Alaitz Alberdik pop eta rock musikaren zenbait albumen azalen bertsioak egin zituen Iban Zaldua idazlearen Biodiskografiak ipuin liburuaren gaztelaniazko edizioa ilustratzeko (Páginas de Espuma, 2015). Lan horretan diskoak dira protagonista, Beatlesen Revolver-etik hasita Beach Boysen Smile famatu eta “galduaren” argitalpen berankorrera arte: berrogeita bat disko, zehazki, horrenbeste ipuinen abiapuntua. Eta horien alde grafikoak, garrantzia handia duen neurrian, liburuan agertu behar zuen nolabait. Artista, ordea, ez da azalen kopia soilak egitera mugatu: interpretazio bat egin du, irudia kontuan hartuta, baina baita azalari liburuan jarraitzen zion narrazioan kontatzen dena ere. Erakusketa honetan, euskarri eta material ezberdinak erabiliz (tixertak, poltsak, zamarrak, papera, biniloa…), lan horren emaitza aurkezten du Alaitz Alberdik, diskoen jatorrizko azal batzuekin eta, jakina, Iban Zalduaren testuekin batera.
Noiz? Irailaren15etik azaroaren 21era bitartean
Non? Zuloa Irudia (Hedegile kalea 21)