Martin Gartziandia, sindikoa: "Udalak baditu egoera larrian dauden eraikinak; zaharberritu behar dira"

hirinet 2015ko uzt. 23a, 02:00

Gazteen lonjak, tabernetako terrazak eta zergak: askotariko gaiak ditu mahai gainean Martin Gartziandia Gasteizko hiritarren defendatzaileak. Guztien artean premiazkoenetako bat, etxebizitza zaharren berriztatzea".

 

Gasteizko zinegotziei 189 orrialdeko txostena aurkeztu diezu. Zein da horiek guztietatik garrantzitsuena?

Asko dira Gasteizen dauden arazoak, herri guztietan bezala, batez ere krisi garaian, baina Udalaren konpetentziak zeintzuk diren begiratuta, hauxe nabarmenduko nuke: azken zazpi urte hauetan, krisi garaian, ia ezer ez da inbertitu eraikinak zaharberritzeko, eta hori arazo garrantzitsua da. Izan ere, egoera txarrean dauden eraikinek eragin zuzena daukate hiritar konkretu askoren bizi kalitatean.

 

Asko dira zaharberritu beharrean dauden eraikinak?

Bai, batez ere alde zaharrean. Bizilagunek askotan ez dute dirurik eraberritzeari ekiteko, eta diru-laguntzak akaso ez dira nahikoak. Gainera, Udalarenak diren eraikin asko ere egoera erdipurdikoan edo larrian daude.

 

Udalarenak?

Bai. Adibidez, etorri zitzaigun hiritar bat, bere eraikineko etxe bat erori zelako, eta eraikin horretako jabetza neurri batean udalarena da. Eraikin zahar horiek berritzeko aukeran pentsatzen hasi behako gara, azken urte hauetan Alde Zaharrean egin izan den lana ezerezean ez uzteko.

 

Bulegoan jasotzen duzun kasu kopurua %9 handitu da. Ba al dago protesta gehien eragin duen gai konkreturen bat?

Beste urte batzuetan, kexa masiboak eragin dituzten arazoak egon dira, adibidez zaborren tasarekin. Aurten, horren antzekoena plusbaliari dagokiona izango litzateke. Kontraesan handiak eragiten ditu: suposatzen da etxebizitza bat saltzen duenak etekina jasoko duela, eta etekin horren ondorioz zerga ordaindu behar duela. Baina krisi garaian, etxebizitza salmentek ez dute etekinik sorrarazi, eta hori gutxi balitz, etxegabetuei ere plusbaliaren zerga kobratu izan zaie. 

 

Baina hori aldatu zen, ezta?

2012an konpondu zen teorikoki arazoa, baina 2014an deskubritu genuen etxea hipotekaren ordainetan  ematen zietenei ere plusbaliaren zerga kobratzen ari zitzaiela, araua zordunaren alde interpretatu beharrean zordunaren kontra interpretatu zelako. Horrelako kasu ugari izan ditugu. Plusbaliaren kasuan, astakeria bat da kobratzen dena, eta etekinik ez dagoen kasuetan ere kobratzen da. Halako paradoxa handiak sortu dira krisi honetan. Norbaiti zerga bat ezartzen badiogu, gaitasun ekonomiko bat duelako da. Ez badu, ezin zaio zerga kobratu. Bada: krisi honetan, zortzi urteko epea eman behar izan die hiritar askori Udalak, zergak ordaindu ahal ditzaten. Galdera da: zerga hori ordaintzeko zer gaitasun ekonomiko dauka hiritar horrek, zortzi urteko epea eman behar baldin badiozu? Zergak ezarri ditugu gaitasun ekonomikorik ez zegoen kasuetan, eta plusbaliarena da kasurik deigarriena. 

 

Plusbaliaren arazo horri amaiera ikusten al diozu?

Baikorra naiz. Aurreko gobernuak agendan zuen, eta gobernu berriak ere konpondu beharko duela uste dut. Estatuan, etxea ordainketan ematen dutenek ez dute plusbaliarik ordaindu behar. Zorionez, hemen, gomendioa eman ondoren, zerga horren kobratzea etenik dago, baina kontua argitu behar da. 

 

Zergekin jarraituz... Diputazioak hiritarren jabetzei katastroan ematen dien balioa, eta ondorioz kobratzen dien zerga, puztuta dago? Hau da, ordaindu beharko luketena baino gehiago ordaintzen dute hiritarrek?

Ni ez naiz ausartzen esatera zergak puztuta dauden edo ez, baina balore katastralak puztuta daudela, hori ziur. Egunero dauzkagu horren lekukotzak. Jendea dator esanez bere etxearen balore katastrala, demagun, 180.000 eurokoa dela, baina 120.000 eurogatik saldu duela. Hori oso gutxitan gertatu da historian: balore katastralak beti egon izan dira merkatuaren balioaren azpitik, eta horregatik plusbalia ez da inoiz arazo izan. Balore katastralak 2005ean kalkulatu ziren, baina gaur egungo prezioak 1999koak dira, gutxi gora behera. Gainera, teorian legeak hori ukatzen du, balore katastrala  ezin da egon merkatuko balioaren gainetik. Baina gertatzen ari da, eta beraz eguneratu behar dira. 

 

Gazteen lonjak arautzeko ordenantza proposamena egin zenuen ere aspaldi, baina aurreko gobernuak kaxoi batean gorde zuela dirudi...

Ordenantza hori ez zen bat-batean onartzeko egin.  Onartuko da gauzak egonkortzen direnean, gero eta gehiago direlako araudi bat eskatzen duten ahotsak: batetik, gazte askok eskatzen dute, babesgabe sentitzen direlako askotan bizilagunen kexen aurrean edo lapurreten aurrean; bizilagunek ere eskatzen dute, eta baita gurasoek ere. Guk prestatu genuen ordenantzak filosofia berezia du, eta ez dago halakorik Euskal Herrian. 

 

Zergatik da berezia?

Gazteei zuzenduta dago, modu errealean. Ez da deklarazio politiko bat. Gazteen hizkera erabiltzen du, bideojoko baten arauen antzeko hizkerarekin.

 

Udan gaude, eta terrazaz josita dago Gasteiz. Kaletik paseatzen, hutsegite asko ikusten dituzu? Isunik ez da jarri, ezta?

Hutsegiteak baino, gehiegikeriak denok ikusten ditugu. 2013an sartu zen indarrean araudia, eta erdipurdi aplikatu da. Legalizazio prozesuak egon dira, baina ez da zigorrik jarri, eta zigorrik ez jartzeak nor kaltetzen du? Legez jokatu duena. Hori konpetentzia desleiala da, lizentzia eskatu ez duenak ez duelako tasarik ordaintzen eta gainera ez duelako isunik ordaintzen. 2015ean arazoa konpontzen hasi da, eta zortzi espediente ireki dira dagoeneko. Ez da espazioaren ordenazio kontu bat. Arazoa da, gehiegizkoak direnean, terrazek kalteak eragiten dizkietela bizilagunei eta oinezkoei. Hiritar batek ohartarazi zigunez, esaterako, etxebizitzen fatxadara itsatsita dauden mahiek arazoak sortzen dizkiete itsuei, fatxadak erabiltzen dituztelako kokatzeko eta bidea segitzeko. Zaratengatik eta jende andana izugarriagatik ere kexak ditugu. 

 

Udako gaiekin jarraituz, piszinetako karnetan unibertsitate ikasleei deskontua aplikatzeko modua ez dela logikoa ohartarazi duzu. 

Gazteentzat hobariak, kirol mailan, ez daude logikan oinarrituta. Esaterako, gehienez Gasteiztik 100 kilometro baino gehiagora ikasten dutenentzat hobaria dago; aldiz, 100 kilometrotik beherako campusetan daudenentzat ez dago, baina beste autonomia erkidego batzuetakoei bai... eta abar. Bestalde, Lanbide Heziketako ikasleek ezin dute hobaria eskatu... Hutsune asko daude eta, horregatik, hobari hori orokortzearen alde gaude. 

 

Alegia, gazte guztientzat deskontua proposatzen duzue?

Hori da, desberdintasunik sortu gabe eta akaso baldintzaren batekin edo beste, baina kontuan izanik 18-24 urte bitarte horretan inor gutxi dela aberats. 

 

Iruditzen zaizu Gasteizen gizarte arloan zenbait arlotan atzera egin dugula?

Ez dakit Gasteizko kontua bakarrik ote den: Euskadi mailan, uste dut krisi honetan tipoa txukun samar mantendu dugula, gizarte osoaren ahaleginari esker, ez bakarrik instituzioen eginkizunagatik, eta gorabeherak aparte.

 

Gorabehera horietako bat Diru Sarreren Bermerako Errenta izan al da?

Eztabaida hori ez zen modu egokian planteatu, eta uste dut diru laguntzen defentsa suharra egin dugunok ere autokritika egin behar dugula. Gizartean badago iruzur ustearen iritzi hori,  eta hori zertan den argitzeko lan egin behar dugu. Ahots asko altxatu da hori azaltzeko, baina beste mezua askoz errezagoa da jasotzen: besteak, nire diferente denak, iruzur egiten duela. Alde horretatik, prentsan agertu diren azken iruzur kasuek ez dute batere laguntzenm ez direlako iruzur administratiboen kasuak, delituak baizik; pasaporteen faltsutzeak. Zer punturaino kontrola dezake Lanbideko langile batek dokumentu publiko bat faltsua dela? Horiek delitu antolatuak dira, eta zerikusi gutxi dute iruzur administratiboekin, diru-sarrerak beltzean izatearekin edo datuak ezkutatzearekin. Txikikeriak dira beste horren aurrean. 

 

Kexa ugari iristen zaizkizu bulegora, baina sindiko bezala, Udalari egiteko eskakizunak dituzu ere?

Guk beti fede onez jokatzen dugu, eta oinarrian gure inpartzialtasuna dago, eta gure gomendioak eztabaidagarriak izango dira, baina beti oinarri sakon bat dute. Beraz, datorren gobernuari eskatuko nioke gomendio horiekiko ikuspegi menezkoagoa izatea. 

 

Kasu gehiago egitea eskatzen diozu Udalari orduan...

Guk ez ditugu erabakiak hartzen, guk gomendioak ematen ditugu, eta ez gaude kexati gure influentzia mailarekin, baina gomendioak gehiago kontuan edukitzeko eskatuko nuke, batzutan Udalaren teknikarien kontra ere. 

 

189 orrialdeko txosten horretatik, zein desagertu daiteke hurrengo memorian?

Plusbaliaren arazoa konponduko dela uste dut, baina beste bat aipatzearren: garbiketa zerbitzu berriak bizilagunei eragozpen gutxiago eragitea nahiko nuke. Makineria oso zaharkituta dago eta zarata handia egiten du. Gaur bertan kaskoekin etorri naiz, eta ezinezkoa zen ezer entzutea. 

 

Zer entzuten etorri zara?

La linterna de Diogenes irrati programa. Beti diskurtsoak eta hitzaldiak entzuten ditut, gai politikoak edo historiari buruzkoak. Podcastak. 

 

 

Egilea: Itsaso Estarrona

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago