Goizean goizetik, hainbat ekitaldi izango dira, haur eta nagusientzat eta, noski, ohitura den moduan herriko iturriak ardoa emango du egun batez."Zalduondoarrentzat egun preziatuenetako bat da hau; berezia izaten da Zeledoni egiten zaion agurra", aipatu du herriko alkate Gustavo Fernandezek. Horretarako, ekitaldi ugari izango dira, 12:00etatik aurrera; Zalduondoko kultura elkarteak antolatuta, umeentzako margo lehiaketarekin hasiko dira, Lazarraga jauregian.
Inguruko ekoizle eta artisauen azoka izango da arratsaldean, 17:00etatik aurrera, umeentzako puzgarriekin batera. Herri kirolen txanda izango da, ostean, eskualdeko aizkolarien erakustaldiarekin. "Zalduondoko ikuspegia izan nahi duenak, gainera, aurten berrikuntza moduan globo aerostatikoa izango du arratsaldean", gogoratu du alkateak.
Bertso saiorik ez da faltako Zalduondoko bertso eskolako kideekin eta, 20:00etatik aurrera, Zalduondoko iturriak ardoa emango du Zeledonen omenez. Afari merienda egiteko tarterik ere izango dute, Fernandezek gogoratu moduan: "Herritarrentzat une berezia izaten da, denak elkartu eta ospatzekoa". Egunean zehar Kirrinka txarangak girotuko ditu Zalduondoko bazterrak eta, 20:15etan, Nakar taldearekin amaituko dute festa. Zalduondoko baserritarrak hiribururako bidea hartuko du.
Egilea: Anakoz Amenabar. Arabako ALEA