Swing sukarra

hirinet 2015ko uzt. 27a, 02:00

Udarekin batera, eguraldi ona, terrazak gainezka, izozkiak… eta musika nonahi. Azken asteetan, jazza izan da nagusi  gurean, baita swing musikaren doinu alai eta dibertigarriekin batera  etenik gabe dantza egiten duten lindyhoperoak ere. Lindy Hop dantza modan dago eta, dirudienez, geratzeko etorri da.

 

 

Swinga 20. hamarkadaren amaieran AEBetako Ekialdeko kostaldean sortutako jazz mota da, 30. hamarkadan goraldia izan zuena.  1929ko krisi ekonomikoaren ondoren jaio zen, Depresio Handiak eragindako atsekabeak ahazteko tresna gisa. Gure hiri berdera, berriz, orain dela hamar urte inguru heldu zen, akaso, negu luze eta hotzei errazago aurre egiteko antidoto bezala. Big Band-ek jo ohi dute, eta dantzatzerako orduan, hainbat estilo desberdin daude, baina guztietan ezagunena Lindy Hop dugu. Harlem auzoan sortu zen XX. mendean eta hainbat dantza mota desberdin batzen ditu: jazza, tap-a, breakaway -a eta Charleston-a.

 

Atzerritik gurera

Baina, nola heldu da dantza hau New Yorketik hona? Hasiera batean, Gasteizen hogei dantzari inguru zeudela gogoratzen du Judith Rivasek, Swingverguenzas elkarteko idazkariak. Eta pertsona hauen dantzatzeko grina posible egiteko eta, bide batez, swing-a hirian bultzatzeko orain bost urte sortu zuten elkartea. Gaur egun, musika hau dantzatzen dutenen kopurua izugarri hazi da. “Egun, gutxi gora-behera, 300 pertsona baino gehiago daude Gasteizen Lindy Hop-a dantzatzen”.

 

Horrekin, lindy hop-a ikasteko eta praktikatzeko aukerak ugaritu dira, besteak beste, Triple Paso, DameSwing eta Traspasos bezalako akademiek eskaintzen dituzten ikastaro eta jarduerei esker. Ateak zabaldu dituen azkena Savoy Swing Up kluba izan da. Eskaintza zabala da beraz. Honi gaineratu behar zaizkio urtean zehar hiriko taberna eta leku ezberdinetan antolatzen diren dantzaldiak eta topaketak. Haien artean Gastroswing-a dago, Swingverguenzas elkarteak urtero antolatzen duen jaialdia. Ekainaren lehen asteburuan ospatzen da beti eta aurten bosgarren edizioa izan da. Hainbat egunetan tailerrak, ikastaroak, bazkariak eta kontzertuak antolatzen dituzte swingaren bueltan eta pixkanaka arrakastatsu bilakatu da, nazioarte mailan ere. “Herrialde guztietatik dator jendea Swingaz gozatzera; AEBetatik, Zeelanda Berritik eta Alemaniatik, esaterako. Lehenengo Gastroswing-ean 80 pertsona inguru egon ginen eta aurten 500”, azaldu du Judithek. “Goi mailako atzerriko irakasleak ekartzen saiatzen gara eta oso harrera ona izan du beti jaialdiak”.

 

Klasean teknika ikasi behar da, baina gauza guztiak bezala, praktikan jartzea da funtsezkoa. Beste hainbat estilo ez bezala, Lindy Hop-a kalean ikus daiteke askotan. Gasteizko Jazzaldiaren esparruan Andra Mari Zuriaren plazako Dublin eta Virgen Blanca tabernetan ospatzen ziren kontzertuen aitzakian, esaterako, saio klandestinoak antolatu dituzte. “Tabernetan eta kalean antolatzen ditugun saioak dira. Eguraldi onarekin batez ere, musika ekipoa hartu eta kalera irteten gara dantzatzera”, zehaztu du elkarteko kideak. Erraza da beraz hiriko kaleetatik paseoan ibiltzean dantzari trebe hauek, beti bikoteka, egiten dituzten pausuez eta birez gozatzea. “Gero eta jende gehiago animatzen da ikastera”. Gainera, adina ez da traba eta dantzarien artean adin guztietako jendea topatuko dugu, aniztasuna nagusi. “Jende gaztea dago, 30 urte ingurukoak baina baita 60 urtekoak ere. Denetarik. Dantza hau gustuko izatea da baldintza bakarra”.

 

 

Bikotean

Aniztasun hau agerian geratzen da kalean klandestino batekin topo egiten duzunean. Amaia Maestre  Andra Maria Zuriaren plazan topatu genuen, O Sister bandaren doinura dantzatzen. Amaiak hiru urte daramatza Lindy Hop-a ikasten: “Kalean ikusi nuen jendea dantzatzen eta gustatu zitzaidan, orduan begiratu nuen non ematen zituzten klaseak eta izena eman nuen”. Ohikoa da Amaiak hartu zuen bide hura hartzea, izan ere, jendea horrela bihurtu dalindyhopero. Marta Lopez de Subijanari, esaterako, orain lau urte gertatu zitzaion: “Lankide batek gonbidatu ninduen ikastaro trinko bat egitera eta horrela hasi nintzen, kasualitatez”. Guztiek diote swingak harrapatzen zaituela. Jonko, esaterako, musikaria da lanbidez eta dantzatzeko koordinaziorik ez zuela uste zuen hasieran, “baina kalean dantzariak ikustean, probatzeko grina sartu zitzaidan”. Ondoan du bere klasekidea Iñaki Gauna, bioi orain urte bete sartu zitzaien lindy-aren ziztada eta diotenez, “ez da zaila berez, ezta erraza ere, hasieran asko praktikatu behar da erritmoa hartu arte”. Izan ere, musikaren erritmoan gorabehera asko daudela azaldu du Iñakik, “eta orduan pausuak horretara moldatu behar dituzu”. Koordinazioa izatea ere garrantzitsua da, kontuan hartu behar baita Lindy Hop-a bikotean dantzatzen dela. “Leader bat dago, bikotea gidatzen duena eta besteafollower-a da, hots, jarraitzen duena”, zehaztu du Amaiak. Ikastaroetan ez da beharrezkoa bikotekidea eramatea baina bai gomendagarria. “Nire bikotea konbentzitu nuen ikastaroetan izena emateko . Asko kostatu zitzaidan baina orain eskertzen dit”, aitortu du Iñakik, barre artean.

 

Komunitate indartsua

Halarik ere, klandestinoetan, saio informalagoak izanik, bikote aldaketak ohikoak izaten dira, dantzari ezberdinen arteko harremanak trinkotuz.

 

Horrela, bikotean dantzatu bai, baina jarduera honen inguruan sortzen den giroa “ederra” dela diote. “Oso soziala da. Klaseak ostegunetan ditugu eta gero pintxo-potea hartzen dugu”, dio Jonkok. Izan ere, swing sukarra sufritzen dutenek komunitate estua sortu dute Gasteizen. “Sekta moduko bat bihurtu garela esan daiteke”, dio txantxetan Cristina Jarillotek. Bederatzi urte daramatza swinga dantzatzen, ez bakarrik Espainian, nazioarte mailan ere. “Elkarrekin bidaiatzen dugu atzerrira, festibaletara eta beste hainbeste lekutara. Oso komunitate irekia gara eta, azkenean, alaitasuna transmititzen duen dantza da”.

 

Diotenez, swing sukarra kutsakorra da, behin hasita ez dago oinak geldirik uzteko modurik. Gasteizen ziztu bizian zabaltzen ari da, gero eta gehiago baitira hirian dantza hau praktikatzen eta bultzatzen dutenek gasteiztarren eskura jartzen dituzten aukerak. Aitzakiarik ez, beraz, jazz doinu hauekin ez mugitzeko.

 

 

 

 

Egilea: Ania Ibañez. Arabako ALEA

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide