Lucio Urtubia anarkista nafarrak hitzaldia eskainiko du gaur Aldabe gizarte etxean

hirinet 2015ko ira. 7a, 02:00

Gaur, eta sortu berria den Orbain Kultur elkartearen eskutik, Lucio Urtubia anarkistak hitzaldia eskainiko du, arratsaldeko 19.40an Aldabe gizarte etxean.

Aurretatik, 18.30ean, Urtubiaren inguruko dokumentala eskainiko dute. Anarkista, lapurretagilea, faltsutzailea eta, batez ere, igeltseroa izan da Lucio Urtubia. Antolatzaileek azaldu duten moduan, 20 milioi dolar baino gehiago lortu zituen 70eko hamarkadan, Citybank-eko bidai txekeak faltsutzen. Hori dela eta, "askorentzat Robin Hood garaikidea da Urtubia lortutako diru guztia hamaika borroka iraultzaileen artean banatu zuelako".

 

Lucio Urtubia Nafarroako Erriberako Cascante herrian jaio zen, familia oso pobre batean. Aita kartzelan sartu zuten karlista zelako, eta komunista bilakatu zen han. Gero, anarkismoaren berri izan zuenean, ohartu zen bera benetan anarkista zela. Soldadutza egiten ari zela hasi zen kontrabandoan Espainiak eta Frantziak ezarritako mugan. Bere konpainiako biltegi batetik militantziarako material baliagarria pixkanaka lapurtzen hasi ziren. Baina azkenean ohartu egin ziren militarrak eta Luciok, baimen batengatik etxean zegoela aprobetxatuz, Frantziara alde egin zuen.

 

Parisen igeltsero zuen lan. Bertan gazteria anarkistekin biltzen hasi zen. Handik, gutxira, bere militantzia ikusirik, Makis gerrilla antifaxistako Quico Sabaté ezkutatzeko eskatu zioten. Sabaté erreferentea izan da ordutik, Luciorentzat. Quico atxilotu egin zuten Frantzian; eta Luciok, Quico imitatuz, askatu bitartean, hainbat desjabetze burutu zituen.

 

Azkenean desjabetzeak alde batera utzi zituzten. Izan ere, faltsifikazioekin bankuei dirutza ikaragarriak lapurtzeko gai zirela ohartu ziren. Faltsifikazio oso landuak egitera iritsi zen. Identitate dokumentuak, pasaporteak eta bankuetako txekeak egiten zituzten 

 

Urtubiak egindakoen artean nabarmenetako bat 70eko hamarkadan AEBetako Firts National City Bank bankuari egindako iruzurra dago. Orduko 3.000 milioi pezetako kostua zuten txekeak faltsifikatu zituen Urtubiak, eta bankua kiebra jotzeko zorian egon zen. 

 

Diru hori Latinoamerikako eta Europako mugimendu iraultzaileei eman zien anarkistak. Urtubia atxilotu egin zuten, baina soilik sei hilabeteko espetxe zigorra jaso zuen, Frantziako abokatu ezkertiarrek emandako laguntzari esker. City Bank legez besteko akordioa egin zuen azkenean nafarrarekin: bankuak karguak erretiratu behar zituen eta Urtubiak faltsifikaziorako plantxak eman.

 

Amerikako bankuko txekeekin Estatu Batuak hondoratzeko plana azaldu omen zion Che Guevarari. Justiziak hainbat tira-bira izan zituen bahiketa batean ustezko parte-hartze batengatik eta faltsifikazioengatik. Gaur egun Parisen bizi da.

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago