51 ekoizle eta aspaldiko traktoreen ibilaldia hirian izango dira Santiagoko Nekazaritza Azokaren erakargarri nagusiak

hirinet 2015ko uzt. 23a, 02:00

Santiago egunean ospatuko den Nekazaritza Azokan 51 ekoizle izango dira, Araba osoko 22 produktu mota ezberdinekin, besteak beste, olioa, hestebeteak, barazkiak, gaztak, gozokiak, ogia, txakolina eta Arabako Errioxako ardoak.

 

Aurten ere unibertsitate esparruan egingo da azoka eta helburu bezala nekazari eta abeltzainen produktuak eta egiten duten lan ona herritarrengana hurbiltzea izango du . Honekin batera, salerosketarako eta merkaturatzeko gunea izango da.

 

Bestelakoak ere izango dira azokan: lantegiak eta familia nekazaritza, zaporearen laborategia, Slow Food Arabak antolatu duena karpa nagusian, eta sari banaketak egongo dira azokaren amaieran. Kultura eta gastronomia jarduera horien helburua da haur eta helduak murgiltzea elikagai eta zaporeen dastatzean eta balioestean.

 

Urtero bezala, ganadu erakusketa ere izango da. Aurten hamabost ganadu arraza aurkeztuko dira, Arabako ustiategietan erabilienak. 128 abelburu egongo dira ikusgai guztira eta horietatik hamaika arraza bertakoak izango dira. Aurtengo berritasuna Euskal Txerria arraza izango da eta beste arraza batzuk sendotuko dira, hala nola, Euskal oiloak eta azpi gorri ahuntzak edo sasiardiak. Bestalde, APIAL elkarteak erlezaintza jarduera oso modu didaktikoan azalduko du.

 

Asociación alavesa de Maquinaria Antigua elkarteak azoka esparruan ikusgai izango diren makinak hirian zehar aterako ditu. Aspaldiko sei traktore eta nekazaritzarako kamioi eta orga bana Betoñutik irtengo dira eta ilaran ibiliko dira Gasteiz erdiguneko zenbait kaletan.

 

Azokak hizkuntza normalizazioaren aldeko osagai bat ere hartu nahi izan du barnean, hain zuzen, Arabako Foru Aldundiko Euskara eta Nekazaritza sailek euskararen erabilera sustatzeko abian jarri duten “Giro Onean” kanpainaren eskutik.

 

Santiagoko Nekazaritza Azokaren eskaintza osatzeko, unibertsitate baratzea, UAGA elkartearen baratze puzgarria eta artilea iruteko eta txalaparta lantegiak ere izango dira bertan.

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago