‘Jaietan EZ OILARSAURIORIK EZ LOROLAPARIK, gozatu eta errespetatu. ERASO SEXISTARIK EZ!’ lelopean, “’kanpainak oharkabean geratzen diren jarrera sexistei erreparatu” nahi diela azaldu dute.
Kanpaina aurkeztu eta berehala, Arabako emakumeen Asanbladak eraso sexistak “haurren jokoak” ez direla adierazi du eta eraso hauei aurre egiteko protokolo “serio” bat egiteko eskatu dio udalari. Zentzu honetan, EH Bildu udal taldeak ere jaietako eraso sexisten aurrean udal protokoloa oinarria izatea eskatu du. “Emakume eta kolektibo feministek espresuki eskatutakoarekin bat egin dugu. Funtsean, eraso edo mehatxu sexista baten aurrean jarraitzeko zenbait arau biltzen dituen euskarri grafiko erraz bat da. Udalerriko ostalarien, blusa eta nesken koadrilen eta txosnen artean banatuko beharko lirateke aholku horiek”. Horrez gain, aipatutako kanpaina hau modu okerrean planteatuta dagoela uste du udal taldeak. Ane Aristi zinegotziaren esanetan, “Eraso sexistei ez zaie txapekin, txanoekin eta gure maskota lagunekin soilik aurre egiten, gobernuak proposatu duen bezala. Emakumeok ez gara adin txikikoak eta honelako gai sakon bat ezin da adin txikikoentzat bilakatu”. kanpaina honen oinarria protokoloa bera izan behar duela gaineratu du.
Udalaren kanpaina
Datozen egunetan kanpaina mugikorra egingo da, hirian zehar bi bizitaxi ibiliko baitira kanpainaren lema erakutsiz, abuztuaren 5etik 9ra arte. Abuztuaren 4an, Zeledonen jaitsieraren aurreko orduetan, kanpainaren irudiak eta esloganak daramatzaten 1.500 txano eta 3.000 txapa banatuko dira San Frantzisko aldapan, Aiztogile kalearekiko kantoian.
Ostalaritza areto ugarik eta Gasteiz On merkataritza elkarteak ere lagunduko dute kanpainan: beren lokaletan kanpainaren irudia daramaten panelak jarriko dituzte, eta biniloak komunetako ispiluetan, neska-mutilek argazkiak egin ditzaten eta kanpainaren espiritua sare sozialen bitartez partekatu dezaten. Gainera, jaien aurretik, neska eta mutilentzako sakelako gida batzuk banatuko dira, eraso sexistak antzeman eta horiei aurre egiteko informazioa eta baliabideak emateko.