Yahia Koddo, Siriako ikaslea: “Siriara bueltatzea da nire betebeharra”

hirinet 2015ko ira. 10a, 02:00

Siria atzean utzi eta Gasteizen tesia egiteko asmoz heldu zen 2011. urtean; telefonoa eskutik askatu ezinik, senideen mezuen zain dago gerrak herrialdea desegiten duten bitartean.

Siriako iraultza hasi eta zortzi hilabetera heldu zen Gasteizera Yahia Koddo (Idleb, 1984), 2011ko martxoan, Damaskoko unibertsitatearen beka bati esker, EHUn kultura eta identitateen inguruko tesia amaitzera. Euskal Herrira heldu eta bi urtera asilo politikoa eskatu zuten haren emazteak eta alabak; Baxar al-Assaden gobernuaren kontra hasitako protesta oldea laster zapaldu zuen erregimenak eta gerra ekarri zuen herrialdera, yihadista eta mundu mailako interesak tartean. Odolustea geroztik etengabekoa izan da herrialdean. Hango gerra albisteak familiako beste hainbat kideren mezuetatik jaso ohi ditu Koddok.

 

Errefuxiatu krisiaz ari gara orain Europan, Siriako gerraren ondorio batik bat, baina hainbat urte dira han gerra hasi zela. Nola bizi duzu Gasteiztik?

Egunerokoa oso zaila da. Gerra bertatik bertara bizi ez dudan arren, beste modu batera jasan behar dut, eguneroko albisteen zain edo deien zain, telefonoa hartu baino minutu bat lehenago albiste txarra izango ote den pentsatzen. Nire emaztearekin hitz egiten nuenean askotan entzuten nituen misilak atzetik eta deia moztu egiten zen une berean... momentu zailak izan dira.

 

Emaztea eta alaba ere Gasteizen dira dagoeneko.

Bai, eta oso pozik gaude hemen. Bera irakaslea zen Alepoko unibertsitatean eta Frantziara ikastera atera nahi zuen, baina erregimenak ateratzeko neurriak zorroztu eta ez zioten baimenik eman. Erregimenak ematen du pasaportea eta hark kontrolatu; pertsonaren arabera bi, lau edo sei aurte arteko baimena ematen dizute; amaitutakoan, enbaxadara joan behar duzu eta eurek egindako ikerketaren arabera berrituko dute edo ez; erregimenaren kontra bazaude edo euren ustez delitu jarduera bat izan baduzu ez dizute berrituko. 2011tik hona Siriako milaka lagun daude pasaporterik gabe, ezin dira bertatik legalki atera. Nire emazteak 2013ko azaroan Turkiara ihes egitea lortu zuen; Alepo ekialdea bonbardatzen ari ziren eta irten beste aukerarik ez zegoen.

 

Albiste txar ugari, bestetik, azken urteetan, ezta?

Gasteizera heldu eta 40 egunera deitu zidaten nire anaietako bat, nagusiagoa, hil zutela erregimenaren eraso batean. 2013ko gabonetan ama hil zuten, bera zihoan autobusaren ondoan bonba-barrila jaurti eta gero. Eta beste anaietako bat ere hil zuten, urtebete atxilo egon eta gero; etxera deitu zuten eta aitari esan zioten haren NAN txartela jaso zezakeela bertako kartzelan; alegia, kartzelan hil zuten torturapean baina gorpuaren arrastorik ez zegoen. Hamar anaia-arreba ginen, eta bi anaia eta ama galdu ditut.

 

Familiako beste kideek Siriatik joateko asmoa aipatu al dizute?

Batzuek atera nahi dute eta besteek ez. Arrebek atera nahi dute, batez ere euren seme-alaben etorkizunagatik. Baina ateratzeko arrazoi bat baldin badago, mila daude bertan geratzeko ere; nire aitak ez du atera nahi, esaterako, han hil nahi du semeak eta emaztea bezala.

 

Euren berririk ba al duzu? Zein egoera bizi dute?

Estaldura arazo ugari izaten da eta whatsapp bidez komunikatzen gara, ahots mezuak grabatu eta posible dutenean entzuteko. Orain zonalde liberatu batean daude, Siria iparraldean, iraultzaren aldeko indarrek kontrolatuta; erregimenak zonalde hori zigortu du, noski, eta ez dute ez urik, ez elektrizitaterik...

 

Nolako bizimodua zenuen aurretik?

Sirian klase ertain multzo zabala zegoen, egunerokoan lan handia eginez bizi zena; gu, beharbada, zertxobait hobeto bizi ginen aita etxegilea zelako, nik irakasle moduan lana nuelako... Ehun bat lagun izango ginen familian eta ni nintzen funtzio publikoan aritzen zen bakarra, horretan ere diskriminazioa zegoelako eta batzuek bakarrik zutelako bertan sartzeko aukera. Baxar al-Assad boterera heldu zenean, 2000. urtean, sentsazioa genuen hobeto biziko ginela Europako herrialdeek harekin negoziatuko zutelako eta erraztasunak izango zituelako, baina denborak erakutsi du, geroz eta gehiago eta argiago, lapurtzen ari zela; kasta jakin bati botere ekonomikorako bidea ahalbidetu zion eta korrupzioa areagotu zen.

 

Eta indarkeria ere areagotu zen.

Erregimenak esan zuen hari jarraitu ezean beste inor ez zela izango agintean. Pentsatu zuten bera baino  bortitzagoa zen norbait jarrita haren alde egingo zutela herritarrek eta hala sortu zen ISIS, Irakeko erregimenaren parte-hartzearekin. Siriako erregimenak munduari bidali zion mezua: hau nahi ez baduzue nire bertsio txarrago bat emango dizuet. Erregimenaren besoa da ISIS.

 

Europan uda honetako errefuxiatu oldea ikustea beharrezkoa izan dute agintari eta herritarrek Sirian gertatzen ari denaz jabetzeko?

Bai, askotan sentsazio-kolpeen arabera mugitzen gara eta Turkiako kostan hilda agertu zen Aylan mutikoak ere Europa astindu duela iruditzen zait. Aurretik milaka hildako izan ziren eta ez zen inor mugitu, baina beharbada "etxean" gertatu delako hasi dira oraingoan larritzen. Siriatik irtetzen ari diren milaka lagunak ikusita pentsatzen dut zelako zortea izan genuen nik eta nire familiak handik ateratzeagatik; Ayllan nire alaba izan zitekeela pentsatu nuen.

 

Zer iruditzen zaizu errefuxiatuen inguruan Gasteizen abian den ekinaldia?

Bikaina iruditzen zait, eta ikusten da badagoela jendea mugitu nahi duena. Hasiera batean bakarrik sentitzen nintzen hemen, baina halako ekinaldiek itxaropena eman didate; joan den asteko elkarretaratzean izan nintzen eta poztu nintzen jendeak eman duen erantzunarekin. Gasteizen immigranteen inguruko mugimendu interesgarria dagoela uste dut, agintariren batek xenofobiaren erabilera politikoa egin duen arren. Ni Gasteizen ez naiz etorkin sentitzen, bertakoa sentitzen naiz; harrera beroa egin zidaten ingurukoek eta eskertuta nago.

 

Zer irtenbide du, zure ustez, Siriako gerrak?

Justizia ezartzea. Herriari hitz egiten utzi eta libreki bozkatzen uztea, hori besterik ez. Herritarrek, noski, bizitzaren alde egingo dute, orain arte egin duten moduan; orain ere hori bera egiten ari dira bertatik alde eginda. Horretarako nazioartearen borondatea behar da, noski. Estremistak baztertuta geratuko dira erregimena erori eta hurrengo egunera; ISIS-eko kideak ez dira 70.000 baino gehiago, hogei milioi herritar dituen herrialde batean ez dira deus.

 

Frantzia eta Erresuma Batua ISIS bonbardatzeko prest agertu dira.

Alferrik da. Alferrik da troparik bidaltzen ez bada edo Siriako tropak entrenatzen ez badira; eta alferrik da ISIS-en iturriarekin amaitzen ez badute: Assaden erregimenarekin. Siriarrek eurek erabakitzeko modurik aurkitzen ez badute, kaltetu bakarrak siriarrak izango dira. Assadek eta ISIS-ek hori baliatuko dute hauspoa hartzeko. Lehendabizikoak terrorismoaren kontra ari den aitzakiarekin herritarren altxamenduarekin amaituko du. Eta, bigarrenak, biktima denaren propaganda indartuko du, euren ustez islamaren kontra daudenen aurka jotzeko, hala, gazteak erreklutatzen jarraituko du eta ez gara sekula labirinto honetatik aterako. Momentuz, ordea, Siriak banatuta jarraitzen du eta ez dirudi konponbide erraza duenik, nazioartetik benetako konpromisoa erakutsi arte; badirudi ez dutela presarik konpontzeko, eta Libanon bezala hamabost urte irauten badu gerrak  jai daukagu...

 

Kulturen arteko tesiarekin ari zara. Alde nabarmenik igarri duzu Siria eta Euskal Herriaren artean?

Ni aurreiritzi askorekin heldu nintzen. Siriako erregimenak segurtasunaren inguruko gezur bat sinestaraztea lortu zuen; Sirian jatekorik ez baina kaleak erabat seguruak zirela sinestarazi ziguten, gertatutako krimenak ezkutatzen zituztelako besteak beste, eta Siriatik kanpo segurtasun eza izugarria zela. Horregatik, Gasteizen lehenengo egunetan, gauez etxeko leihotik begiratzen nuen, irtetzeko beldurrez; zorionez, ikaskide eta lagunei esker, aurreiritzi asko bertan behera geratu dira.

 

Siriara bueltatzeko itxaropena daukazu?

Itxaropena eta beharra. Itxaropena dut nire herrira bueltatu eta laguntzeko. Siriara bueltatzea da nire eginbeharra, konpromisoa. Oso ondo nago hemen, baina bueltatu eta lagundu behar dudala iruditzen zait, hemen ikasitakoa eta hartutako esperientzia han baliatzea.

 

Siriaren inguruan galderak egiten al dizkizu alabak?

Bera Gasteizkoa sentitzen da eta guk ez diogu Siriari buruz hitz egiten. Ezin diogu esan, beste hainbatek egiten duten moduan, zein herri polita duen eta udan bueltatuko garela kontatu. Nagusiagoa denean, tragedia barneratzeko gai denean, orduan kontatu beharko diogu.

 

 

Egilea: Anakoz Amenabar. Arabako ALEA

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago