‘Reset’, Baskoniak “jatorrira” jo nahi du

hirinet 2015ko ira. 8a, 02:00

Baskoniak pizgarri berriak bilatuko ditu aurten zale arabarrengan ilusioa pizteko asmoz. Taldeak aurreko urteko blokea mantenduko du, Fabian Causseur kapitain berriarekin; Velimir Perasovicek izango du, berriro ere, gidaritza.

Ez dira betiko garai onenak Baskoniarentzat. Urte ugari dira dagoeneko talde gasteiztarrak ez duela aurkitzen iraganean hain berezko zuen izaera. Jokalarien joan-etorriak eta emaitza kaxkarrek aspaldi ezagutzen ez zen atxikimendu falta eragin dute zaleengan. Irabaztera ohituta egon denari, zail egiten zaio poztasunik gabeko denboraldiak igarotzea. Talde eta harmailaren arteko adiskidetzea, baina, bidean da. Iraganeko loriak gehiegizkoak direla aitortuta ere, azken denboraldietako desengainuen ostean, ilusioa berriro piztuko duen denboraldia egin nahi dute.

 

2014-2015 urtean alarma guztiak piztu ziren. Errege Kopatik at geratuta, Ibon Navarro etxeko ikasleak hartu zuen Marco Crespi entrenatzaile italiarraren lekua. Taldeak asko hobetu zuen itxura denboraldiaren erdirako, baina urte bukaera eskas batek intentzio guztiak zapuztu zituen. Euroligan ezin izan zuen fase finalean sartu, baina Ligako play-offetako final laurdenetan Unicajaren aurka etxerako bidea hartzea izan zen kolpe gogorrena.

 

Kirolak, onerako zein txarrerako, ez du etenik eta begirada hurrengo urtean jarrita dute zaleek, jokalariek eta taldeko teknikariek. Gorabeherak ahaztu eta 2015-2016 denboraldian taldeak "jatorrira" jo nahi du. Ligako talde indartsuenei urte askotan zehar begietara begiratzetik, norbere indarguneak ezagutu eta behetik gora begiratzen duten talde txikiaren borrokalari izaerara bueltatu nahi dutela diote taldearen muinetik. Lehendabiziko erabakiak bide horretatik joan dira: izan ere, iazko bloke nagusia mantentzeaz eta jokalari gazteak erakartzeaz gain, etxea ondo ezagutzen duen entrenatzailea jarri dute aulkian.

 

Fitxaketak

Ezin da esan orain artekoa uda lasai eta barea izan denik. Fitxaketei dagokienez, lehena eta garrantzitsuena aulkian izan da. Velimir Perasovicek hirugarren aukera bat izango baitu talde gasteiztarrean; aurretik jokalari eta entrenatzaile bezala aritu da. Kantxan ere aurpegi berriak ikusiko dira. Alberto Corbacho Mallorcako jaurtitzailea, Darko Planinic Bosniako pibot sendoa eta Oderah Asonike estatubatuarra fitxatu ditu Baskoniak. Hirugarren hau Lega italiarreko erreboteatzaile onena izan da aurreko denboraldian. Zapuztutako asmoen artean ere izen bat: Victor Claver. Talde arabarrak aurre-akordio bat izan zuen alero gaztearekin, baina Valentziak tanteoaren klausula bete eta Gasteizko ateak itxi zizkion NBAtik datorren jokalariari.

 

Irteeren artean ere izan da hika-mikarik. Batetik, San Emeterioren irteerak konnotazio emozional handia izan du. Ukaezina da jokalari kantabriarra ikono bat izan dela zaleentzat eta zaila izango dela datorren urtetik aurrera Valentzia Basketen elastikoarekin jantzita ikustea. Bigarren irteera Colton Iverson pibotarena izan da. Kasua oraindik itxi gabe dago eta bide judizialean sartu da prozesua. Aurreko denboraldiaren bukaeran Baskoniak, jokalariarekin sinatutako klausula bati esker, kontratua urtebete luzatu nahi izan zion honi. Ordea, jokalariak bere kabuz Turkiarako bidea hartu zuen; aurten Euroliga jokatuko duen Pinar Krsikaya taldera. Baskoniak ilegaltzat eman du mugimendua eta epaiketetara eramango du jokalaria.

 

Zaleek laster egin dute dantza honen ondorioen analisia. Eta gutxi dira balantza horretan irteerak eta sarrerak jarri ostean emaitza positiborik ikusten duenik. Dena den, beti bezala gal-irabazien benetako emaitzak hurrengo hilabeteetan ikusiko dira. Argi dago zuzendaritzak aldaketak egitearen aldeko apustua egin duela. Berriro ere, etxea azpitik eraikitzeko asmoak sumatzen dira. Ederragoa baita txikitik handira egiten den birsorkuntza bidea, handitik txikira egiten den behartutako bidea baino.

 

Egilea: Koldo Akordarrementeria. Arabako ALEA

Irudia: Baskonia

 

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide