Sebastiao Salgado argazkilari brasildarraren 'Genesia' erakusketa Gasteizen ikusgai

hirinet 2015ko ira. 8a, 02:00

Andre Mari Zuriaren plaza erakustoki erraldoi bilakatu da egunotan eta urriaren 1era bitartean, Sebastião Salgado argazkilari ezagunaren ‘Genesia’argazki erakusketa bertan ikusgai izango delako.

 

‘Genesia’ naturaren handitasun osoa adierazten duen mosaiko sinestezina da. Hiru hamarkada gizateriaren drama eta tragediez hausnartzen eman ondoren, Sebastião Salgado argazkilari brasildarrak gure planetako naturan oinarritutako proiektu honi ekin zion 2004an. “Lurraren handientzari eta hauskortasunari egindako ikusizko oda, galtzeko arriskua dugun guztiaren ohartarazpena”, argazkilariaren hitzetan. 2012ra arte, Salgadok 32 bidaia egin zituen mundu birjinan barrena, non ukitu gabe iraun duten lurreko eta itsasoko paisaiak, ekosistemak eta giza taldeak aurkitu dituen. Horrela, mundu modernoaren eraginari itzuri egin dioten paisaia, animalia eta pertsonen argazkiak dira, poloetan, baso eta sabana tropikaletan, basamortu kiskalgarrietan, glaziarrek mendean hartutako mendietan eta uharte bakartietan egindakoak.

 

Guztira, zuri-beltzeko 38 argazkik osatzen dute erakusketa eta bost ataletan dago banatuta: horietako bakoitzak lurralde zabal bat jasotzen du, bertako ekosistemak eta giza taldeak, non besteak beste, Hegoaldeko Georgiak, Malvinak, Valdés penintsula, Galapago uharteak, Madagaskarreko ekosistemak, Okavangoren delta, Siberia iparraldea zein Kamtxatka penintsula edo Brasilgo edo Venezuelako parke naturalak agertzen diren.

 

Erakusketa la Caixaren Gizarte Ekintzak antolatu du eta Artea kalean programaren baitan kokatzen da, zeinaren bidez, entitateak aire zabaleko museoa bihurtu nahi du Gasteiz, eta nazioartean ospea duten artisten lana bertara ekarri.

 

Sebastiao Salgado

Salgado 1944an jaio zen, Aimorés-en (Minas Gerais, Brasil), eta Ekonomia ikasi zuen, baina 29 urte zituenetik bete-betean dihardu argazkigintzan. Sygma eta Gamma agentzietarako lan egin ondoren, 1979an Magnum Photos agentzian sartu zen, 1994ra arte. Lélia Wanick Salgadorekin batera Amazonas Images sortu zuen urte hartan, hots, bere lanaz esklusiboki arduratzen den agentzia. 2001ean UNICEFen enbaxadore berezi izendatu zuten, eta beste sari askoren artean 1998an Arteetako Asturiasko Printzea saria jaso zuen. ‘Genesia’ gai globalei buruz Salgadok egin zuen hirugarren lana da, Langileak eta Exodoak bildumen ondoren.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago