Arabako mendialdea altxorrez beteta dago

hirinet 2015ko abu. 18a, 02:00

Vasco-Navarroko antzinako trenaren ibilbidea, Nordic Walking eta BTT zentroak ditu eskualdeak.

Bisitarientzako hamaika altxor gordetzen ditu Arabako Mendialdeak. Antzinako Vasco-Navarro Trenaren ibilbide berdea da horietako bat; oinezkoen eta txirrindularien gozamenerako berreskuratua izan dena.

 

Horri lotuta, Antoñanan, antzinako trenbide geltokiaren inguruan, interpretazio zentroa dago; hiru tren bagoik osatzen dute. Bisitariek eskualde nahiz esandako bide berde horri buruzko informazioa topatuko dute horietan, eta baita Trenico deritzonaren historia eta oroigarriak ere.

Abuztuan, egun guztietan egongo da irekita zentroa, 10:30etik 14:30era eta 16:30etik 19:00era.

 

Bigarren interpretazio zentro bat ere badu Mendialdeak; hain justu,  Lagrango Ardoa eta Arrainaren GR-38ko Interpretazio Zentroa. Teknologia berrien eta ikus-entzunezko simulazioen bidez ibilbide honen zergatia ezagutaraziko die bisitariei. Horrez gain, museo etnografiko bi ditu eskualdeak: Pipaon eta Urizaharrakoak.

 

 

Izki BTT zentroa

Bizikleta maite dutenek, bestalde, Izki-Arabako Mendialdea BTT zentroa  dute. Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako lau zentroekin alderatuta, bi berezitasun ditu Urturin sarrera duen honek: Vasco-Navarro trenaren ibilbidearen eta Ardoa eta Arrainaren GR-38ko zatiak erabiltzen dituela, batetik; eta familientzat diseinatutako ibilbide-sarea duela, bestetik.

 

Izkitik irten gabe, markatuta dauden 15 ibilbide edo bidexka dituzte eskura, bertan murgiltzen diren guztiek hango fauna eta flora goza ditzaten.

 

 

Kanpezun eta Maeztun

Guzti hori gutxi balitz, Martxa Nordikoa edo Nordic Walking zentroak daude Kanpezun eta Maeztun. Mendirako erabiltzen diren antzeko makilen laguntzarekin ibiltzean datza jarduera hori. Kanpezukoak, esaterako, maila ezberdinetako bost ibilbide ditu. Kirolarekin amaitzeko, azkenik, ezin ahaztu Urturi herrian dagoen golf gunea.

 

Bestalde, kultura ibilbideak ere baditu eskualdeak. Horien bidez, herri politak, Erdi Aroko herribilduak, baselizak, leizeak eta arte nahiz kultura ondare aberatsa topatuko ditu bisitariak.

 

 

Egilea: Mirian Biteri

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago