Gorbeiatik galtzeko hamaika arrazoi

hirinet 2015ko abu. 11a, 02:00

Eskaintza zabala du eskualdeak: ibilbide gidatuak, esperientzia bereziak edo kirol jarduera ugari.

 

Datozen asteotarako planik ez dutenek jakin dezatela zain dutela Gorbeialdea. Ingurune zoragarriak topatuko dituzte kuadrilla osatzen duten sei udalerrietan. Bakoitza bere aldetik ibili daiteke Gorbeiako parke naturaletik seinaleztatuta dauden ibilbideak egiten edo museoak bisitatzen; Murgian, esaterako, Eztiaren museoa dago. Abuztuan, larunbatetan eta igandetan egongo da zabalik, 11:00etatik 13:00etara. Bestalde, Ollerietan (Legutio) dagoen Euskal zeramika museoa ere ikusi daiteke.

 

Ibilbide gidatuak

Nahiago izanez gero, Sarriako (Murgia) Gorbeia parketxera joatea ere badago. Eskaintza paregabea dute bertan. Gorbeialdeko Kuadrillako Estibaliz Presumidok azaldu du parketik ibilbide ezberdinak egitearekin batera, zazpi bisita gidatu ere badituztela  bisitarien eskura: Urtegia: duela 50 urte, Uribarri-Ganboa eta presa artekoa; Gazteluak eta jauregiak, Gopegi, Manurga, Letona  bisitatuz; Zuiako eta Urkabustaizko erromanikoa, Oroko santutegia,

Beluntza, Goiuri eta Baias garagardotegia lotzen dituena; Ibilbide etnografikoa Zuian, Sarria eta Eztiaren museoa ikusiz; Mitologia Zuian, Murgian bertan; Gune historikoak Zuian, Legutio, Ibarra eta Aramaio- Gaztandegia bisitatuz; eta Erromanikoa Zigoitian, San Pedro Gorostiza, Olano eta Zestafe artekoa. Gaineratu du bisita horiek pertsonalizatu daitezkeela, eta gutxienez, lau laguneko taldeak izan behar direla. Erreserbak 945 24 38 28 edo 645 84 40 87 telefono zenbakian egiten dira.

 

Esperientziak

Horrez gain, Gorbeia Esperientziak izeneko programaz ere gozatu dezakete bisitariek. Besteak beste, parkeko gauen magalean, safaria egiteko aukera dute; natura erdian afaltzea, izarrak ikusten dituzten bitartean; Oroko haitzetan, eskaladarekin lehenengo harremana izatea; Mairuelegorretako kobetan espeleologia egitea; edo gaztandegia bisitatzea, artaldea, artzain-txakurra eta gazta egiteko prozesua ezagutuz. Gorbeialdeako eskaintza osoa ezagutu nahi dutenek Murgiako turismo bulegora jo dezakete, 945 43 04 40  telefono zenbakira deitu edo oficinadeturismo@cuadrillazuia.com helbidera idatzi.

 

Egilea: Mirian Biteri 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago