'Arabarrak euskaraz egiten ikusteak ilusio handia egin dit' Matias Aseginolaza, Aguraingo arbasoak dituen amerikarra

Euskararen Agenda 2015ko ira. 4a, 02:00

Aurtengo Jaialdin euskal arabarrekin topo egitea erraza izan da, ez ordea amerikar arabarrak aurkitzea. Matias ezagutu ondoren, erronka gaindituta dagoela esan daiteke.

Eraikuntzan egiten du lan erroak Agurainen dituen arabar amerikarrak. Lautadan lan aukera eskasa zela eta, Matiasen aitak Idahora emigratu zuen 70. hamarkadan. Ordurako aitaren bi anaia bertan ziren artzain lanetan. Gutxira bere amak ere Boiserako bidea hartu zuen eta bera bertan jaio zen.

 

Arabar jatorriko euskal amerikarra izanik, Boisen exotikoa zarela esan daiteke, izan ere, ez dugu beste inoren berri izan… Ba al dago?

Nik dakidala ez dago bertan jaiotako jatorri arabarreko beste inor. Idahoko euskal amerikar gehienak bizkaitar jatorrikoak dira eta Kalifornia eta Nevadan Iparralde eta Nafarroakoak.

 

Araba ezagutzen duzu?

Umetan uda askotan Agurainera joaten ginen. Zazpi urte nituen joan nintzen lehen aldian. Ostean ia hiru urtez Gasteizen bizi izan nintzen, institutuko 2. eta 3. ikasturteak bertan egin nituen. Oso zorteduna naiz nire arbasoen kultura, erroak, ingurua… lehen eskutik ezagutzeko aukera izan dudalako.

 

Zure arbasoek euskaraz egiten zuten? Ikasi nahiko zenuke?
Aseginolazatarrak berez Idiazabalgoak gara, gure birraitona hangoa zen eta euskaraz egiten zuen. Agurainera joatean egiteari utzi zion eta denborarekin gure familian euskara galdu zen zoritxarrez. Gaur egun pozik nago egoera aldatzen ari delako, bertako lagunek euskaraz egiten dutela ikusteak ilusio
handia egiten dit. Hemen zorionez ikastola eta helduentzako euskara ikastaroak ditugu, asko gustatuko
litzaidake ikastea, baina momentuz ez dut aukerarik izan.

 

Zer nabarmenduko zenuke aurtengo Jaildiz?
Ederra izan da, aspaldian ez naiz Euskal Herrian egon eta, aldeak alde, bertan egon izan banintz bezala sentitu naiz, giroa itzela izan da. Sinestezina da hainbeste urte igarota eta milaka kilometroko urruntasuna tarteko ohiturei horren sendo eustea. Giro euskaldun eta yankiaren uztarketa bikaina da Jaialdi, gero eta jende gehiago erakartzen duena. Etorkizunean handitzen eta hobetzen jarraitzea espero dut, plaza ezinhobea da euskal kultura komunitate internazionalean erakusteko.


Nola bizi duzu Euskal Herria urruntasunetik?

Euskal Herria nazio modernoa dela uste dut, izaera, ohiturak eta kultura mantenduz etorkizunera begira dagoena. Europako herri berdingabea izan da eta izaten jarraitzen du.

 

Egilea: Ane Pedruzo

 

Erreportaje osoa: Araba Far Westen

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago