Gasteizko Emakumeen Berdintasunerako eta Jabekuntzarako Eskolak 61 jarduera eskainiko ditu aurten

hirinet 2015ko ira. 2a, 02:00

Gasteizko Emakumeen Berdintasunerako eta Jabekuntzarako Eskolak ikasturte berriari ekingo dio jardueren eskaintza zabalarekin aurten ere.

2015/2016 ikasturtearen programaren xedea emakumeen jabekuntzarako kontzientziazio, topaketa eta ikasketa espazio propioak sustatzea da.  Programa hau Udalaren hamabi sail eta zerbitzuren eta Gasteizen feminismoaren eta berdintasunaren alde diharduten taldeen arteko lankidetzaren emaitza da.

Hitzaldiek, zine-foroek, irakurle klubek, lantegiek eta beste jarduera batzuek (mendi irteera, autodefentsa ikastaroak edo gazteentzako rap lantegia) osatzen dute programa. Guztira 61 jarduera antolatuko dira aurten, iaz baino % 18 gehiago.

 

Eskolak gizartearen sentsibilizazioa areagotzea du helburu eta, bereziki, gizonen inplikazioa areagotzea. Hori dela eta, jardueren artean batzuk emakumeei zuzenduta egongo dira, beste batzuk gizonezkoei eta beste hainbeste herritar orori. Orobat, talde zehatzetarako lantegiak antolatu dira: adimen ezintasuna edo dibertsitate funtzionala duten emakumeak, ijito etniako emakumeak, edo gazteen heziketaren arloan diharduten pertsonak.

 

 Izena emateko epea datorren astelehenean, irailak 7, hasiko da. Matrikula egiteko 010 telefonora deituz, gizarte etxe eta kirol instalazioetara hurbilduz edo udalaren web-orrian izena emanez egin  daiteke.

 

Marina Subirats katedratikoaren “Ez dago ezer idatzita. Emakumeen lorpenen bilakaera” hitzaldiak emango dio hasiera programazioari, datorren irailaren 30ean, Montehermoso kulturunean. Hitzaldi zikloaren barruan Amparo Sánchezen “La niña y el lobo” liburu-diskoaren aurkezpena nabarmendu beharra dago, azaroaren 27 izango dena.

 

Aurreikusitako jarduera berrien artean “Emakumeak martxan” mendi irteera dugu urriaren 18an. Armentiako basilikatik izango da irteera. Beste berrikuntza bat “Editaton” izeneko ekitaldia da. Azaroaren 7an, Wikipediaren aldi bereko edizio kolektiboa egingo da, bertan Gasteizko emakumeen eta berdintasunaren aldeko taldeen presentzia handitzeko.

 

Gasteizko Emakumeen Berdintasunerako eta Jabekuntzarako Eskolak 80.000 euroko aurrekontua du, eta hainbat alorren arteko lankidetzaren emaitza da: Udalaren hamabi zerbitzu, gizarte arlo guztietako 21 elkarte, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea, EHUko hiru unibertsitate eskola eta Soin Hezkuntzako Euskal Erakundea.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago