Berrikuntza ugari aurtengo Erdi Aroko XIV. Azokan

hirinet 2015ko ira. 10a, 02:00

Aurtengo Erdi Aroko Azokak ikuskizunetarako eremu berria izango du Santa Maria plazan, haurrentzako jarduera gehiago, eta 15 animazio, antzerki eta musika konpainia.

 

Azken urteetan bezala, irailaren 25, 26 eta 27an Gasteizko erdiguneak denboran atzera egingo du salto eta Erdi Aroko hiri bilakatuko da. Aurten gainera, azokak berrikuntza ugari ekarriko ditu, eremuen banaketa, kaleen apainketa, haurrentzako jarduera, eta animazio, antzerki eta musika eskaintzari dagokionez. 

 

340 saltoki baino gehiagok parte hartuko dute Erdi Aroko Azoka honetan. Haien artean, 240 saltokik artisau produktuak salduko dituzte eta 46etan janaria izango dugu eskuragai. Gainera, 22 ostalaritza postu ere izango dira Azokan.

Azoka orain arte antolatzen zuen enpresaren ordez "La Fragua de Vulcano" arduratuko da,  irudikatze historikoetan espezializatuta dagoena; "horrenbestez, nabarmen berrituko dira hala ikuskizunak nola Erdi Aroko hiriguneko kale eta plazen girotzea ere", adierazi dute udaletxetik.

 

Lehengo aldiz, Santa Maria plaza berritua gehituko zaie Erdi Aroko Azokako espazioei, eta bertan bi gaueko ikuskizun eskainiko dira: “Esencia”, ostiraleko 22:00etan, eta “La danza de la muerte”, ordu berean larunbatean.

Orobat, txotxongiloak, Erdi Aroko ipuinak, kaleko kontzertuak, eta alegiak eta kondairak izango dira agertoki horretan. Bestalde, taberna eta janari-saltokietarako beste eremu bat jarriko da bertan, Goiuri plazan jarri ohi denaz gain.

 

Txikienentzat 30 jardueratik gora antolatu dira Frai Zacarias eraikinaren aurreko espazioan. Horien artean Erdi Aroko baketa da nabarmengarriena. Tramankulu hori zaldunak trebatzeko erabiltzen zen, eta umeek, behar bezala jantzita eta armatuta, berdin egin ahalko dute. Gainera, umeentzako antzezlanak, zaldiko-maldikoa, ipuin eta kondairetan oinarritutako animazioak eta begirale elebidun espezializatuak egongo dira azokan.

Guztira 15 animazio, antzerki eta musika konpainia arduratuko dira kaleak ikuskizun, kalejira, kontzertu eta garaiko pertsonaien dramatizazioz betetzeaz. Gorteko bufoien inaugurazio pregoiarekin hasiko dira, ostiralean, hilak 25, 19:00etan.

 

Bestetik, gaikako lau erakusketa finko jarriko dira: tortura ganbera (Inkisizioak erabilitako osagaiekin); garaiko armen erakustaldia, borroketan erabiliz; Erdi Aroko kanpamentua (soldaduen borroka eta bizimodua irudikatuz), eta falkoneria erakusketa eta erakustaldia Aihotz plazan, alor horretan Europan dagoen erakusketa ibiltari onenarekin.

 

Aurrekoetan bezala, Erdi Aroko Azoka lau merkataritza gunetan banatuko da: azoka kristaua, azoka arabiarra, azoka judutarra eta Erdi Aroko Hiriguneko Merkatarien Federazioaren espazioa.

 

Azokak irauten duen bitartean, TAO txartela duten bizilagunei Artiumeko aparkalekua eta Aldabeko gizarte etxearen ondoko azalera aparkalekua doan erabiltzeko aukera emango zaie. Horrekin lotuta, Gasteizko Udalak eta RENFEk hitzarmena egin dute, Erdi Aroko Azokaren asteburuan Gasteizera trenez datozenei % 35eko deskontua egiteko.

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago