Kobatik kobara, bailaran ibilaldia

hirinet 2015ko abu. 17a, 02:00

Gaubeako igarobide naturalen inguruan hainbat kobazulo multzo aurki daitezke.

 

Arabako ekitaldetik mendebaldera, ehundik gora kobazulo artifizial aurki daitezke hainbat multzotan banatuta. Horietako multzo bat Gaubeako bailaran dago, herrialdeko mendebaldeko muturrean, hain zuzen. Omecillo ibai arroan eta honen adarren inguruan –Pinedo, Mioma eta San Martin errekak, besteak beste– daude kobazuloak, igarobide naturaletan.

 

Denborarekin, haitzulo guztietan aldaketa handiak egin dira garaiaren arabera eman zitzaien funtzioari egokitzeko, eta zaila da, beraz, hasiera batean zuten funtzioa zehaztea. Hala ere, ikerlarien arabera, kobazulo artifizialen jatorria jarduera erlijiosoarekin lotzen da; hain zuzen, kristautza prozesuarekin eta eremutarren fenomenoarekin. Dena dela, ezin da baztertu gaur egun ezagutzen ditugun haitzulo artifizialak kokatu ziren mendi-barrunbe naturaletan historiaurrean ere jendea bizitzea.

 

VI. mendetik aurrera Gaubeako haitzulo artifizialak ideal aszetiko sakonak zituzten erlijiosoen guneak ziren. Eremutarrak leku urrunetara joaten ziren bakardade bila, eta babesleku harritsuak bilatzen zituzten kobazuloak eraikitzeko. Lantzeko errazak ziren haitz geruzak aukeratzen zituzten, Gaubean kare-harri zuria, eta bertan eraikitzen zuten euren bizilekua, otoitz egiteko gunea, eta hilobiak.

 

Corro eta Pinedokoak dira Gaubean aurkitutako haitzulo artifizial garrantzitsuenak. Bien kasuan haitz bakartuak aukeratu zituzten kobak egiteko, baina bertara iristeko arazorik ez dago. Biak ondo seinaleztatuak daude eta gainera nahi izanez gero GR1 ibilbidea haitzulo artifizialetara hurbiltzen da. Bailaran zehar, San Martin de Valparaison, Tobillasen, Quejon, Barrion eta Valpuestan ere badira halako multzoak; orotara, 18 aurki daitezke.

 

 

Pinedo

Pinedoko multzoa Santiago izenez ezagutzen da. Interes handikoa da eta hainbat gelek osatzen dute. Bi altuerako haitzuloa da. Eremutarra haitzuloaren beheko aldean bizi zen, eta goian otoitz egiten zuen. Gainera, goiko aldean bi hilobi ikus daitezke. Lurzoruan egindako beste hiru hilobi antropomorfo ere badaude –pertsonaren neurrira egindakoak–, kobaren ondoan.

 

Eremutarrek haitzuloaren barruko aldean edo inguruan aukeratzen zuten hilobia egiteko gune egokia. Hori atondu, harria lautu eta hilobiaren silueta marrazten zuten. Azkenik, harrizko estalkia jartzen zuten hilobian. Gorpuak biluzik edo hil-oihalaz estalita lurperatzen zituzten.

 

 

Corro

Mairuen haitzuloak bezala ezagutzen dira Corro herriaren ondoan dauden kobak. VI-XII. mendeen artean eremutarren bizileku, tenplu eta ehorzlekuak izan ziren. Ordutik aldaketa asko jasan ditu haitzuloak, batez ere joan den mendean etxebizitza gisa erabili zuen saltzaile ibiltari batek egindakoak. Koba eraldatu eta biltegia jarri baitzuen.

 

Bi mendi-barrunbe dira, elkarren artetik oso hurbil. Mendebaldean dagoen koba espazio bakar batek osatzen du. Bi leiho ditu, bata bestearen parean, eta zenbait hilobi daude barruan. Alboan dagoen beste haitzuloak bi ate ditu eta gela bakar bat. Paretan banku luzea tailatu zuten eta ezkerraldeko atearen janban gurutze bat. Gaubeako kobazuloak eremutarren etxebizitza izateari utzi zioten eta aro moderno eta garaikideetan nekazaritzari eta abeltzaintzari lotutako zereginetarako erabili izan dira sarritan.

 

 

 

Egilea: Estitxu Ugarte.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago