Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak, CEAR Errefuxiatuei Laguntzeko Batzordeak, Euskadiko Caritasek eta Gurutze Gorriko ordezkariek Siria eta beste herrialde batzuetako errefuxiatuak hartzeko proiektu bat koordinatu eta diseinatuko dute datozen asteotan, lehenbailehen hiriburuan abian jartzeko.
Horretarako, gizarte politikako sailean txosten bat prestatzen hasi dira; bertan, Jaurlaritzak sortu duen lantaldearekin koordinazioa bermatuko da, baita foru aldundien eta Eudel osatzen duten beste udaletxeekin. Azaldu duten moduan, errefuxiatuen "oinarrizko harrera" egingo du posible, sei hilabeterako pentsatuta egongo baita. Urte erdi horren ostean, Gasteizera etortzen diren familia hauen beharrak berriro aztertuko dituzte, baita beren herrialdeetako egoera.
Diseinatzen ari den proiektuan pertsona hauek Gasteizko zein tokitan biziko diren erabakiko dute, eta behar dituzten baliabideak eta zerbitzuak nola eskeiniko zaizkien. Gainera, beste erakunde eta kolektiboen laguntza bilatuko dute, ekimen solidario guztiak koordinatuta egin daitezen. Arabako Abokatuen Elkartea, adibidez, bere zerbitzuak eskainiko ditu eta 5+11 Fundazioak ere bere laguntza eskaini du proiektuan parte hartzeko. Halaber, Herritarrei Laguntzeko Bulegoak, 010 telefono zenbakia eta Herritarren Postontzia bezalako bideetatik ari da Udala herritarren ekarpen guztiak bideratzen. Proiektu bateratu eta koordinatu honen harira, gainera, sentsibilitate kanpaina bat bultzatuko dute.
Datozen egunetan zehaztuko dute Arabak zenbat errefuxiatu hartuko dituen; orain arte, Udalak hamar familia hartuko dituela iragarri du eta Diputazioak beste hamalau, baina horiekin batera, etxean hartu nahi dituzten herritarren kopurua zehazteko dago. Eusko Jaurlaritzak ezarriko du lurraldeen araberako errefuxiatu banaketa, bakoitzaren populazioaren eta Barne Produktu Gordinaren araberakoa.
Egilea: Anakoz Amenabar. Arabako ALEA