[IRITZIA] Astiro

hirinet 2015ko ira. 8a, 02:00

Aste bat. Oporrak hartzeko zortea izan baduzu, dagoeneko, erdi ahaztuta dituzu. Aste bat baino ez da igaro. Mundu oso bat. Dagoeneko komunikabideetan oporren osteko depresioari aurre hartzeko aholkuak, aurten ere, entzun dituzu; enegarren aldiz. Lankideek oporretako argazkiak erakutsi dizkizute sakelakotik bertatik.

Irailean gauzak ez daude uztailean baino hobeto. Siria, Afrika… odolusten ari dira. Errefuxiatu legalei ere armez, hormez eta xaflez osatutako mugak eraikitzen zaizkien bitartean, bost izarreko hoteletan biltzen diren Europako agintari miserableen bekaizkeriak mugarik ez duela dirudi. Mugak: han eta hemen: barruan eta kanpoan. Mediterraneoa: atseden-leku, bizi-bide eta hilobi erraldoia. Europa: giza-eskubideen paradisua gotorleku erraldoia bihurtuta.

 

Hil honetan inkognita interesgarri asko daude. Kataluniako hauteskundeak esaterako. Lortuko al dute indar independentistek gehiengo absolutua? Zer eragin izango du horrek Euskal Herrian? Eta Gasteizen, argituko al da behingoz zein den Udalaren egoera finantzarioa? Dramak eta inkognitak. Azter ditzagun patxadaz. Antsietateak ez du ezer onik ekartzen. Depresioa eta frustrazioa baino ez. Pasa gaitezen slow filosofiara: slow food, slow journalism, slow fashion, azken batean slow society. Planeta sostengarriagoa lortzeko egin ditzagun gauzak astiro. Astiroago eta hobeto.

 

Egilea: Txema Rmz. De la Piscina. Arabako ALEA

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago