, oreka hobetzen ahaleginduko dira, eta abar". Alegia, "ez dute haur guztiek aldi berean gauza bera ikasten: aldiz, banan-banan trebatzen dira, bakoitza bere beharren arabera".

 

Montessori eskolan ez dute testulibururik jarraitzen, ez eta irakasgai ezberdinen araberako ordutegi zurrun bat ere. Gelan ez dago idazmahai errenkadarik irakaslearen eserlekura edo arbelara begira. Espazioa antolatzeko modua bestelakoa da: material pedagogikoak nonahi, umeak erabakitzen du non eseri edo zutitu, zer eta nola ikasi. Hiruhilekoa amaituta, notarik ez dute jasotzen, "haurren arteko lehiakortasuna sustatzea baino, norberak bere burua gainditzea delako helburua".

Ikasketa prozesu horretan laguntzeko, gela bakoitzean bi heldu egon ohi dira, "bikote pedagogiko bat" osatuz. Gasteizko taldean, guztira lau gida daude, gela bakoitzeko bi. Mari Carmen P.-k zehaztu duenez, "ez dira berez irakasleak, ez dutelako inori irakasgai zehatz bat irakasteko eginkizunik, umearen jarduera arretaz behatu eta bere jakin-mina asetzen laguntzeko zeregina baizik". Gidak deitzen zaie eta, lan hori egin ahal izateko, Montessori pedagogiarekin lotutako formakuntza berezia jaso behar dute, bi urtekoa kasu gehienetan.

 

Adin ezberdinetakoak batera

Montessori hezkuntzaren ezaugarrietako bat adin nahasketa da. Sei taldetan antolatzen dira umeak: txikienen gelan, bat-hiru urte bitartekoak; hurrengo urratsean, hiru eta sei urtekoak, eta lehen hezkuntzan, sei-bederatzi urtekoak. Ondoren, 12-15 eta 15-18 urte bitarteko gazteak elkartzen dira bigarren hezkuntzako geletan. "Oso aberasgarria" da nahasketa hori Mari Carmen P.-ren iritziz, "batzuk besteengandik ikasten dutelako".

 

Euskadin lehena

Oraingoz, sei urtera bitarteko gelak eskaintzen ditu Gasteizko eskola berriak, goizeko ordutegi jarraian, eta datorren ikasturtean sei urtetik aurrerako ikasleentzat Lehen Hezkuntza eskaintzeko asmoa du. Zuzendariak argitu duenez, Erkidegoan ez dago maila guztietan Montessori eredua baliatzen duen beste eskolarik: "Bilbon badago Vizcaya izeneko ikastetxea, sei urtera bitarteko haurrentzat Montessori eskaintzen duena; baina adin horretatik aurrera pedagogia honetan oinarritzen den beste zentrorik ez dago oraingoz; Gasteizkoa izango da lehena". Egoera hori arrazoi, Arabatik kanpoko zenbait ume etorri dira Salburuko eskola berrira. Eraikin berria altxatzeko asmoa ere badute. Oraingoz, Udalak lau partzela eskaini dizkie, eta horien artean aukeratu behar dute aurten. 

 

Hizkuntza aukerari dagokionez, webgunea gaztelaniaz baino ez dute, baina Mari Carmen P.-k dioenez, eskolan euskara eta ingelera erabiltzen dituzte: "Gelan dauden bi gidetako bakoitza hizkuntza horietako batean aritzen da; gaztelaniazko materialak ere baliatzen ditugu, batez ere hiztegia ikasteko".

 

Ekimen guztiz pribatua da Montessori eskola. Sustatzailearen poltsikotik irten da orain arteko aurrekontua, eta aurrera begirako gastuei aurre egiteko finantzazio pribatu bila ari dira. Bertan ikasteko kuotak ezin ditu edozein familiak ordaindu.

 

Jatorriz, bazterketa egoeran zeuden umeekin Maria Montessori mediku italiarrak egindako lana izan zen eredu honen abiapuntua, hezkuntza eredu nagusia gaur egungoarekin zerikusi handirik ez zuen garaian. Gaur egun, oso hedatua dago Montessori bidea eta, Mari Carmen P.-k gogorarazi duenez, beste herrialde batzuetan ehun urte daramatzate pedagogia hori garatzen. "Espainian, 70 eskolatan aplikatu zen 20. hamarkadan, baina diktadurak hezkuntza berritzailea geldiarazi zuen".

 

 

Umeak, "etxeko giroan"

Pedagogia eredu bat garatzeko xederik gabe, umeen garapen prozesuan esku hartzeko bestelako modu bat proposatzen dute ere Oskola habi-etxeak proiektuko kideek. Haurrak familiarteko giroan zaintzeko euren etxeak prestatu dituzten emakumeak dira, amak guzti-guztiak. Gaur egun, hiru habi dituzte Gasteizen: bi Salburua auzoan, eta hirugarren bat Lakuan. Bakoitzean gehienez hiru haur hartzen dituzte, "behar bezalako arreta eskaini ahal izateko".

Hainbat dira euren proiektuaren gakoak: etxeko giroa, banan-banakako arreta, behaketa aktiboa, zaintzaile eta haurren arteko lotura afektibo segurua  eta, agian pisuzkoena: umeen araberako ordutegi, erritmo eta jarduerak.

 

"Gauzak ikusteko beste modu bat" da eurena, Begoña Marchena kidearen hitzetan: "Hiru urte eduki arte, haurrak etxean egon ahal izatea litzateke onena, baina hori ez da beti posible eta, beraz, haien etxeko giroarekin antza gehien izan dezakeena eskaintzen diegu habietan".

 

Baieztapen hori berretsita, Zuriñe Larreak dio "haurren etxearen luzapena" direla habiak: "Gure helburua ez da umeek arkatza ondo hartzea edo atera gabe margotzea, baizik eta ume bakoitzaren nahiak eta erritmoak errespetatzea, segurtasunezko giroa eta konfidantzazko loturak eskainiz, horiek ezinbestekoak direlako osasuntsu hazteko".

Umeen erritmoan

Finean, diote, "umeak ume izan ahal izateko behar dituzten  baldintzak erraztea" da haien zeregina. Hori dela eta, aurretik ezarritako ordutegi zehatz eta plangintza itxirik gabe,

 

behar bezainbeste denbora eskaintzen diete "igotzeko, jaisteko, eskularrua janzteko, zapata kentzeko edo ipurtarin edo lasai egoteko; bizitzeko".

 

Jolasa asko zaintzen dute, eguneko jarduerarik "garrantzitsuena" delako. Hainbeste jostailu konplexu eskura dauden testuinguru batean, "estimulazio normal bat" proposatzen dute, naturaren zikloekin eta egunerokotasunarekin lotuta. Goizero irteten dira  kalera eta, haurren ekimenak abiapuntu, denetarik egin dute auzoan: letxugak landatu, goizeko zukuaren laranja-azalekin txorientzat askak prestatu, udal-lorezainei eta postariari lagundu, edota egunero ikusten duten garbitzailearen antzera kalea garbitu. Hori guztia, "enpatiatik eta elkar maitatuz", Zuriñe Larrearen hitzetan.

 

Hirugarren ikasturtea

2011n ezagutu zuten elkar Begoña Marchenak eta Zuriñe Larreak, orduko Eusko Jaurlaritzak abian jarritako Haur-Etxea proiektuko ikastaroetan. Gobernua aldatzerakoan, proiektua bertan behera geratu, eta ekimenarekin jarraitu nahi zuten hainbat familia zeudela ikusita, Oskola habi-etxeak jarri zituzten martxan 2013an.

 

Gazteleraz aritzen dira Gasteizko hiru kabietan, "umeen ama-hizkuntza delako". Ekimen pribatua dira, eta izen bereko elkartearen laguntza dute ezinbesteko. Gehienez zortzi ordurako eraman ditzakete umeak familiek, eta gutxienez bost ordugatik ordaindu behar dute (360 euro hilean), nahiz eta tarte laburrago baterako eraman ditzaketen seme-alabak, Marchena eta Larrearen iritziz, "etxean bezala ez daudelako beste inon".

 

Sare horretatik kanpo, badaude Araban beste kabi batzuk, haurrei "eguneko ama" baten zerbitzua eskaintzeko, tartean Murgiako habia, Haur-Kabi kooperatibaren baitan. Urteekin, luzatzen ari da haurren garapenarekin eta hezkuntzarekin zerikusia duten proiektuen zerrenda Araban: tartean, Gutxinaka-gutxinaka tailerrak Gasteizen, Waldorf pedagogiako Geroa eskola Trokonizen, eta Amara-Berri sistema ezarri duen Etxaurren eskola publikoa Zuhatza-Aiaran; guztiak eredu nagusiaren ezberdinak, eta batzuk besteen artean oso bestelakoak.

 

 

Egilea: Itsaso Estarrona. Arabako ALEA

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago