Irabazten duen ostalaritza establezimenduak Euskal Herriko Pintxoen Txapelketara joateko aukera izango du. Aurtengo edizioaren berritasun nagusia gastronomiaren eta magiaren uztarketa da. Izan ere, XXVII. "Magialdia" Nazioarteko Magia Jaialdia, irailaren 14tik 20ra egingo dena, egun batzuetan bat egingo duenez Aste Nagusiarekin, bi ekitaldien antolatzaileek zenbait jarduera prestatu dute elkarrekin, bi gertaeren promozioa eta zabalkundea indartzeko asmoz.
Parte hartzen duten hamar establezimenduk zuzeneko magia emanaldiak eskainiko dituzte eta horrekin batera beste berritasun bat ekarri du Magia Jaialdia: "Magialdia pintxoa" kategoria berria. Horretarako 12 jatetxe eta taberna lehiatuko dira, eta guztira 16 pintxo mota prestatu dituzte.
Irailaren 24an final handia izango da. Finala epaimahai profesionalak -gastronomo ospetsuek osatua- aukeratutako zortzi pintxoen artean izango da. Aukeratutakoek epaimahaiaren aurrean egingo dituzte pintxoak. Urrezko Pintxoa -Euskal Herriko Txapelketan Arabako ordezkaria izango dena-, Zilarrezkoa, Brontzezkoa eta Magialdia Pintxoa sariak banatuko dira egun horretan.
Arabako Pintxoaren Aste Nagusian zehar, nahi duenak SMS bidez botoa eman dezake gustukoen izan duen mokaduaren alde, eta hori kontuan izanik, Pintxo Herrikoia aukeratuko da. Parte hartzeak badu beste pizgarri bat, bi pertsonarentzako Teneriferako bidaia bat zozketatuko baita boto-emaileen artean. Zozketa notarioaren aurrean egingo da, eta emaitza irailaren 24an bertan ezagutaraziko da.
SEA Ostalaritzak antolatu du Aste Nagusia, Gasteizko Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren, Basketourren eta Euskadi Gastronomikaren laguntzarekin.
Gastronomia ekitaldi honek sektorea eta haien produktuak publikoaren artean ezagutarazten eta zabaltzen laguntzen du, barrako ostalaritza girotu eta dinamizatzen du, eta Arabako Lurralde Historikoko establezimenduetan eskaintzen den sukaldaritza mota horren kalitatea hobetzen du.
Antolatzaileek establezimenduek egindako ahalegina azpimarratu nahi izan dute, lehiaketara aurkeztutako 66 pintxoek jauzi kualitatiboa eman baitute aurreko edizioaren aldean, bai itxurari bai sorkuntzari dagokienez.