[IRITZIA] Europako Gazteen Topaketa, Gasteiz barik

hirinet 2015ko ira. 7a, 02:00

Avila, 2015eko abuztuaren 4ko astea. Gaztela zaharrean ospatzen da, estatu mailako Elizan, eta duela 500 urte, pisu doktrinal handiena izan zuen andrearen urtemuga: Teresa Deunarena, hain zuzen. Europako Gazteen Topaketak (EGT) antolatu ziren santuaren jaioterrian, Teresaren bizitzan interesaturik zeuden hainbat gazte jasotzeko.

 

Egun, “ahaldundutako” emakume gisa hartu genezakeen moja horrek, Karmeloko ordena biziberritu eta hainbat komentu sortu zituen Penintsulan zehar. Gasteizen, 1900an jaio zen ordena honetako lehen eliza, gaur egun Manuel Iradier kalean dagoena.

Baina santu honek gure tokiko elizarekin izan dezakeen loturaz gaindi, eta nahiz eta Espainiako Gotzainen Elkarteak elizbarruti guztiei parte hartzeko aukera eman, oihartzunak ez omen zuen Araban eraginik izan. EGT-tan estatuko toki guztietatik etorritako gazteak ikusi zitezkeen, gipuzkoar eta bizkaitarrak barne, baina ez nuen Arabako talderik ikusi. Gasteizko Elizbarrutiko webgunean ere ez dago ezer Topaketari buruz, deialdia Europa mailakoa izan arren –  horregatik zeuden Avilan hainbeste italiar eta poloniar –.

 

Gasteizko Elizbarrutiaren jarrera ezin da ulertu, ekitaldia sikiera quórum eta parte-hartzen aldetik oso arrakastatsua izan baitzen. Saretik ez bada, parrokien bidez hedapena eman ziezaiokeen. Nik behintzat Burgosko Gaztediaren Delegazioarekin dudan harremanagatik jabetu nintzen EGTaren existentziaz, bai eta honi esker bertaratu. Elizbarrutiak ekitaldiari hedapenik eman bazion, pentsa liteke erantzun nahikorik ez zuela jaso, eta ondorioz, gogoeta egiteko garaia da: nola jokatzen du Arabako Elizak gazteekin? Hauen parte-hartzea eta fedea sustatu egiten al du? Beste herrietako kristauekin harremantzera bultzatzen al ditu? Edo harreman horiek mozten? Hala bada, zergatia ez dago oraindik argi, eta jarrera unibertsala duen katolikotasunarentzat larria dateke.

 

Egilea: Aitor Castañeda, ikerlaria @aitor_castaneda

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago