"Alzheimerra duten lau mila gasteiztarrengana heldu nahi dugu"

hirinet 2015ko ira. 3a, 02:00

Gasteizen zehar "galdutako" panpintxoen bidez, alzheimerraren egunera begirako kanpaina abiatu berri du Afaraba Elkarteak, Maribel Perea buru (Lalastra –Añana–, 1955). Araba osoan bost mila bat pertsonek dute Alzheimerra edo beste dementziaren bat, azken kalkuluen arabera. Gehienak, Gasteizen. Horietatik, 800ek jo dute Afaraba elkartearengana. "Gainerako guztiengana heltzeko", kanpaina abiatu dute asteburu honetan, bi aste barru ospatuko den nazioarteko egunari begira.

 

Irailaren 21ean Alzheimerraren eguna ospatuko da. Zergatik dira  beharrezkoak hori bezalako data seinalatuak?

Alzheimerraren eguna da, eta baita beste dementzia batzuena ere; gainerako horiek ezin ditugu ahaztu.  Egun hori zertarako? Gizarte osoa sentsibilizatzeko, baina, batez ere, gaixotasun hori etxean bizi izaten ari diren herritarrengana heldu eta gure laguntza eskaintzeko, familia askok ez baitituzte ezagutzen eskura izan ditzaketen baliabideak.

Zeintzuk dira ezezagunak diren dementzia horiek?

Dementzia frototenporala,  dementzia baskularra, Lewyren dementzia, parkinsona, eta abar. Abizen asko izan ditzake dementziak.

Asko dira oraindik ere zuena bezalako elkarteen laguntza baliatzen ez duten familiak?

Araban, 5.000 pertsonek daukate dementzia, azken kalkuluen arabera;  gehienak, Gasteizen. Aldiz, elkartean 800 bazkide baino ez ditugu. Gainerako 4.200 familia horiengana heldu nahi dugu.

Zergatik daude ia lau mila hiritar babes sare horretatik kanpo?

Batzuk ez dute elkartearengana jotzen ez dutelako behar, gaixotasunari aurre egiteko behar bezain beste baliabide daukatelako; beste batzuk, ez dutelako elkartea ezagutzen; eta, gehiengoa, ez duelako urrats hori ematen.

Estigmak eta besteek esan dezaketenari beldurra al daude oraindik?

Besteek esan dezaketenari beldurra baino, norberak bere buruari gertatzen ari dena aitortzeko beldurra izaten da ohikoena. Esaten ez duguna existitzen ez dela pentsatzen dugu askotan, eta ez da hala. Estigmak gainditzeko lan egiten dugu elkartean, gaixoei eta, batez ere, gaixoen familiei duintasuna emateko, azken horiek baitira gehien sufritzen dutenak. Dementzia bat ez da pertsona bakarrari egiten zaion diagnostikoa, familia osoari egiten zaiona baizik, kide guztiengan eragina izaten duelako.

Zer ez dakigu Alzheimerrari buruz, jakin beharko genukeena?

Gertatzen ari dena ez aitortzeagatik, batzutan diagnostikoa atzeratzen dugu, eta diagnostiko goiztiarra oso lagungarria da. Garrantzitsua da hori jakitea. Gero eta lehenago hasi botikak hartzen eta psikoestimulazio ariketak egiten, orduan eta bizi-kalitate hobea izango dute gaixoek  tarte luzeago batez, gaixotasuna motelago garatuko delako. Badago ere ez dakigun beste zerbait: Alzheimerra ez dela buruko gaixotasun bat.

Zeintzuk dira gaixoentzat eta familientzat oztopo nagusiak?

Diagnostikoari nola aurre egiten jakitea da oztoporik handiena. Neurologoek askotan ez dute behar beste astirik  dena ondo azaltzeko. Diagnostikoa ematen dizute eta sei hilabete barru itzultzeko esan. Eta bitartean? Neurologo askok gure elkartearengana bidaltzen dituzte familiak. Bestalde, familientzat ez da erraza izaten instituzioen laguntzak lortzea; gaur egun, dependentzia egoeraren balorazio baxuak egiteko joera dago, nolabait esatearren, eta balorazio baxua eginez gero ez dizute laguntzarik ematen. Nola edo hala moldatu behar izaten dira familiak.

Neurologoek azalpen nahikorik emateko denborarik ez dutela izaten esan duzu. Gure osasun sistemak gabeziak dituela iruditzen zaizu?

Ez nintzateke hain drastikoa izango, bestela neurologoak nirekin haserratuko direlako. Agian denbora gehiago eskaini nahiko lukete eta ezin dute; baina, egia esan, familiek arreta gehiago behar dute, ez bakarrik gure kasuan, baizik eta beste gaixotasun askoren kasuetan ere.

Osasun sistemak ez duen denbora hori eskaintzen duzue elkartean, beraz. 

Gugana bidaltzen dituzte gaixoak, behar den denbora guztia dugulako elkartean. Hizkuntza berdina hitz egiten dugu denok, arazo berdinari aurre egiten ari gatzaiolako.

Instituzioen laguntzak nahikoak al dira?

Badaude laguntzak, baina motelegi kudeatzen dituzte maiz. Behar bat duzunean, orain duzu beharra, ez hiru hilabete barru. Horrek arazoak dakarzkio familia askori.

Hasi berri den kanpainarekin, zer mezu zabaldu nahi duzue?

Familiak elkartera gerturatzera animatu nahi ditugu, aurtengo leloan diogun moduan, Dena hobe doalako elkarrekin bagoaz.

Nola jakin dezakegu gu ote gauden 4.200 horien artean?

Seinale asko daude, baina labur azaltzearren: giltzak behin baino gehiagotan galtzea ohikoa izan daiteke; arazoa da giltzak zertarako behar dituzun ahaztea. Alarma piztu behar da orduan. Hobe da zuhurregi izatea, diagnostikora berandu iristea baino.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago