Ahalmen urritasuna duten jendearen alde egindako lanagatik aukeratu dute korda pizteko eta ohore honekin argazkilariak espero du taldearen izena ezaguna egitea.
Urte honetako Txupineroa izango zara. Nola hartu zenuen berria?
Txupineroa baina, piztaile esango dugu, pizten duena, alegia.. Txupineroak Bilbokoak dira, bertan Zeledonen papera betetzen dutenak izan ohi dira. Ohore handia da niretzat, gasteiztarra izanik korda piztea. Javier Marotok deitu zidan pertsonalki eta komentatu zidan ni proposatu zuela korda pizteko. Ezustean harrapatu ninduen, ez nuen espero. Gasteizen pertsona asko dago ohore hori merezi duenak. Baina harro sentitzen naiz, motibatuta. Azkenean egiten dugun guztiaren aitorpen bat da, Julio Rocaren atzean dagoen lan guztia ezagutaraztea. Ez da bakarrik Julio Roca, garrantzitsuena da atzean dagoena, hots, egiten den lana.
Zer da zuretzako Txupineroa izatea?
Aitortzea egiten duzun eta urte askoz egin duzun lana da. Ahalmen urritasunari lotuta esparrua asko hobetu egin da Gasteizen. Euskadin, orokorrean, asko hobetu egin da, baina batez ere Araban eta Gasteizen. Ahalmen urritasunaren arloan multzo asko daude: mentalak direnak, sentipenena, etab. Baina jarduera fisikoaren arloan gu hasi ginen Zuzenak taldearekin, ez zegoelakobesterik. Ez zegoen aholkularitzarik, jendea ez zekien zer egin. Azkenean 80. hamarkadan antolatu ginen eta Zuzenak sortu genuen. Hasieran lehiaketaren arloa jorratzen genuen bakarrik, saskibaloia gurpildun aulkian eta mahai tenisean, baina orain taldea asko handitu egin da. Egun, 3.300 metro karratuko instalazioak dauzkagu, saskibaloiko jokalekuekin, besteak beste. Bertara 500 pertsona joaten dira gutxi gorabehera mantentze kirola egitera, ez bakarrik lehiaketarako. Hau guztia lortu dugu esfortzu handiarekin eta lana eginda urte askoz, atez ate joanda. Lan hau ez da oinarritu behar enpresa edo elkarte pribatu batean, gauza soziala da.
Txupinero zaren heinean, ze mezu bidali nahi diezu gasteiztarrei?
Garrantzitsuena da jaiak disfrutatzea eta konturatzea jende guztia berdinki tratatu behar dela. Helburua da ahalmen urritasuna normalizatzea. Helburu hau ez da egun batetik bestera lortuko. Nire ustez hurrengo bi belaunaldietan asko hobetuko da. Azkenean egiten dugun lana ikastoletan egin behar da, eta bertan umeek ikasiko dute zer den ahalmen urritasuna eta zer gertatu daitekeen, bi azpitalde daudelako: ahalmen urritasunarekin jaiotzen direnak eta ezbehar baten ostean izaten dutenak. Kasu desberdinak dira. Lehena, agian, errazago dauka, nahiz eta arraro iruditu, betidanik horrela bizi izan delako. Baina bigarrenak laguntza asko behar du, kolaborazio asko, jakin behar duelako bizitza ez dela amaitzen eta kalitatez bizi behar duela. Bizitza ez da bertan amaitzen, desberdin bizi behar duzu soilik.
Normalean non ikusten duzu Txupinazoa?
Balkoian egoten naiz normalean, argazkiak egiten. Bi helbururekin egiten ditut egun horretan argazkiak: batetik, Gasteizen egiten diren ekitaldiak ikusteko aukera ez dutenek ikus ditzaten eta bestetik, Zuzenak taldetik egiten dugun lana ezagutzera ematea.
Orduan nork egingo ditu argazkiak?
Nik neuk. Guztia egingo dut, problemarik gabe. Esku batekin traka piztuko dut eta bestearekin argazkiak aterako ditut edo Go Pro bat eramango dut ere, ez zait inporta. Argazkiak egitearena ez didate ukatuko.
Aurtengo jaiak, hortaz, bereziak izango dira.
Bai, noski. Nire ustez 2015. urtea orokorrean berezia izaten ari da. Martxoan, esatereko, erretiratu nintzen. Uste dut urte ona dela niretzako eta horregatik pentsatzen ari naiz gauza berezi bat egin behar dudala balkoian. Betidanik, txupinazoa izan da korda piztea, abestea eta gero etxera joatea. Nire ustez hori pixka bat aldatu behar dugu, ez asko, protagonista Zeledon delako, baina hori baino lehen gauza desberdin bat egitea ondo egongo litzateke.
Txupinazioa piztu eta gero nola ospatuko dituzu Andre Mari Zuriaren Jaiak?
Lehen oso ezaguna nintzen Gasteizen parrandan ibiltzeagatik, baina orain ezin dut horrelakorik egin. Beraz, lasaiago ibiliko naiz.
Zein da gehien gustatzen zaizun jarduera jaietan?
Kaleko giroa ikustea da gehien gustatzen zaidana, nire ustez, erdigunetik kanpo faltan botatzen dena. Gasteizko jaietan ekintza guztia erdigunean biltzen da eta bertatik ateratzerakoan ematen du ez gaudela jaietan eta ez zen horrela izan behar. Gasteizko jaiak dira, ez Gasteizko erdigunearen jaiak. Blusen koadrilak lehen bezala egin beharko lukete eta kanpoko auzoetatik igaro jendea animatzeko.
Zuzenak taldearen argazkiak atera ez ezik, urteak daramazu taldea zuzentzen. Ze nolako eragina edukiko du hau taldean?
Eragin handia edukiko du, hedabide guztietan Klubaren inguruan hitz egiten ari direlako. Jaiak amaitzerakoan ikusi behar dugu ea jendea gogoratzen den edo ahazten duen, jendea gogoratzen badu zerbaitetarako balio izan duelako izango da. Gai hau ez da egun batekoa, 365 egunekoa da. Diru-laguntza bat jasotzea edo egun batean instituzio batetatik pertsona bat etortzea zer egiten dugun ikustera ez du ezertarako balio. Niri interesatzen zaidana da jendea gurekin egotea urte osoan, ikusten zer egiten dugun, zer behar dugun, nola egiten dugun egiten duguna, etab. Hori da nahi dudana. Honela lortu ahal dezakegu jendea bizi kalitate hobea izatea.
Jaien ostean atsedena hartuko duzu Abuztuan?
Ez, beti martxan nago, urte osoan zehar. Ez zait gustatzen etzanda egotea ezer egin gabe. Ez baldin badaukat ezer egiteko nik neuk bilatzen dut zerbait egiteko. Normalean ez naiz Gasteiztik ateratzen, hemen geratzen naiz, hiria zaintzen. Azkenean ondo pasatzen duzu hemen gauza asko baitaude egiteko: urtegia, mendia… Nik ezin dut horrelakorik egin, baina entretenitzen naiz argazkiak ateratzen.
Egilea: Ania Ibañez