Iraileko partitura

hirinet 2015ko ira. 8a, 02:00

Oihaneder Euskararen Etxeak prest du iraileko egutegia: ardo dastaketa ikastaroa, folk-rock musika eta euskararen historiari buruzko mintegia; urritik aurrera begira, proposamen emankorra dakar ere: hizkuntza gutxituen zikloa.

Oparo itzuli da oporretatik Gasteizko Euskararen Etxea. Ateak ireki zitueneko lehenengo urteurrenerako aste gutxi falta direnean, ardo beltza, folk-rocka eta soziolinguistika osagaiak dakartza iraileko agendan.

 

Hilaren 11n abiatuko du ikasturteko lehen ikastaroa, Ardoa ezaguStuz izenburupean. Euskal Herriko Unibertsitateko zentzumen-laborategiaren eskutik, parte-hartzaileek ardo dastaketa egiteko oinarriak ikasiko dituzte, zutabe zientifikoetatik abiatuta. Behin ostiralean gutxieneko ezagupenak jaso ondoren, igandean Guardiako upategi bat bisitatuko dute ikasleek. Irailaren 9ra arte eman daiteke izena, 28 euroan.

 

Ardoak  musikari lekua utziko dio hurrengo hitzorduan, irailaren 24an. Eskilarapeko soinuak egitarauaren baitan, folk-rock eta blues doinuak eskainiko ditu Eneritz Furya iruindarrak.

 

Euskarari buruz gehiago jakin nahi dutenentzat, otsailean hasitako mintegiari jarraipena emango diote, Euskararen historian barna: uste dugunetik dakigunera. Zehazki, irailaren 29an izango da hurrengo saioa, Zazpigarren Alabaren euskararen bila gaiaren inguruan Blanca Urgellek eta Koldo Ullibarrik eskainiko dituzten hitzaldiekin.

 

Hitz adina mintzo, hizkuntz  gutxituen zikloa

Urritik aurrera begira ere, proposamen indartsua dakar Oihanederrek: hilean behin, hizkuntza gutxitu batekin lotutako ekintzak eskainiko ditu, Hitz adina mintzo ziklo berrian. Irailaren 23an egingo dute aurkezpena, Gasteizko euskaldunen etxeko urtebetetzearen atarian.  Andoni Barreña euskal filologoaren eta Séchu Sende galiziera irakasleen eskutik abiatuko da zikloa.  Bien artean munduko errealitate linguistikoaren berri emango digute modu hurbil, dinamiko eta umoretsuan. Barreñak  “Zer egin dezake euskaldungoak munduko hizkuntza-galerari aurre egiten laguntzeko?” izeneko hitzaldia eskainiko du. Sendek, berriz, “Hizkuntzak ikasteko hipnosi metodoa eta Galiziako galiziera-portugesaren normalkuntza prozesuari buruzko istorioak” proposamenarekin etorriko da Oihanederrera.

 

Hitz adina mintzo Oihaneder Euskararen Etxeak Hizkuntza Gutxituak ezagutzeko antolatu duen zikloa da. Egitasmoak munduko errealitate soziolinguistikoaren perspektiba zabaltzea eta aberastea du helburu, euskarak mapa linguistiko horretan duen tokitik abiatuta. Horiek horrela, hilero hizkuntza gutxitu bat aurkeztuko da eta hizkuntzaren ezaugarriak, kokapena, egoera soziolinguistikoa eta berezitasunak hurbiltzeaz gain, hizkuntza horren hiztunekin ekintza desberdinak garatuko dira. Horrez gain, hizkuntzarekin lotutako ekitaldi kulturala (kontzertua, proiekzioa…) ere egongo da.

 

Urriaren 21ean galiziera aurkeztuko digu Isaac Xubín (A Coruña, 1978) irakasle eta idazleak Txerra Rodríguez soziolinguista eta hizkuntza aholkulariarekin batera. Hurrengo egunean, urriaren 22an Sés (Maria Xoxe Silvar) abeslari galiziarraren musikaz gozatzeko aukera izango dugu.

 

Azaroaren 18an berriz El Salvadorreko nahuat hizkuntzaren inguruan arituko zaigu Alan King (Lancashire, Ingalaterra, 1954) euskalari, itzultzaile eta hizkuntzalaria. Horrekin batera Tzunhejekat kolektiboko Paula López eta Werner Hernándezekin solasaldia egingo da.

 

Azaroaren 19an aldiz El Tigre y el Venado dokumentala proiektatuko da eta Sergio Sibrián zuzendaria gurean izango da Skype bidez.

 

Egilea: Itsaso Estarrona. Arabako ALEA

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago