Eli Etxeberria eta Alitxu Mtz. Del Campo, Mugimendu Feminista: “Erasotzaileari erasotzaile deitu behar zaio, ez 'lorolapa' edo 'oilarsaurio'”

hirinet 2015ko uzt. 30a, 02:00

Jaietan "denak ez duelako balio", erasotzaileei "bere izenez deitu" eta erasoen aurrean erantzuteko dei egin du Gasteizko mugimendu feministak, prestatu duen protokoloa oinarri.

 

Jaietan "respetoso" izatea proposatu die gazteei Gasteizko Udalak. Kanpainaren helburuekin bat baldin badator ere, Gasteizko mugimendu feministaren iritziz "gaiari pisua kentzen diote" goitizenek, eta festetan berdintasunaren aldeko konpromisoa hartzeko dei egin die gasteiztarrei.

 

 

Gasteizko jaiak iritsi dira. Festa giroarekin batera, jarrera eta eraso matxisten aurrean erlaxatzeko joera dago? Beste edozein egunetan onartuko ez genituzkeen gauzak onartzen ditugu?

Eli Etxeberria: Hori esan ohi da, egunerokotasunak bestelako orden bati uzten diola lekua, baina guri iruditzen zaigu aitzakia bezala erabili daitekeela hori, jaietan edozerk balio duela justifikatzeko. Festetan ez legoke zertan eraso sexista gehiago egon beharrik, baina tamalez, gertatzen da eta, beraz, egia izango da erlaxatze bat dagoela. Baina non eta nola eraiki da erlaxatzearen ideia hori? Zergatik jaietan dirudi denak balio duela eta emakumeen eskubideak urratu daitezkeela? Hori da gakoa. Zer dator lehenago, oiloa edo arrautza?

 

Nola aurre egin jaietan gehiago ematen diren eraso sexista horiei?

Alitxu Mtz. del Campo: Gasteizko mugimendu feministan urteak daramatzagu eraso sexisten gainean lan egiten, bai urtean zehar ematen direnen gainean, bai bereziki jaietan gertatzen direnen inguruan, festetan eraso gehiago ematen direlako. Protokolo bat egin dugu, eraso matxistei, eraso homofobo eta lesbotransfoboei, zein eraso lodifoboei ere nola aurre egin zehazteko. Txosna batzordeak eta Alde Zaharreko tabernek protokoloan parte hartzen dute, eta iaztik baita Blusa eta neskan batzordeak ere. Jaietako oso eragile oso garrantzitsuak dira, eta garrantzitsua haiek protokoloaren parte izatea. 

 

Zer neurri zehatz proposatzen dituzue protokolo horretan?

A.M: Prebentzio neurriak eta eraso baten ondoren hartu beharrekoak jaso ditugu protokoloan. Protokoloan parte hartzen duten eragileek –txosnek, blusa eta nesken batzordeak eta alde zaharreko tabernek– eraso sexistarik ez onartzeko konpromisoa hartzen dute. Erasorik ematekotan,  erasotzailea bertatik kanporatuko dute eta salaketa jarriko diote.  Larria izatekotan, bestelako neurriak hartuko dituzte ere, erasotutako pertsona laguntzeko, beti ere bere nahiak errespetatuz. Horrez gain, protokoloaren parte garenok mobilizazioak ere aurreikusten ditugu, biolentzia kasu larrienetarako. Telefono bat iragarriko dugu ere taberna, txosna eta blusa eta nesken kuadrilla guztietan, jaietan 24 orduz  piztuta egongo dena: 688 885 329. 

 

Egoera asko ematen dira jaietan, baina, zer da zehazki eraso bat?

E.E: Bortxaketa eta eraso fisikoez ari garela pentsatu ohi da maiz, baina horiez gain, badaude pertsona erasotu dezaketen beste jarrera eta jokaera batzuk, adibidez irainak eta piropoak.  Jaietan beste edonor bezala egoteko dugun eskubidea bortxatzen dute portaera horiek, gutxiago garela sentiarazten gaituztelako, iraindu eta umiliatzen gaituztelako eta, modu horretan, jaiez askatasun osoz parte-hartzea ukatzen digutelako. 

 

Eraso horietako bat gertatuz gero, zer?

E.E: Garrantzitsua da inork beste alde batera ez begiratzea, alarma-oihua ematea eta inguruko jende guztiak erasotzaileari aurre egitea eta erasotua laguntzea. Biolentzia matxista gizartearen egituran dago, eta kanpaina batekin ez da desagertuko, baina gutxienez jaietako eraso mota horiei aurre egiteko lan egingo dugu, zer egin behar den eta zer ez zehaztuz. 

 

Zer da egin behar ez dena?

A.M.: Erasotua bakarrik uztea eta inor erasotua izan dadin uztea.  Jaietan, emakumeoi broma matxistetan parte hartzera behartzen zaigu, adibidez. Barre egin beharrean, kontzientzia hartu eta egoeraren gainean ardura hartu behar dugu guzti-guztiok. 

 

 Gasteizko Udalak ‘lorolapa’ eta ‘gallosauroen’ jarrerak ez onartzeko kanpainia abiatu du, umore ñabardurekin. Zer iruditu zaizue?

E.E.: Bat gatoz kanpainaren helburuarekin, agerian utzi nahi dituelako jaietan ematen diren jarrera matxistak. Aldiz, iruditu zaigu erabili duten irudia ez dela egokiena. 

Egia da gazteei zuzenduta dagoela, Udalaren hirugarren Berdintasun planak hala egin behar dela agindu duelako, baina ez dute asmatu, gure ustez. Iaz antzeko kanpaina bat abiatu zuten, olagarro baten irudiarekin, eta haurren gaia balitz tratatzen dute. Infantilizatu egin dute. Badirudi gaiari pisua kentzen ari direla, seriotasun osoz hartu beharreko gaia denean. Jende askok uste du feministok ez dugula umore-senarik, eta badugu, baina kontuz ibili behar gara gai honekin. Lorosaurio eta gallosauro irudi horiekin, badirudi erasotzailea barregarri utzi nahi duzula, baina pertsona hobe edo ez hain maltzur bezala erakusten duzu. Ez ote dira karikatura horiek kaltegarri izango? Norbait 'baboso' bat denean, 'baboso' bat da. 'Lorolapa' deitzea sinpatiko bihurtzea da.  Jazartzaile eta erasotzaile bati hitz horiekin izendatu behar zaio, ez beste batzuekin. 

 

Udalak dio protokolo bat egiteko asmoa duela. Nola hartu duzue albistea?

A.M: Guk eskaera egin genuen idatziz, eta ez dakigu horren ondorioa izan den edo ez, baina ongi-etorria izango da, mugimendu feministaren lana oinarri izango badu. 

E.E: Hain zuzen ere, eskaera egin genuen kanpainak ez direlako nahikoak, eta udal-protokolo bat gu iristen ez garen tokietara iritsi daitekeelako. Talde politikoek dagoeneko deitu gaituzte, PP eta PSE izan ezik. Beharrezkoa tresna da. 

 

Gasteiztar bezala, iruditzen zaizue jaiak parekideak direla, eta emakume eta gizonezkoek maila eta modu berean parte hartu dezaketela?

A.M.: Alderdi positiboa aurretik jartzearren, gero eta parekideagoak direla esan beharko genuke, baina kakots artean: jaiak, orokorrean –eta ez bakarrik Gasteizkoak– ez dira parekideak, parekidea ez delako gure eguneroko bizitza, eta jaietan gainera arazo batzuk areagotzen direlako. Mugimendu feministaren aldetik, ahal duguna egiten dugu jaiak gero eta parekideagoak izateko eta egunen batean Gasteizko jaiak askatzaileak izateko eta gizon eta emakumeek  modu berean disfrutatu ahal izateko. Hori, gaur egun, oraindik ez da posible.

 

 

Egilea: Itsaso Estarrona. Arabako ALEA

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide