“Kazetaritza, bertatik bertara” programa Gasteizera bueltatzen da abuztuaren azkeneko astean

hirinet 2015ko abu. 17a, 02:00

Abuztuaren 24tik 29ra arte “Kazetaritza, bertatik bertara” programa bueltatuko da Gasteizera aurreko urteetan lortu duen arrakastaren ondoren. Jarduera guztiak Europa biltzar etxean izango dira.

 

 

Programan nazioartean ibilaldi luzea duten kazetari eta argazkilarien esperientzia eta ikerlanen berri emango da. Ekimen honek gaurko gaiak landuko ditu, kazetari, argazki-kazetari eta adituen eskutik, herritar guztiei irekitako eztabaida eta gogoeta espazioak sortzeko asmoz. Azken hilabeteotan nazioartearen arreta erakarri duten gatazkei begira jarriko da programa, besteak beste, Greziako krisiari eta terrorismo yihadistari.

 

"Kazetaritza, bertatik bertara" programaren edizio honetan itzal eta esperientzia handiko kazetariak eta argazki-kazetariak etorriko dira Gasteizera, besteak beste, Edu Ponces, Dora Makri, Mikel Ayestaran eta Javier Gregori.

 

Hitzaldiak eta mahai-inguruak dira programaren ardatz nagusia, zeinetan kazetari entzutetsuek hartuko baitute parte: batetik, leku gatazkatsuetan lan egiten duten berriemaileak, ordezkari bereziak edo prentsa-argazkilariak; bestetik, atzerriko eta estatuko hedabideetako berriemaileak, bertako eta atzerriko errealitateak ongi ezagutzen dituztenak. Hitzaldi eta solasaldiak 12:00etan hasiko dira, eta sarrera librea izango da, lekuak bete arte.

 

Abuztuaren 29an (larunbata), 10:30etik 13:30era, Andoni Lubaki argazkilariak "Gatazkako argazki-erreportajerako hastapenak" izeneko lantegia emango du, Europa biltzar etxean bertan, eta gatazka eremu batean lan ona egiteko oinarriak azalduko ditu.

 

 

 

Arratsaldez, programan landutako edukiekin lotura duten filmen ziklo bat antolatu da. Proiekzioak bi lekutan izango dira: Europa biltzar etxean,12:00etan, doan; Florida zinema-aretoetan, 20:00etan, 3 euroan.

 

Gasteiz hiribidean, Europa biltzar etxearen ondoan, Pau Coll, Toni Arnau eta Edu Ponces argazki-kazetari katalanen erakusketa jarriko da, "Centroamérica Negra. Imágenes de la región más violenta del mundo" izenburuarekin. Erdialdeko Amerikako Iparraldeko Triangelua deitutakoan -El Salvador, Honduras eta Guatemalak osatua- bizi duten indarkeria-krisia azaltzen du erakusketak, hedabide handiek ia ahaztua baitute; abuztuaren 11tik 30era egongo da ikusgai. 2009tik 2015era bitartean egindako lanaren emaitza diren irudiek, indarkeria horren gordintasunaz gain, bere ondorioak eta testuinguruak ere erakusten dituzte.

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago