"Ohiko musika jaialdiak merkantilizatu egin dira" Iker Arroniz

hirinet 2015ko ira. 4a, 02:00

Iker Arroniz, Gasteiz Calling jaialdiko sustatzailea, "Musikak gero eta garrantzi txikiagoa duen" jaialdi handien formatu ezberdina eskainiz, arronizek "punk rock kontzertu handia" antolatu du astebururako Gasteizen.

 

 

Uztaileko Birra Zuzenean atzean utzita eta urriko Mugako jaialdi elektronikoa zerumugan, Gasteizko Jimmy Jazz aretoko lantaldea atsedenik gabe ari da lanean. Iker Arroniz buru, larunbat honetan Iradier Arenan Gasteiz Calling jaialdia estreinakoz abiatu eta "tribu eta klan giroa" sortuko dute. Motorrak berotzeko, "Warm Up Party"-a eskainiko dute bezperan.

 

Ba al dago Gasteizen beste jaialdi bat egiteko tokirik?

Gasteiz Calling ez da berez jaialdi bat. Jaialdiak bizpahiru egunekoak izan ohi dira. Gasteiz Calling, aldiz, egun bakar bateko kontzertu handia izango da, bederatzi talderekin. Kontzertu horren atzetik Jimmy Jazz aretoko kideak gaude; hau da, Gasteizen astero-astero musika programatzen aritzen garen jendea. Gasteizko musika eskaintzaren %85a antolatzen dugu guk eta hiriko beste pare bat aretok, instituzioek apenas programatzen dutelako musika garaikide eta anplifikaturik, hau da, hip hopa, reggaea, dancehall...

 

Zergatik da Gasteiz Calling ohiko jaialdien ezberdina?

Ohiko musika jaialdiak merkantilizatu egin dira: musikak gero eta garrantzia txikiagoa du horietan, eta inportantzia handiagoa hartzen dute lekuak, festa giroak eta ekitaldiaren inguruan sortzen diren gizarte-harremanak. Asko puztu dira, instituzioen diru-laguntzei esker neurri batean, hiriek horietan interesa dutelako, suposatzen duten zabalpenagatik. Horrekin ez dut esan nahi jaialdi horiek positiboak ez direnik, jakina. Gasteizen, gainera, ez dago musika anplifikatuko hainbeste jaialdirik: Azkena eta Jazzaldia, bi-biak guztiz sendotuta; beraz, bai, badago tokia beste ekimen batzuetarako. Gasteiz Calling gainera beste formatu bat da: oso apustu estilistikoa egin dugu, bederatzi banda ekarri eta sei mila lagun inguru biltzeko.

 

Ausart hasi zarete, kartel indartsu batekin. Zeintzuk izan dira eskaintza hori osatzeko gakoak?

Batez ere, gogoak. Ezaugarri zehatz batzuetako jaialdia egin nahi genuen, punk rock eta hardcorean oinarrituta, eta nahi genuen kartela lortu dugu: Jello Biafra eta The Toy Dolls ekarri ditugu, adibidez, Jimmy Jazzen publikoak harrera ezinhobea egin zielako. Bestalde, baditugu Bad Religion eta Good Riddance, eta Gasteizkoa izango da Europa hegoaldean aste hauetan eskainiko duten kontzertu bakarra. Horrez gain, taula gainera igoko dira ere Kataluniako Blowfuse eta bertako Estricalla eta Gatillazo, besteak beste.

 

Bertakoek ere lekua dute, beraz...

Nazioarteko taldeak ekarri nahi genituen, eta era berean Gatillazo bezalako banda bati bultzada berezia eman; batzutan esan ohi da hemengo taldeei ez zaiela aukerarik ematen, baina Jimmy Jazzetik Euskal Herri osoko bandek jotzen dute urtean zehar antolatzen ditugun 120 kontzertuetan. Talde bakar batek ihes egin digu, baina hurrengo ediziorako hitzartu dugu...

 

Bigarren edizioan pentsatzen ari zarete dagoeneko, lehena oraindik ospatu gabe?

Bai, baina ez dugu oraindik iragarri nahi, lehenago  asteburu honetako edizioaren emaitza ikusi nahi dugulako. Soinu aldetik nola doan probatu behar dugu, eta auzokideekin ere harremana nolakoa den ikusi. Dena ondo baldin badoa, bigarren ediziorako bi-hiru talde nagusiak, printzipioz, hitzartuta ditugu.

 

Zer publiko mota erakarri nahi izan duzue?

Batetik, publiko nagusia egongo da, 80-90. hamarkadako bandak ditugulako. Garai hartan 20 urte zituztenek orain 45-50 dituzte. Bestalde, punk rocka eta hardcorea atsegin duen jende gaztea egongo da ere. Penintsulako hiri askotan saldu ditugu sarrerak: Lisboa, Bartzelona, Madril, Zaragoza, Burgos, Iruñea, Bilbo, Donostia... Euskal Herriko eta estatu osoko jendea etorriko da, eta baita Europa hegoaldekoa ere, Burdeosetik beherakoa batez ere.

 

Harrera ona izan duzue, beraz?

Oso ona. Taldeek gogoa dute, eta haien artean harreman ona gainera; batzuk besteei elkarrizketak egingo dizkiete jaialdiko aldizkarirako. Beste zenbait taldek ere deitu digute, jotzeko gogoz.

 

Eta instituzioen aldetik?

Orain arte ez digute traba handirik jarri, ohikoak izaten diren oztopoetatik harago. Diru-laguntza publikorik ez dugu. Konparatzearren, iaz garagardo artisauaren azoka egin zen Iradier Arenan eta diru-laguntza handia jaso zuen...

 

Iradier Arenaren akustikak oso fama txarra du. Nola aurre egingo diozue horri?

 Iradier Arenaren akustika txarra da, eta egon izan dira soinu penagarria izan duten ekitaldiak, adibidez Leo Harlem umoristaren bakarrizketa. Hala ere, merezi duena baino fama oraindik okerragoa du; gaur egun egiten diren erabilera anitzeko gune gehienek akustika txarra dute. Donostian, Ilunbe zezen plazak Gasteizkoak baino akustika txarragoa du. Burgosen ere, zezen plaza eraldatuko dute, eta soinu baldintzak hemengoa baino okerragoak izango dira ere. Ez dakit zergatik egiten diren gauzak hain gaizki. Iradier Arenan, soinuak errebote handia du, baina hori hainbat modutan leundu daiteke: estaldura irekiz, oihalak jarriz, soinu ekipo oso onak erabiliz, plaza jendez betez eta abar. Aukera horiek guztien gainean egin dugu lan, soinu ingeniari oso onekin. Lan horri esker, soinu duina lortuko dugula uste dut. Jaialdi handietan ere ez pentsa soinu ona lortzen denik beti: Mendizabalan, haizea indartsu badabil, ez duzu ia ezer entzuten, edo bateriaren soinua galtzen duzu...

 

Gasteiz Calling eta FestVal aldi berean izango dira. Pantailaren eta rockaren izarrak eta zaleak hiritik solte...

Galdera tranpa dirudi...! Kar kar. Kointzidentzia izan da, baina ondo dago aldi berean halako bi gauza egitea. Etxe guztietan bezala, jende oso jatorra eta oso desatsegina dago bai telebistan bai rockean ere, baina telebista jaialdia eta Gasteiz Calling antagonikoak dira, publiko ezberdinentzat pentsatuak. Rockaren eremu honetan ez dago fan fenomeno berezi hori. Klan eta tribu giroa egongo dela uste dut. Urteak ziren halako punk-rock jaialdi bat ez zela antolatzen eta, Euskal Herria hain punk rockeroa izanik, ziur ongi etorria izango dela.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago