Gasteizko toponimoak jasotzen jarraituko du Euskaltzaindiak, udalarekin sinatu berri duen hitzarmenari esker

hirinet 2015ko uzt. 23a, 02:00

Gasteizko Udalak eta Euskaltzaindiak urte beteko iraupena duen hitzarmena sinatu zuten atzo, zehazki, Gorka Urtaran alkateak eta Euskaltzaindiko Andres Urrutia euskaltzainburuak.

 

Egiteko nagusia Gasteizko Toponimia egitasmoarekin jarraitzea izango da, izan ere, aurten bertan argitaratuko da bosgarren liburukia. Horrez gain, hitzarmenaren bidez, Euskaltzaindiak aholku emango dio Udalari euskararekin lotutako gaietan, eta hizkuntza babesten, zaintzen eta sustatzen jarraituko du. Orobat, kultur zabalkunderako jarduerak, ikastaroak eta hitzaldiak egingo ditu.

 

Esan bezala, 1996.urtean abian jarri zen Gasteizko Toponimia egitasmoa garatzen jarraitzea izango da lan nagusia. Proiektu honen helburua Gasteizko udalerriko toponimo guztiak sistematikoki jasotzea da, hots, galduta edota desitxuratuta dauden toponimo ugariak berreskuratzea. Patxi Salaberri Zaratiegi euskaltzaina da egitasmoaren zuzendaria eta Elena Martinez de Madina teknikaria.

 

Gasteizko udalerriak hiria bera eta 64 herrixka hartzen ditu. 400.000 toponimo-erregistroz osaturiko datutegian oinarritzen da ikerketa, eta bi urtetik behin liburuki bat argitaratzen da “"Onomasticon Vasconiae" bilduman. Orain arte lau liburuki argitaratu dira: Gasteizko Toponimia I / Toponimia de Vitoria I (Ciudad / Hiria); Gasteizko Toponimia II / Toponimia de Vitoria II ( Malizaeza); Gasteizko Toponimia III, Gasteizko Ubarrundia/ Toponimia de Vitoria III, Ubarrundia de Vitoria eta Gasteizko Toponimia IV, Langraiz/ Toponimia de Vitoria IV, Langraiz.

 

Hurrengo helburua Gasteizko Toponimia V, Arratzua I/ Toponimia de Vitoria V, Arratzua I izeneko liburukia argitaratzea da. Ondo bidean, liburukia aurtengo udazkenean aurkeztuko da.

 

Gasteizko Arratzua merindadeko herriak 20 dira. Udazkenean aurkeztuko den lehenengo liburuki horretan, sei baino ez dira aztertuko: Arkaia, Arkauti, Betoñu, Elorriaga, Gamiz eta Otazu. Gainerakoak aurrerantzean argitaratuko diren bi liburukitan bilduko dira. Hori dela eta, egitasmoaren fase honi Arratzua I izena jarri zaio.

Bestalde, Patxi Salaberri Zaratiegiren zuzendaritzapean, 2015ean bertan, Gasteizko Toponimia VI, Arratzua II/ Toponimia de Vitoria VI, Arratzua II liburukia lantzeari ekingo dio Elena Martinez de Madinak. Bigarren horretan, Aberasturi, Andollu, Argandoña, Askartza, Bolibar, Uribarri Nagusia/ Ullibarri De Los Olleros eta Villafranca aztertuko dira.

 

Udalak 63.000 euro jarriko ditu, Euskara Zerbitzuaren aurrekontutik.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago