Araba Far Western

Euskararen Agenda 2015ko ira. 3a, 02:00

Uda honetan zazpigarren Jaialdi ospatu du Boisek (Idaho), bost urterik behin antolatzen den euskal diasporaren jai erraldoia. Hango eta hemengo arabarren istorioak hurbiltzeko erronkari helduta, ALEA aldizkaria bertan izan da.

Mundua migrazio krisi lotsagarri eta bidegabean murgilduta dagoen honetan, mendeetan zehar gure arbasoek ere aukera hobeagoen bila emigratu behar izan zutela gogora ekartzen duen efemerideari heldu dio aleak oporretatik bueltan. Izan ere, aurtengo udan milaka lagun bildu dira Boisen (Idaho) Jaialdi ospatzeko, Amerikako Estatu Batuetako (AEB) euskal diasporaren jairik garrantzitsuena.

 

Euskal emigrazioa, labur
XV. mendean Europak “Mundu Berria” aurkitu eta arpilatzen hasi aurretik euskaldunak egonak ziren Ozeano Atlantikoaren beste aldean. Baleen atzetik heldu ziren euskal arrantzaleak lurralde urrun eta ezezagun horietara. Orduan bezala, Ameriketarako mendeetako euskal emigrazioaren arrazoi nagusia ekonomikoa izan da, unean uneko faktoreak ahaztu gabe; politiko-erlijiosoak, presio demografikoa, soldaduska, gudak, diktadurak… XIX. eta XX. mendeetan, emigrazioaren gorakada nabarmena eman zen. Ipar Amerikan New Yorkera heldu ziren euskaldun ugari. Kontinentea ekialdetik mendebaldera zeharkatzen zuen trenbidearen sorrerak mendebaldeko lur idorretara ailegatzea erraztu zuen. Kalifornia, Nevada, Idaho, Oregon, Arizonara… iritsitako asko eta asko artzain lanetan ibili ziren. Euskal artzainek, emigrante garaikideek ez bezala, oraindik hesi askorik gabeko lurraldea topatu zuten eta, oztopoak-oztopo, bizitza berri bati ekin zioten sorterritik milaka kilometrora.

 

Boise, AEBetako diasporaren hiriburu
Amerikako Estatu Batuetako ipar mendebaldean kokatuta dago Idaho. Milioi eta erdi lagun bizi dira bertan, Euskal Herriko biztanleriaren erdia, gutxi gorabehera. Lurraren dimentsioari erreparatuta, ordea, oso bestelakoa da errealitatea. Hollywoodek pantaila handira eramandako naturaren handitasuna, distantzia mugagabeak, herri bakarti eta arrantxo sakabanatuak bertako egunerokoa dira.


Euskal Herria halako lau da Idaho, milioi eta erdi biztanlerekin; horietako askok euskal jatorria dute

Boisen, hiriburuan, bizi diren 210.000 hiritarren artean askok euskal jatorria dute, Bizkaia aldekoa, batez ere. Esaterako, David H. Bieter hiriko alkatearen aitona-amonak Lekeitio eta Larrabetzukoak ziren, hurrenez hurren. Euskaraz eta harro kontatzen du Air Force One hegazkinean Obamarekin joan zenekoa. “Hori egin duen bosgarren alkatea naiz. Bertan euskaldunei buruz hitz egiten aritu ginen”. Ostean horren aipamena egin zuen Obamak Boise State Unibersityn emandako hitzaldian: “Jendea hunkitu egin zen”.

Boiseko euskal komunitate indartsuaren ondorioa da, besteak beste, aipatu unibertsitatean garatzen den Basque Studies programa. Eraikina estreinatu berri duen ikastola ere badago Boisen, Euskal Herritik kanpo euskal kultura murgiltze ereduko haur-eskola bakarra da. Gaur egun bost urtera bitarteko 23 umek ikasten dute bertan.

 

Basque Blocka (euskal auzoa) da Boiseko euskal komunitatearen muina. Grove hotelaren aurreko euskal murala pasa eta Laiak izeneko eskulturarekin topo egin ostean Grove Streeta dago, Basque Blockeko kale nagusi eta bakarra. Kalea zeharkatu bitartean lurrean arreta jarriz gero, espaloiak apaintzen dituzten euskal deiturak, kantak eta armarriak ikus daitezke. Gernika taberna igarota Juan eta Juana Anduizak 1914an eraikitako "Anduiza hotel and fronton" dago eta aurrerago Basque Museum and Cultural Centerra, AEBetako euskal museo bakarra, 1985ean sortua. Euskal diasporaren historian sakontzeko eta askotariko euskal oroigarriak topatzeko lekua. Ondoan Uberuaga house dago, izen bereko familiaren euskal ostatua izandakoa, egun museoaren parte dena. Kalearen amaieran Basque Centerrean geldialdia egitea saihestezina da. Beheko solairuan taberna eta, besteak beste, Athleticeko eta pilota partiduak ikusteko darabilten areto handia daude, goiko solairuan gela txikiago bat, mus txapelketak hartzen dituena. Musika jo, kantatu, solastu… bat egiteko tokia da Euskal Etxea. Hau behin itxita aurrean dagoen Leku Ona taberna toki aproposa izan daiteke azken tragoa hartzeko.

 

Ospe bera dute arabarrek eta idahotarrek: ozeanoaren bi ertzetako 'patateroak' dira

 

Baina Boise euskalduna ez da Basque Blockean amaitzen. Beste hamaika adibideren artean  nabarmentzekoak dira kotxeen matrikuletan irakur daitezkeen euskal izen edo “askatu” eta “famous potatoes” bezalakoak. Idahon AEBetako pataten herena ekoizten denez ongi merezia dute "patatero" ospea, arabarrek Euskal Herrian bezala. Araba-Idaho arteko lehen loturak agertzen hasi dira.

 

Herri bat Ozeanoaren bi aldeetan

Boisen euskal presentzia handitzea zaila dirudien arren, bost urterik behin biderkatzen da Jaialdin. Zenbatengatik biderkatzen den zehazki jakitea zaila denez, "kroketometroaz" baliatzen dira boisetarrak, alegia, saldutako kroketa kopuruan oinarritzen dira bisitari kopurua kalkulatzeko. Aurten prestatutako 51.000 kroketak agortuak ziren San Ignazio egunerako eta Jaialdi abuztuaren 2an bukatu zen, beraz bota kontuak.

Euzkaldunak Euskal Etxeak 1987an antolatutako euskal kulturaren jardunaldia da Jaialdiren aitzindaria. Asteburu bateko iraupena izan zuen ekitaldiak 30.000 lagun erakarri zituen. 1990ean berriz antolatu zen eta orduan erabaki zen bost urterik behin egiten jarraitzea. Urte gutxiren buruan nazioarteko izaera duen diasporako topaketa garrantzitsuena bilakatu da. Aurtengoa zazpigarrena izan da.

Boiseko kapitolioan ikurriña Estatu Batuetakoaren pare egon da Jaialdik iraun duen sei egunetan. Eskaintza kulturala, 93 orrialdeko monografikoa betetzeko adinakoa. Kepa Junkera eta Sorginen erritmoan abiatutako festan, agertokia eta plaza partekatu dute Boiseko
Oinkari, Iruñeko Ortzadar eta Chinoko (Kalifornia) Gure Ametsa dantza taldeek, beste askoren artean. Donostiako Irrintzi Konpartsako Ilargi, Eguzki eta Lurra erraldoiek eta beraien ipotx lagunek ere lehen aldiz bisitatu dute Boise eta hamaika herritako trikitilari, albokari eta panderojoleen musikak dantzan jarri ditu txikiak eta handiak. Herri kirolak, hitzaldiak, dantzaldiak, erakusketak, bertsoak… zorrotzena ere asetzeko moduko agenda.

Lehendakari bezala joandakoan baino askoz agenda libreagoa izan du Juan Jose Ibarretxek. Aurtengo Jaialdin "Together or nothing at all, it is time to weave wills" jardunaldian hitzaldia eskaini du Gure Esku Dago mugimenduarekin batera. Bilbo New York baino garrantzitsuagoa dela Laudio ondoan dagoelako esanez bukatu du hizketaldia, arabar jatorriaz eta bere herriko alkate izan zelako harro. Konpromiso ofizialik gabe, bigarrena duen Jaialdi nahi bezala antolatu eta jendearekin egoteko aprobetxatu du. “Euskaldun batentzat garrantzitsuena ondokoen maitasuna da eta egunotan maitasun handia ematen eta jasotzen ari naiz”.

Basque Blocken, hangoek eta hemengoek osatutako saski-naski kuadrillak nonahi. Getxo, New York, Irun, Gasteiz, Zuberoa eta Boiseko lagunen arteko solasaldiak eguneroko ogia. Basque Centerra jendez gainezka egon da egunero. Bertan, dozenaka ahots desberdin Boga boga marinela doinu zaharretik Gure Esku Dagoren kanta garaikidera saltoka. Grove Streeteko edozein tabernako txoko txikiena ere Euskal Etxea bezain aproposa izan da fandango, arin-arin edo jauziak dantzatzeko.

 

"'Self confidence' bat: Bilbo New York baino garrantzitsuagoa da Laudio ondoan dagoelako"

JUAN JOSE IBARRETXE. LEHENDAKARIA

 

Gauean tabernak ixterakoan, Euskal Herrian baino dezente lehenago, gehiegikerietan handiena, agian, Xalbadorren heriotzean edo Matalaz kantatzeko elkarri helduta osatutako borobil erraldoiak.

Expo Idaho guneak hartu ditu Jaialdiko azken egunetako ekintza nagusiak. Erdigunetik urrun, zelaigune erraldoian, euskal artzainen mendiko etxeak izandako diligentzien erakusketak bertaratutakoen eta euren kamaren arreta bereganatu du.

Pabilioi erraldoian euskal produktu, arropa, merchandising eta informazio azoka, baita musikaz, dantzaz eta bertsoez –euskara eta ingeles hibridoan– gozatzeko agertokiak ere. Indarrak hartzeko kroketa, txorizo, fries chips eta nuggets postuak. Eta muturreko beroari, 40 graduren bueltan, aurre egiteko "Beer, kalimotxo and wine" txosnak.

Garagardo bila aurkitutako Juan Cruz eta Camino gasteiztarrek euskaldun folklorezaleak izanik Jaialdi ezagutu behar zutela argi dute. "Idahon euskal komunitateak duen garrantzia lehen eskutik egiaztatu ahal izan dugu, euskaldunok bagara munduan nor”. aipatu du Caminok.

 

Herri kirol zein diasporan, "gutxi"

Sports Night-ean lehenenengo eta Expo Idahon ondoren, askotariko herri kirolak egiten ibili da Kerman Perez de Heredia. Diasporan bezala herri kirolen munduan ere arabar gutxi dagoela ondo daki Maeztun bizi den gasteiztarrak. Ezin gusturago ibili da, etxetik milaka kilometrora etxean bezala sentituz. "Flipatzen gaude, Euskal Herrian lau katuk ezagutzen gaituzte eta hemen izarrak bagina bezala tratatzen gaituzte, jendeak gure markak gogoratzen ditu eta zoriontzera etortzen dira".

Hain zuzen ere, Sports Night-ean, herri kirolen gauean, heroien pare sartu dira kirolariak Boiseko estadiora. Estatu Batuetako ereserkiak eta Xabi Paya bertsolariak kantatutako Gernikako Arbolak amerikar estiloko oihu eta txalo zaparradari egin diote leku. Hurrengo
lau orduetan zehar intentsitatea nagusi.

Giro horretan murgilduta, sentimenduak agerian kontatu du Enrique Goitiandia 70 urteko aulestiarrak berezko intentsitatea duen istorioa. Duela berrogeita hamar urte baino gehiago alde egin zuen herritik soldaduska ez egitearren, baina... “Ameriketan egitea tokatu zitzaidan, baita Vietnameko gudara joatea ere”.

San Ignazioren omenez ospatutako mezak ere istorio bitxiak eman ditu. St Marks Cathedralaren kanpoaldean aurrena eta gero barruan, euskal dantzek paper nabarmena dute euskaraz eta ingelesez egiten den elizkizunean. Tolosako apaizak Idahoko gotzainari txapela eman eta honek buruan jarritako unea, gogoangarria. Horrelako eta bestelako ehundaka istorio gordetzen ditu Boisek. Eta bost urterik behin Jaialdin idatzitako istorio berriak zerrendara gehitzen doaz.

Aurtengo Jaialdin euskal arabarrekin topo egitea erraza izan da, ez ordea amerikar arabarrak aurkitzea. Matias Aseginolaza ezagutu ondoren, erronka gaindituta dagoela esan daiteke. Matiasi elkarrizketa: hemen

 

Adiorik ez, 2020an bueltan
Boise bihotzean daramate Jaialdi bizitzeko zortea izan dutenek. Ziurtasun osoz, bi, hiru eta lau baino gehiago 2020ra begira dira dagoeneko, aurtengo une ederrak berriz gozatzeko prest eta gogoz.

 

"Baliteke EGA lortzen saiatzea" MEGAN VONDEMKAMP ikastolako irakaslea
Gernikako arbasoak dituen 27 urteko amerikarra Boiseko ikastolako irakasleetako bat da. Boiseko Unibertsitatean euskara ikasten hasi eta Maizpideko barnetegira, Lazkaora, joan ostean on-line ikasten jarraitu zuen. Egun ikastolako umeekin euskaraz egiteaz gain Boiseko euskal museoan euskara eskolak ematen ditu.

"2020rako irrikan nago jada" BEÑAT GARAIO MENDIZABAL Boisera buelta 5 urteren ostean
2010ean Boisera ikastera joan zen gasteiztarra. Euskara eskolak eman eta ikastolan irakasle ibiltzeaz gain, euskal dantzak ikasten hasi zen. "Aspaldi ikusi gabeko lagunekin elkartzea eta ikastolako umeak 5 urte helduago ikustea ederra izan da". Orduan ez zuen Jaialdi bizitzerik izan eta aurten ez du aukera galdu nahi izan.

"Euskaldunontzat erraza da hemen" JON GARCIA GERENABARRENA Gasteiztarra Boisen bekadun
Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzaren bekaduna da. Jaialdin lan egitea tokatu zaion arren, gozatzeko aukera ere izan du. “Antzekoak dira Gasteiz eta Boise, biek dute eraztun berdea, bizikletaz eta oinezmugitzea erosoa da... eta Basque Blocken beti dago euskaraz hitz egiteko aukera".

"Hau gutxienez behin bizi behar da" KERMAN PEREZ DE HEREDIA Euskadiko txinga txapelduna
Goitik behera "Araba" irakur daiteke Kermanek apropos jarri duen kamisetan. Arabarra dela argi gera dadin jantzi du: "Nire jatorriaz harro nago, gurea aldarrikatu behar dugu". Jaialdin topatutako batek "Arabarra eta euskara dakizu!" esan dionekoa konpartitu nahi izan du. "Hemen ere hori entzun behar izatea…", dio minduta. "Guraso erdaldunak izanik nire alabak ia gazteleraz ez dakiela erantzun nion". Pasadizoak pasadizo, pozarren ibili da Jaialdin. "Aukera izanez gero bueltatuko naiz, noski baietz, hau ezin da kontatu, bizitzan behin gutxienez bizi behar da".

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Egilea: Ane Pedruzo, Arabako ALEA

 

__________________________

 

Esteka interesgarria:

[ELKARRIZKETA] 'Euskaldunak ere emigrante ibili izan gara itsaso eta geltokietan ahul eta noraezean' Iñaki Goikoetxea, Boiseko Jaialdi ezagutu duen kazetari euskalduna

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide