Zeledon, atzetik bultzaka

hirinet 2015ko abu. 3a, 02:00

Gasteizko jaiak ate joka dira eta dagoeneko prest dira hiriburuko gune desberdinak, milaka boluntarioren lanari esker; txosna gunea edota ekitaldi erlijiosoak prestatzeko hamaika lan izan dute azkeneko asteetan.

Jaien ostean atsedena hartu eta joan den urrian berriz ekin zioten lanari txosna batzordeko kideek aurtengo ekitaldiak prestatzeko. Hilabeteetako lana izan dute txosna gunea eta bertako egitasmo zabala antolatzen. Euren antzera, milaka boluntario ibili dira azken hilabateetan, bateko eta besteko, Gasteizko jaietako egitarau zabalari forma ematen. Zeledonen jaitsieran Zalduondoko baserritarra lagunduko duten blusa taldea, Gurutze Gorrian lanean izango diren erizainak, Gaztetxe inguruko lanetan arituko direnak edota Farolen Arrosarioko prozesioan aterako direnak horietako batzuk baino ez dira.

 

Euskara, komunikazioa, ekologismoa, internazionalismoa eta beste hainbat alorretako txosnak izango dira, aurten ere, Gasteizko unibertsitateen eremuan. Lehenengo aldiz, gainera, TMEO bertako aldizkari mitikoak txokoa izango du bertan. "Aniztasuna" zentzu zabalenean da txosna gunearen ardatza, batzordeko kideek nabarmendu duten bezala, horretarako baina, oraindik beste hainbat pauso eman beharko diren arren. "Gasteizen talde asko daude lan egiten dutenak eta txosna batzordean lekua edukiko luketenak; beharbada, horiek falta dira oraindik", gogoratu du batzordeko kide Azaitz Unanuek. Falta direnak baino, noizbait egon eta utzi dutenak ditu gogoan batzordeko kide Gorka Arbuluk: "Eusten jakitea ere ez da erraza, jende ugari behar da lanerako eta hainbat taldek bertan behera utzi dute". Pozik daude, halere, txosna gunera gerturatu eta bertan parte hartzen dutenekin;  txosnetan eta elkarrekin prestatutako karpa erraldoian 500 bat lagun arituko dira jaien aurreko eta osteko muntatze lanetan, eta jaietako hamaika txandatan.

 

Guztientzako gunea izatea nahi dute, ahalik eta adin tarte zabalena eta ideologia askotariko jendea erakarriko duena eta, horretarako, egitarau zabala dute prest. Gaueko kontzertuekin batera – Su Ta Gar, Vendetta, Etsaiak, Big Band Berri, Zea Mays eta beste hainbat izango dira– arratsaldeko egitaraua indartu nahi izan dute aurten, Arbuluk aipatu moduan: "Familiak erakarri nahian, bestelako eduki batzuk izango dira; aurtengo apustu garrantzitsuetako bat da hori". Herri bazkariekin batera, bertso eta dantza plaza saioak izango dira, besteak beste. Aniztasun horren adierazgarri, gainera, aurten Gora Gasteiz herri mugimenduari emango diote Txosnisaria, Unanuek azaldu moduan: "Azken urte honetako aniztasunaren aldeko mugimendu nagusiena izan da, jarrera baztertzaile guztien kontrakoa, eta haien lana saritu nahi izan dugu".

 

Urteroko eztabaida ere ez dute falta izan aurtengo txosnetako ohiko batzarretan, kokalekuaren inguruan ez baitaude denak ados. Florida parkean jarri zituztenean eta, ostean, Luis Heinzen izan zirenean dituzte gogoan. "Uste dut azken hori izan zela aproposena, Luis Heinz kalekoa; egungo gunea ongi dago, baina trenbideak oraindik zatitu egiten du eta jende asko ez da gerturatzen, are gehiago jai ekitaldi guztiak erdigunean antolatzen dituztelako". Eztabaidak eztabaida, ordea sendo dirau txosnaguneak eta milaka lagun elkartzen ditu egunero.

 

Jai eredu parte-hartzaile, herrikoi, parekide eta euskaldunaren aldeko "apustu garbia" egiten dutela azpimarratu dute txosnetako kideek eta bertako sorpresak ezagutzeko gonbita egin diete herritarrei. Abuztuaren 4an Aihotz plazatik txosnetara egingo duten kalejirarekin zabalduko dute gunea eta, egunez egun, hamaika ikuskizun izango dira; hilaren 5ean hasita, dispertsioaren kontrako eguna, ikasle eguna, gazte eguna, entxosnazio eguna eta internazionalista eguna ospatuko dituzte.

 

"Erlijioaz harago"

Txosnetako kideen antzera, lan mardula egiten dute urtean zehar Andra Mari Zuriaren kofradiako kideek, besteak beste, Gasteizko jaietan izango diren ekitaldiak prestatzen. "Ondo pasa dugu antolaketa lanetan eta geroz eta jende gehiago ari gara gainera, zorionez; platerak prest daude eta orain jendeak mahaian disfrutatzea nahi dugu", aipatu du Ricardo Saenz de Heredia kideak. Kofradiaren amantala jantzita egin die arabarrei Gasteizko jaietara gerturatzeko gonbita, sukalde kontuetan ari ez badira ere; beste hainbat jardueraren artean materiala ere salduko dute jai hauetan, tartean amantala bereziak. Baina, euren "plater" nagusiak Farolen Arrosarioa eta Egunsetiko Arrosarioa dira jaietan. Igande goizean, hilaren 2an, egingo dute lehendabiziko saioa, jaiak datozela iragartzeko goizeko saioarekin. Hiru mila kofradiakide baino gehiago dira, eta lagun ugari gerturatu ohi dira eurek antolatutako ekitaldietara: "Hazten ari gara eta gazte askorekin gainera; Andra Mari Zuriaren Kofradiatik ere Gasteiz eraiki daitekeela ikusi behar du jendeak, balioan jarri behar dugu; elkarbizitza landu eta hiri hau gero eta solidarioagoa, parte-hartzaileagoa eta irekiagoa izateko baliagarri dela kofradia".

 

Kandelagileen ekimenez sortu zen Kofradia 1613. urtean, Andra Mari Zuriaren gurtzarako. Jaietako saioak, ordea, erljio ekitaldi izatetik "haragokoa" dela uste du Saenz de Herediak: "Farolen Arrosarioa, dudarik gabe, ondare artistiko handiko desfilea da eta zentzu erlijiosoa baino gehiago du. Herritarrek sentitu eta pentsatzen dutena pentsatzen dutela, sinbolo hauek eurenak balira bezala ikusten dituzte, hiriko irudi bezala". Sentsibilitate askotariko jendea "batzea" da euren helburua, Saenz de Herediak azaldu moduan, eta horretan lan egiten jarraituko dute.

 

"Bizkartzaina"

Bestelako "pasioa" du Iñaki Perez de San Vicente blusak. Zeledonen aldamenean dabil, jaitsierako "bizkartzain" modura, 2007. urtetik. Beste blusa eta neska talde batekin, Andra Mari Zuriaren plaza igarotzeko laguntzaile lanak egiten ditu, Zeledoni bidea eginez. Kuadrilla guztietako blusa eta neskak elkartuko dira aurten ere Gorka Ortiz de Urbina laguntzeko, 25 bat hasieran eta beste hainbeste ibilbidean zehar. "Esperientzia oso polita da, gogorra bada ere; hala ere, bagoaz bideari neurria hartzen eta urtez urte beharrezko aldaketak egiten". Egin dituenetatik iazkoa izan zen "zailena" Perez de San Vicenteren esanetan, Zeledoni txapela kendu eta zaintzen zuten blusei igeltsua bota baitzieten: "Uste dugu errespetu falta izugarria izan zela eta aurten ez errepikatzea espero dugu". Azken urteetan, bestalde, beira plazan sartzea debekatzeko esfortzua egin dutela azaldu du, baina oraindik ez da udalaren erabakirik izan horren inguruan. "Beirak benetan kezkatzen gaitu, baina batez ere plazan dagoen jendearengatik eskatzen dugu, mozketa ugari daude eta debekatzea lortzen badugu asko erraztuko zaizkigu kontuak; denon hobebeharrez ari gara".

 

Zeledonen jaitsieraren ondoren, haren laguntzaileek kalejira egin ohi dute txistularien laguntzarekin. "Asko gozatzen dugu, eta batez ere ondorengo momentuetan; jaitsiera  intentsitate handiko unea izaten da eta tentsio guztiak askatzeko tartea dator ondoren". Zeledonek bidea eginik, atzetik dator tropela.

 

 

 

Egilea: Anakoz Amenabar. Arabako ALEA

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago